Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Garizumako 5. Igandea (B)
EBANJELIOA
Gari-alea, lurrean
sartu eta hiltzen bada, fruitu asko ematen du.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Joanen liburutik 12,20-33
Egun haietan, jaietan Jainkoari kultu ematera
joan zirenen artean baziren greziar batzuk . Hauek Galileako Betsaidako
Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi
genuke».
Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek,
Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten. Jesusek erantzun zien: «Iritsi
da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua. Bene-benetan diotsuet:
Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da;
hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu
egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako
gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen
tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena Aitak ohoratu
egingo du.
«Larri dut orain neure barrua. Baina zer
esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe,
honetarakoxe etorri bainaiz! Aita, azaldu zeure aintza!»
Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu
dut, eta berriro ere azalduko dut».
Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik,
trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.
Jesusek adierazi zuen: «Ahots horrek ez du
niretzat hitz egin, zuentzat baizik. Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe
galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak. Eta nik, lurretik jasoko
nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».
Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen
adierazi zuen.
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko martxoaren 22a
GURUTZILTZATUAK ERAKARRI
«Greko»-talde
bat, paganoak seguruenik, Jesusengana hurbildu dira, eskari miresgarria eginez:
«Jesus
ikusi nahi genuke». Berri eman diotenean, Jesusek solasaldi biziaz
erantzun die, bere bizitzaren zentzu sakona laburtuz. Iritsia da ordua.
Guztiek, judu eta greko, sumatu ahal izango dute laster haren bizitzak eta
haren heriotzak biltzen duten misterioa: «Ni lurretik jasoko nautenean, guztiak
erakarriko ditut neugana».
Jesus
gurutzean jaso eta Golgotan gurutzean agertuko denean, guztiek ezagutu ahal
izango dute Jainkoaren ezin ulertuzko maitasuna, konturako dira ezen maitasuna
dela Jainkoa eta maitasuna soilik gizaki ororentzat. Gurutziltzatuak
erakarririk sentituko dira. Harengan Jainkoaren Misterioa erarik gorenean
agerturik ikusiko dute.
Hartarako, jakina, erospenaren
doktrinaz hitz egiten entzun izana baino zerbait gehiago beharko da. Aste
santuko elizkizun erlijioso batera joan izana baino zerbait gehiago. Geure
barne-begiak Jesusengan behar ditugu jarri eta hunki gaitzan utzi, sumatzen
dugularik gurutze hori egunez egun egindako bizitzaren azken keinua dela
guztientzat mundu gizatarragoa egiteko. Bere salbazioa Jainkoagan aurkituko
duen mundu gizatarragoa.
Baina, seguruenik, orduan hasiko
gara Jesus zinez ezagutzen: Aitari egin dion erabateko buru-eskaintzak eta
haren seme-alabentzat bizitza zoriontsuagoa eskuratzeko jasan duen nekaldiak
erakarririk, Jesusen beraren deia, era ahulean bada ere, entzunen dugunean:«Nire
zerbitzari izan nahi duena betor nire ondoren, eta ni nagokeen lekuan, han
egonen da nire zerbitzaria ere».
Jesusen «zerbitzari izatean» du
guztiak bere jatorria, haren eginkizunean lankide izatean, soilik haren
egitasmorako bizi nahi izatean, haren urratsei jarraitzean, agertzeko, modu
askotan eta keinu ia beti pobrez, nola maite gaituen Jainkoak guztiok. Orduan
hasiko gara haren jarraitzaile bilakatzen.
Hona zer esan nahi duen haren
bizitzan eta haren zorian bat egiteak: «ni nagokeen lekuan, han egonen da nire
zerbitzaria ere». Hori da kristau izatea: Jesus zegoen lekuan egotea,
hark egiten zuenaz arduratzea, hark zuen helmuga bera ukaitea, hura egon zen
bezala gurutzean egotea. hura dagoen bezala egun batean Aitaren eskuinean
egotea.
Zer-nolakoa izango ote litzateke
Gurutziltzatuak «erakarritako» Eliza, soilik haren «zerbitzari» izateko
gogoak eragina balitz, hark esku artean zituen gauzez arduratuko balitz? Zer-nolakoa
izango ote litzateke Eliza, jendea Jesusengana erakarriko lukeena izango
balitz?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko maetxoaren 25a
JESUS
ERAKARGARRI
Juduen Pazkoa ospatzera etorriak
diren erromes greziar batzuk Feliperi hurbildu zaizkio, eskean: «Jesus ikusi
nahi genuke». Ez da ikusmina. Jainkoaren gizon horregan nabari duten misterioa
sakon ezagutu nahia da. Berei ere on egin diezaieke.
Kezkaturik ageri da Jesus. Egun
batzuk barru gurutzean josiko dute. Erromes greziarren gogoa jakitera eman
diotenean, hitz nahasgarriak jaulki ditu: «Iristear da Gizonaren Semea
aintzatua izango den ordua». Gurutzean josiko dutenean, guztiek ikusi ahal
izango dute zertan den haren egiazko handitasuna eta aintza.
Segur aski, inork ez dio ezer
ulertu. Baina Jesusek, izango duen hiltzeko era gogoan duela, gehiago dio:
«Lurretik gora jasoa izango naizenean, guztiak neuganantz erakarriko ditut».
Zer du gurutziltzatu horrek, ezkutuan, jendea erakartzeko ahalmen hori izateko?
Gauza bat soilik: guztientzat duen maitasun sinetsezina.
Ikusezina da maitasuna. Soilik,
maite gaituen keinuetan, seinaleetan, buru-eskaintzan suma dezakegu.
Horregatik, Jainkoaren maitasun atzemanezina suma dezakegu Jesus
gurutziltzatuagan, egin duen buru-eskaintzan. Egia esan, Jesusek erakartzen
gaituela sentitzen dugunean bakarrik hasiko gara kristau izaten. Soilik,
Jainkoak maite gaituena sentitzen dugunean bakarrik hasiko gara fedeaz zer edo
zer ulertzen.
Jesusek, gurutzeko heriotzan
ezkutuan den indarra argitzeko, guztiek ulertu ahal dugun irudi xume hau
darabil: «Gari-alea lurrera erori eta hiltzen ez bada, agor geldituko da;
baina, hiltzen bada, fruitu asko emango du». Hiltzen bada, erne eta bizia
sorrarazten du aleak; baina, bere azalean bildurik, bere bizi-indarra beretzat
gordetzen badu, agor geldituko da.
Bizitza osoa misterioski biltzen
duen legea agertzen digu irudi eder horrek. Ez da arau morala. Ez da erlijioak
ezarritako legea. Maitasunak eraginda sufritzen ari denaren bizitza emankor
bihurtzen duen dinamika da. Jesusek behin eta berriz errepikatu izan duen ideia
da. Bere bizitzari era egoistan atxikitzen zaionak galbidean jartzen du;
eskuzabal ematen dakienak bizi gehiago sorrarazten du.
Ez da zaila hori egiaztatzea.
Buruan bere ongizatea, bere dirua, bere arrakasta, bere segurtasuna bakarrik
duen pertsonak bizitza erdipurdikoa eta agorra eginez bukatzen du: halakoak,
mundu honetan biziz, ez dio gehitzen bizitzari gizatasun-apur bat ere.
Alderantziz, jarrera irekiz eta bihotz zabalez bizitzera arriskatzen denak,
bizia zabaltzen du, poza distiratzen, bizitzen laguntzen. Ez da bizitzeko modu
kilikagarriagorik, gainerakoen bizitza gizatasun handiagoko eta eroangarriago
egitea baino. Nolatan Jesusi jarraitu, haren bizi-estiloa erakargarri sentitzen
ez badugu?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko martxoaren 29a
GURUTZILTZATUAK
ERAKARRI
(2015eko martxoaren 22a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.