Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 3. Igandea (B)
EBANJELIOA
Bihozberri
zaitezte eta sinetsi berri ona.
+ Jesu
Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 14-20
Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero,
Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen.
Honela zioen:
- «Betea da garaia, eta gainean duzue
Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».
Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar
zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen,
arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale
egingo zaituztet».
Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Aurreraxeago, Santiago
eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren
beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo
eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.
Jaunak esana.
HOMILIA
2015ko urtarrilaren 25a
JESUSEN
ONDOREN JOAN
Joan Bataiatzailea atxilotu
zutenean, Galileara joan zen Jesus eta «Jainkoaren Berri Ona hots egiten» hasi
zen. Markosen arabera, ez da ari preseski doktrina irakasten, ikasleek ikasi
eta zuzen zabal dezaten. Gertatzen
ari den gertaera bat ari da hots egiten Jesus. Gertaera hori bizitzen ari da
bera, eta guztiekin partekatu nahi du bere esperientzia.
Honela
laburtu du Markosek mezu hori: «Bete da epea»: ez da jada zertan jarri atzera
begira. «Hurbil da Jainkoaren erregetza»: hain juxtu, mundua gizatarrago egin
nahi du. «Bihotz-berri zaitezte»: ezin jarraitu duzue ezer gertatzen ari ez
balitz bezala; aldatu zeuen pentsaera, zeuen jarduera. «Sinetsi Berri On hau».
Entzun dezakezuen berririk onena duzue Jainkoaren asmo hau.
Hotsandiko laburpen hau egin
duelarik, lankide bila hastea izan da Jesusen lehenengo egintza, bere asmoa
gauzatu ahal izateko. Jesus «Galileako aintziraren inguruan dabil». Ekin dio bere bideari.
Profeta ibiltaria da, jarraitzaile bila dabil, haiekin ibilaldi zirraragarri
bat egiteko: Jainkoaren erregetzarentzat bideak urratuz bizi. Jesus ez da bere
katedran eseria dagoen lege-maisua, erlijio-eskola bat moldatzeko ikasleak
etorri zain dagoena. Kristau izatea ez da doktrina bat ikastea, baizik Jesusi
jarraitzea, haren bizi-asmoari atxikiz.
Jesus da beti ekimenari ekiten
diona. Hurbildu, lau arrantzale haiei begira jarri eta beren bizitzari beste
norabide bat ematera egin die dei. Jesusen esku-hartzerik gabe, ez da jaio
sekula egiazko kristaurik. Fededunok sinesmen handiagoz bizi behar dugu
Kristoren presentzia bizia eta gutako bakoitzari egiten dion begiratua. Hura
izan ezean, nork eman gure bizitzari beste norabide bat?
Baina gauzarik erabakigarriena
nork bere barruan haren deia entzutea da: «Zatozte nire ondoren». Ez da gauetik
goizerako eginkizuna. Dei hori entzuteak Jesusekiko konfiantza iratzartzea esan
nahi du, harekiko atxikimendu pertsonala biziagotzea, haren egitasmoan uste ona
izatea, haren egitarauarekin bat egitea, haren jarrera geugan berregitea...;
horrela, haren egitasmorako jende gehiago irabazteko.
Honako hau izan liteke gaur egun
ikurritz bat kristau-elkarte batentzat: Jesusen ondoren joan. Guztien buru hura
ezarri. Igandero gogoratu hura, gure aurretik doan lider gisa. Beste dinamika
bat sortu. Jesukristori hurbilagotik jarraitzea jarri erdigunetzat. Gure
kristau-elkarteak egiaz eraldatuko lirateke. Beste bat izango litzateke Eliza.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko urtarrilaren 22a
POSIBLE DA BESTE MUNDU BAT
Ez
dakigu ziur zein erreakzio izan zuten Bataiatzailearen ikasleek Herodes
Antipasek beren maisua Makeronteko gotorlekuan preso sartu zienean. Badakigu
zein erreakzio izan zuen Jesusek. Ez zen ezkutatu basamortuan. Ezta Nazareteko
bere familiartekoen artean ere. Galileako herrixketan barna hasi zen mezu
berezia eta harrigarria hots eginez.
Markos
ebanjelariak honela laburtu du: «Galileara joan zen Jainkoaren Berri Ona aldarrikatuz».
Jesusek ez du errepikatu Bataiatzailearen predikua, ez da mintzo Jordaneko
haren bataioaz ere. Berri eta on bezala aldarrikatu du Jainkoa. Hori du bere
mezua.
«Bete
da epea». Israelen
bizi duten itxarote-aldia bukatu da. Bukatu da Bataiatzailearen aldia ere. Aro
berri bat hasi da Jesusekin. Jainkoak ez gaitu bakarrik utzi nahi geure
problema, sufrimendu eta erronken aurrean. Gurekin batean gizatasun handiagoko
mundu bat eraiki nahi du.
«Hurbil
da Jainkoaren erreinua». Besterik ez
bezalako ausardiaz, jende guztia harriarazi du Jesusek, inongo profeta ausartu
ez zen zerbait iragarriz: «Hemen da Jainkoa, bere indar
zuzentasun-sortzailearekin, gure artean errege nola izango». Presentzia on eta
adiskidetsu bezala sentitzen du Jesusek Jainkoa, gure artera nola sartuko
dabilena, gure bizitza gizatasunez betetzeko.
Horregatik,
Jesusen bizitza osoa esperantzarako deia da. Bada beste aukerarik. Ez da egia
historiak lurreko boteretsuek trazatzen dioten injustiziaren bidean ibili behar
duela ezinbestean. Posible da beste mundu zuzenago eta haurridetsuago bat. Alda
dezakegu historiaren ibilbidea.
«Bihotz-berri
zaitezte». Jada
ezinezkoa da bizitzea ezer gertatzen ari ez balitz bezala. Lankide izateko
eskatzen die Jainkoak bere seme-alabei. Horregatik egin du Jesusek oihu: «Aldatu
zeuen pentsaera eta jarduera». Pertsonek behar dugu aldatu lehenik. Jainkoak ez
du ezer ezartzen indarrez, baina beti ari da zirika gizatasun handiagoko
bizitza egin dezagun.
«Sinets
ezazue Berri On honetan». Har ezazue
aintzat. Esna zaitezte axolagabe izatetik. Eragin zeuen energiari. Sinetsi
mundua gizatar egin daitekeela. Sinetsi Ebanjelioaren indar askatzailean.
Sinetsi daitekeena dela eraldatzea. Itsatsi munduan konfiantza.
Zer
egin diogu Jesusen mezu liluragarri hori? Nolatan ahaztu ahal izan dugu?
Zerekin trukatu dugu? Zertan ari gara trabaturik, lehenengo gauza «Jainkoaren
erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea» bada? Nolatan bizi gintezke lasai,
ikusiz gizadia ezabatzen ari dela bakeaz eta zuzentasunaz betea den Jainkoaren
egitasmo kreatzailea?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko urtarrilaren 25a
Izenburua
(2015ko urtarrilaren 25en homilia
ikusi)
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.