lunes, 13 de abril de 2015

2015/04/19 - 3. Pazko Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

3. Pazko Igandea (B)


EBANJELIOA

Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela
eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 35-48

Denbora haietan, bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.
Hamaikak eta lagunak horretaz mintzo zirela, Jesus agertu zitzaien erdian eta esan zien: «Bakea zuei».
Beldur-ikaraz beterik, mamua ikusten zutela uste zuten. Baina Jesusek esan zien: «Zergatik izutzen zarete? Zergatik sortzen zaizkizue zalantza horiek barruan? Ikusi nire esku-oinak, neu naiz. Uki nazazue eta begira: mamuak ez du hezur-haragirik, eta nik bai, ikusten duzuenez».
Hau esatean, esku-oinak erakutsi zizkien. Baina, oraindik pozaren pozez sinetsi ezinik eta guztiz harriturik zeudenez, Jesusek esan zien: «Ba al duzue hemen jatekorik?»
Arrain erre puska bat eskaini zioten. Jesusek hartu eta beraien aurrean jan zuen. Ondoren, esan zien: «Hauxe da, oraindik zuekin nengoela esan nizuena: Moisesen legean, profeten liburuetan eta salmoetan nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zela».
Orduan, adimena argitu zien, Liburu Santuak uler zitzaten. Eta esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, herri guztiei bihozberritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete honen guztiaren lekuko.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko apirilaren 19a

SINETSI NORK BERE ESPERIENTZIAZ

Ez da gauza erraza Jesus berpiztuagan sinestea. Azken batean, Jesusek berak gu baitan eragiten duen fedeaz bakarrik atzeman eta uler daitekeen gauza da. Jesusek isurtzen duen bakea eta poza «zeure barruan» sekula sentitzen ez baduzu, nekez aurkituko duzu «kanpotik» haren piztueraren frogarik.
Horrelako zerbait esan nahi digu Lukasek Jesus berpiztuak ikasleen taldearekin izan duen topo egitea deskribatu digunean. Denetik da ikasle horien artean. Horietarik bi kontatzen ari dira nola antzeman dioten Jesusi Emausen harekin afaldu dutenean. Pedro, berriz, agertu zaiola esaten ari da. Gehienek ez dute artean inolako esperientziarik izan. Ez dakite zer pentsa.
Orduan «Jesus aurkeztu da haien artean eta esan die: “Bakea zuei”». Behar den lehenengo gauza, Jesus berpiztuarekiko gure fedea iratzartzeko, haren presentzia gure artean, gaur egun ere, intuitu ahal izatea da, eta bizi dela jakiteak ematen duen bakea, poza eta segurtasuna kurriaraztea gure taldeetan, elkarteetan, parrokietan; bizi dela jakiteak, alegia, hurbileko bidelagun dugularik fedearentzat batere erosoa ez den aldi honetan.
Oso errealista da Lukasen kontakizuna. Jesusen presentziak ez ditu eraldatu ikasleak era magikoan. Izan ere, batzuk beldurtu egin dira eta «mamua dakusatelakoan dira»; beste batzuen baitan, berriz, mota guztietako «duda-mudak» sortu dira; beste hainbati «ezin sinetsizkoa iruditzen zaie»; beste batzuek, azkenik, «zur eta lur» jarraitzen dute.
Horixe bera gertatzen da gaur egun ere. Kristo berpiztuarekiko fedea ez da sortzen gu baitan modu automatiko eta seguruan. Era ahul eta apalean joan ohi da esnatzen bihotzean. Hasieran, desio hutsa izan ohi da kasik. Eskuarki, duda eta galdera askoren artean hazi ohi da: benetakoa ote hain gauza handia?
Kontakizunaren arabera, Jesus haien artean gelditu da, haiekin jan du, eta «haien adimena irekitzen» saiatu da, gertatua ulertu ahal dezaten. «Lekuko» bihur daitezen nahi du, beren esperientziaz hitz egin ahal dezaten, eta hots egin dezaten, ez nolanahi, «bere izenean» baizik.
Berpiztuagan sinestea ez da gauetik goizerako gauza. Prozesu bat da, urteak iraun dezakeena. Gure barne-jarrera da garrantzia duena. Beti Jesusengan konfiantza izatea. Tarte handia eskaintzea gutako bakoitzarengan eta gure kristau-elkarteetan.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko apirilaren 22a

LEKUKOAK

Jesus berpiztuak eta ikasleek topo egin izana esperientzia fundatzaile bezala deskribatu du Lukasek. Argi dago Jesusen gogoa. Bere asmoa ez du bukatu gurutzean. Hil ondoren, Jainkoak berpizturik, harremanetan jarri da bereekin, «lekukoen» mugimendua abian jartzeko, herri guztiei Berri Ona kutsatzeko gai izango direnena: «Ene lekuko zarete zuek».
Ez da izan gauza erraza gizon haiek, nahasmenduak eta beldurrak joak dituzten haiek, lekuko bihurtzea. Pasadizo guztian, ikasleak isilik egon dira, guztiz mutu. Narratzaileak haien barneko mundua bakarrik deskribatu du: izuak joak dira; larri eta ustekabeko sentitzen dira; ederregi iruditzen zaie hura guztia egia izateko.
Jesusek berregingo du haien fedea. Gauzarik garrantzizkoena, ez daudela bakarrik senti dezaten da. Bizi bete-beteko sentitu behar dute Jesus beren artean. Hauek dira Berpiztuagandik entzun dituzte lehen hitzak: «Bakea zuei… Nolatan duda-muda horiek zeuen baitan?»
Geure artean Jesusen presentzia biziaz ahazten garenean, geure protagonismoa eta tirabirak direla medio Jesus lauso eta ikusezineko bihurtzen dugunean, tristurak haren bakea ez beste guztia sentiarazten digunean, batak besteari ezkortasuna eta sinestezina kutsatzen diogunean… bekatu egiten ari ohi gara Berpiztuaren aurka. Orduan, ezinezkoa da lekukoen Eliza.
Beren fedea esnatzeko, Jesusek ez die eskatzen aurpegira begira diezaioten, baizik eskuetara eta oinetara. Ikus ditzatela gurutzeko beraren zauriak. Izan dezatela beti beren begi aurrean heriotzaraino eman duen maitasuna. Ez da mamua. «Ni neu naiz, neu». Galileako bideetan ikusi eta maite izan duten hura bera.
Berpiztuarekiko geure fedea gogorapenetan oinarritu nahi izan dugun guztietan, mamu bihurtu izan dugu Jesus. Harekin topo egin ahal izateko, ebanjelioen kontakizunak ikusi beharko ditugu: gaixoak bedeinkatzen eta haurrak ferekatzen zituzten esku haiek aurkitzeko; ahaztuenak direnen bila nekatuak diren oin haiek aurkitzeko; Jesusen zauriak eta nekaldia aurkitzeko. Jesus huraxe da orain bizi dena, Aitak berpiztua.
Beldurrez eta duda-mudazko ikusi dituen arren, konfiantza izan du Jesusek ikasleengan. Berak bidaliko die sostengu izango duten Espiritua. Horregatik gomendatzen die munduan bere presentzia luza dezaten: «Honen guztiaren lekuko zarete zuek». Ez dute zertan irakatsi irakaspen handiosik, baizik, soilik, beren esperientzia kutsatu. Ez dute zertan predikatu teoria handi-mandirik Kristoz, baizik, soilik, haren Espiritua distiratu. Beren bizieraz egin behar dute sinesgarri, eta ez hitzez bakarrik. Hauxe da Elizaren betiko zinezko arazoa: lekukorik eza.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko apirilaren 26a

SINETSI NORK BERE ESPERIENTZIAZ

(2015eko apirilaren 19a homilía ikusi).

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.