lunes, 9 de marzo de 2015

2015/03/15 - Garizumako 4. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 4. Igandea (B)


EBANJELIOA

Jainkoak bere Seme bakarra emon deutso munduari, haren bitartez bizia izan dagian.
Dios mandó su Hijo al mundo para que el mundo se salve por él.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 14-21

Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, 15 harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
16 «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. 17 Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik. 18 Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan. 19 Hauxe da kondenaren arrazoia: argia mundura etorria dela eta gizakiak ilunpea maiteago izan duela argia baino, beraren jokabidea gaiztoa delako. 20 Izan ere, gaizki jokatzen duenak gorroto dio argiari, eta ez da hurbiltzen argitara, beraren jokabidea agerian geldi ez dadin. 21 Egiaren arabera ari dena, ordea, argitara hurbiltzen da, beraren egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak direla ager dadin».

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko martxoaren 15ea

JAINKOAK MUNDUA MAITE DU

Ez da edozein esaldi. Ez dira Ebanjeliotik ezaba daitezkeen hitzak, garrantzizko zerbait aldatu gabe. Kristau-fedearen funtsezko muina biltzen duen baieztapena da. «Hartaraino maite izan zuen Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitzuen». Jainkoaren maitasun horixe da gure esperantzaren jatorria eta oinarria.
«Jainkoak mundua maite du». Den bezalakoa maite du. Bukatu gabea eta ziurtasunik gabea. Gatazkaz eta kontraesanez betea. Hoberenerako eta okerrenerako gai dena. Mundu hau ez doa bakarrik bere bidean, ez dabil galdurik eta babesik gabe. Jainkoak bere maitasunaz inguratua du, lau aldeetarik. Inportantzia handiko ondorioak ditu horrek.
Lehenik eta behin, Jesus, beste ezer baino lehen, Jainkoak munduari, eta ez kristauei bakarrik, egin dion «erregalua» da. Ikertzaileak hor jardun daitezke ezbaian, munduaren azkeneraino, Jesusen irudi historikoaren mila alderdiren inguruan. Teologoek hor jarrai dezakete teoriarik zorrotzenak bilbatzen. Jainkoaren erregalu handitzat hartuz, Jesukristori hurbiltzen zaionak bakarrik aurkitu ahal izango du haren keinu guztietan, zirraraz eta pozik, Jainkoak gizakiarekiko bizi duen hurbiltasuna.
Bigarren. Hau da Elizaren izateko arrazoi bakarra, hura munduan izatea zuritzen duen arrazoi bakarra: Jainkoaren maitasuna gogoraraztea. Behin eta berriz errepikatu du hori Vatikano II.a kontzilioak «gizon-emakume guztiei Jainkoaren maitasuna agertzera eta komunikatzera bidali du Kristok» Eliza. Ez da joan-etorri handiagoko gauzarik. Jainkoaren maitasun hori gizakiei adieraztea da lehenengo egitekoa.
Hirugarren. Ebanjelariaren arabera, Jesus emanik Jainkoak munduari egin dion erregalu handi hori, «ez da mundua juzgatzeko, baizik haren bidez mundua salba dadin». Oso arriskutsua da mundu modernoaren salaketa eta gaitzespena egitarau pastoral bihurtzea. Guztiekiko maitasunez bihotza beterik bakarrik gonbida dezakegu elkar bihotz-berritzera. Jendeari ikusarazi nahi badiogu Jainkoak gaitzetsia dela, ez gara ari Jesusen mezua eskualdatzen, beste zerbait baizik; agian, geure erresumina eta amorrua.
Laugarren. Dena nahasia, ziurtasunik gabea eta gogo-galtzailea dela eman duen honetan, ezerk ez digu eragozten munduan maitasun-apur bat ereitea. Horixe egin zuen Jesusek berak. Ez da zertan egon ezeren zain. Zergatik ez dute izan behar gaur egun gizon eta emakume onak, gure artean sufritzen ari direnekiko maitasuna, adiskidetasuna, errukia, zuzentasuna, sentiberatasuna, laguntasuna... ereingo dutenak? Horiek dira ari eraikitzen Jesusen Eliza, maitasunaren Eliza.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko martxoaren 18a

GURUTZILTZATUARI BEGIRA

Jesusek Nikodemo izeneko fariseu sonatu batekin izan duen topo egite berezia kontatu digu Joan ebanjelariak. Kontakizunaren arabera, Nikodemorena izan da ekimena: «gauez» Jesusengana joan da. Sumatu du «Jainkoagandik etorritako gizona» dela Jesus; baina ilunpean dabil. Argira bideratuko du Jesusek.
Jesus benetan aurkitu duen oro ordezkatzen du Nikodemok kontakizun honetan. Horregatik, halako batean, Nikodemo ezkutatu egin da pasadizotik eta bere hitzaldia jarraitu du Jesusek, mundu guztia gonbidatuz, ilunpean bizi ez dadin, baizik eta argi bila ibil dadin.
Jesusen arabera, gauza guztiak argitu ditzakeen argia Gurutziltzatuagan dago. Ausarta da baieztapena: «Hartaraino maite du Jainkoak mundua, non bere Semea eman baitu, harengan sinesten duen inor gal ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan». Sumatzen eta sentitzen ahal dugu Jainkoaren maitasuna gurutzean torturatu duten gizon horrengan?
Haurtzarotik gurutzea nonahi ikusten ohiturik, ez dugu ikasi Gurutziltzatuaren aurpegiari fedez eta maitasunez begiratzen. Gure begiratu zabarra ez da gai aurpegi horretan argia ikusteko: momenturik latzenetan eta zailenetan gure bizitza argitzen ahal lukeen argia ikusteko.
Alabaina, bizi- eta maitasun-seinaleak bidaltzen ari zaigu Jesus gurutzetik. Jada haurrak ezin besarkatu dituzten beso luzatu horietan, eta lepradunak ezin ferekatu, gaixoak ezin bedeinkatu dituzten esku iltzatu horietan, Jainkoa dago, besoak zabalik, gure bizitza pobre hau, hainbat sufrimenduk hautsia den hau, onartzeko, besarkatzeko eta sostengatzeko prest.
Heriotzak itzali duen aurpegi horretatik, bekatariei eta prostitutei jada txeraz ezin begiratu dien begi horietatik, hainbat abusu eta injustiziaren biktima direnei bere haserrea jada ezin agertu dien aho horretatik, gizadiari dion bere «maitasun zoroa» agertzen ari zaigu Jainkoa.
«Jainkoak ez du bidali mundura bere Semea mundua juzgatzeko, baizik Semearen bidez mundua salba dadin». Jainko hori onar dezakegu nahiz zapuztu. Ez gaitu inork behartzen. Geurea dugu erabakia. Baina «Argia etorria da jada mundura». Zergatik zapuzten dugu hainbatetan Gurutziltzatuagandik datorkigun argia?
Hark jar lezake argia bizitzarik zoritxarrenekoan edo porrotik handienekoan; baina «okerra dagiena… ez da hurbiltzen argira, bere egintzek akusa ez dezaten». Duintasun eskasez bizi garenean, argiari ihes egiten diogu, Jainkoaren aurrean gaizki sentitzen garelako. Ez dugu jarraitu nahi izaten Gurutziltzatuari begira. Alderantziz, «egia egiten duena, argira hurbiltzen da». Ez du ilunera ihes egiten. Ez du ezer ezkutatzekorik. Gurutziltzatuari begira nola egongo dabil. Eta argian bizi ahal izatea ematen dio hark.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko martxoaren 22a

JAINKOAK MUNDUA MAITE DU

(2015eko martxoaren 15ea homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.