Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2. Pazko Igandea (B)
EBANJELIOA
Zortzi egunen buruan,
sartu zen Jesus.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-31
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean,
ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik
zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea
zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak
ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien:
«Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo
dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez
zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez
badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan
sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro
ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus
eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak;
ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun
baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak
ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen
Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren
Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen
hari esker.
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko apirilaren 12a
JESUSEN PRESENTZIA BIZI
Ezin
iradokitzaileagoa eta interpelagarriagoa da Joanen kontakizun hau. Beren artean
Jesus berpizturik sumatu dutenean bakarrik eraldatu da ikasleen taldea. Bakea
berreskuratu, beldurra galdu, buruak ezin eman ahalako pozez bete, Jesusen
hatsa beren gain sentitu eta ateak ireki: Aitagandik Jesusek hartua zuen
egitekoa bizitzera bidaliak direla sentitu dute.
Elizaren gaur egungo krisialdiak,
haren beldurrak, haren espirituzko sendotasun-faltak maila sakonean du bere
jatorria. Sarritan, Jesus piztua eta gure artean delako ustea pentsamenduzko
eta aldarrikaturiko doktrina hutsa izan ohi da, bizi izandako esperientzia
baino gehiago.
Elizaren erdian dago Kristo berpiztua,
baina ez dago errotua gu baitan hura gure artean bizi delakoa, ez dago
txertatua gure elkarteen muinean, ez ditu elikatzen eskuharki hark gure
egitasmoak. Hogei mendeko kristautasunaren ondoren, Jesus ez da ez ezaguna, ez
ulertua bere nortasun berezian. Ez dugu maite, ez diogu jarraitzen ikasleek
egin zuten moduan.
Berehala nabari ohi da talde bat
edo elkarte bat joa denean ezin ikusizkoa baina egiazkoa eta eraginkorra den
Kristo berpiztuaren presentzia horrek. Halako talde hark ez du aski izaten eliz
bizitza arautzen duten gidalerroak ohituraren ohituraz betetzearekin.
Sentiberatasun berezia izan ohi du Jesusen Ebanjelioa entzun, bila ibili,
oroitu eta egokitzeko. Elizan diren gune osasuntsuenak eta bizienak dira.
Ez ezerk, ez inork eman diezaguke
gaur egun, Kristo berpiztuaren presentziak egin dezakeen moduan, bizi dugun
aurrekaririk gabeko krisialdi honi aurre egiteko behar dugun indarra, poza eta
sormena. Haren espirituzko adorea izan ezean, ezin irtengo gara ia berezkoa
bezalakoa dugun geure pasibotasunetik, mundu modernoari ateak itxirik
jarraituko dugu, «agindurik» dagoena betetzen segituko dugu, pozik eta
konbentzimendurik gabe. Non aurki genezake Eliza birkreatzeko eta eraldatzeko
behar dugun indarra?
Kontuan hartu beharra dugu
erronka. Inoiz baino handiagoa dugu Jesusen premia. Haren presentzia bizia bizi
beharrean gara, une oro haren irizpìdea eta Espiritua gogoan hartu beharrean,
haren bizitza etengabe hausnartu beharrean, gure egintzaren inspiratzailea bera
izan dadin utzi beharrean. Beste inork baino argi eta indar handiagoa eman
diezaguke hark. Gure artean dugu hura bere bakea, bere poza, bere Espiritua
emanez.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko apirilaren 15a
FEDERANTZ
IBILBIDEA
Tomas kanpoan zela, Jesusen
ikasleek esperientzia harrigarria izan zuten. Tomas etorri orduko, pozik
adierazi zioten: «Jauna ikusi diagu». Tomasek eszeptiko entzun zien. Zergatik
sinetsi behar du hain gauza zoroa? Nolatan esan dezakete Jesus bizirik ikusi
dutela, gurutzean hila denez gero? Izatekotan ere, beste bat izango da.
Ikasleek esan die eskuetako eta
saihetseko zauriak erakutsi dizkiela Jesusek. Tomasek, ordea, ezin onartu du
inoren testigutzarik. Berez egiaztatu beharra du: «Haren eskuetan iltze-zuloak…
ikusten ez baditut, eta eskua haren saihetsean sartzen ez badut, ez dut
sinetsiko». Bere esperientzian bakarrik sinetsiko du.
Era xaloan sinesteari uko egin
dion ikasle honek agertuko digu zein ibilbide egin Kristo berpiztuagan
sinestera iritsi ahal izateko: ez Jesusen aurpegia ikusi, ez hari hitz egiten
entzun, ez haren besarkadak sentitu ez ditugunoi.
Handik zortzi egunera, berriro
agertu zen Jesus ikasleen aurrean. Berehala, Tomasi hitz egin dio. Ez du
kritikatu haren jarrera. Haren duda-mudak ez dira ez bidegabe, ez eskandaluzko.
Sinesteari gogor egiteaz bere ondradutasuna agertu du Tomasek. Jesusek ulertu
dio eta aurrera datorkio bere zauriak erakutsiz.
Bere eskakizunak ase nahi dizkio
Jesusek: «Ekatzu hatza, hona nire eskuak. Ekatzu eskua, hona nire saihetsa».
Zauri horiek, zerbait egiaztatzeko «froga» baino gehiago, ez ote dira
heriotzaraino eraman duen Jesusen maitasunaren «seinale»? Horregatik, bere
duda-mudak baino sakonagora jotzera gonbidatu du: «Ez zaitez izan sinesgogor,
baizik sinestedun?»
Eta Tomasek uko egin dio ezer
egiaztatzeari. Ez du jada froga-beharrik. Soilik, Maisuaren
presentzia esperimentatu du: maite duena, erakartzen duena, konfiantza izatera
gonbidatzen duena. Tomas, Jesusekin topo egiteko beste inork baino ibilbide
luzeagoa eta nekosoagoa egin duen hura, beste inor baino urrunagora iritsi da
fedearen sakontasunean: «Ene Jaun eta ene Jainko». Inork ez du aitortu Jesus
modu horretan.
Ez
dugu zertan izutu geure baitan duda-mudak eta galderak sortzean. Duda-mudek,
modu sanoan bizirik, azaleko fedetik libratzen gaituzte, konfiantzan eta
maitasunean hazi gabe formulak errepikatzeaz konformatzen den azaleko fedetik.
Duda-mudek, Jesusengan haragitu den Jainkoaren Misterioaren konfiantzan
azkeneraino joatera eragiten digute.
Kristau-fedea
hazi egiten da gu baitan, Jainko horrek maite eta erakartzen gaituela
sentitzean, zeinen Aurpegia sumatu baitezakegu ebanjelioek Jesusez egiten
diguten kontakizunean. Orduan, konfiantza izateko haren deia geure duda-mudak
baino indartsuago bihurtzen da. «Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko apirilaren 19a
JESUSEN
PRESENTZIA BIZI
(2015eko apirilaren 12a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.