Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
4. Pazko Igandea (B)
EBANJELIOA
Artzain onak bere
burua ematen du ardien alde.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Joanen liburutik 10, 11-18
Denbora haietan Jesusek esan zion:
«Neu naiz artzain ona ; artzain onak bere
burua ematen du ardien alde. Morroiak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi
eta ihes egiten du, ez baita artzaina eta ardiak ere ez baititu bereak. Orduan,
otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan ere, morroiari
lansaria zaio axola eta ez ardiak.
«Neu naiz artzain ona. Ezagutzen ditut neure
ardiak, eta ni ere ezagutzen naute neureek, Aitak ni ezagutzen eta nik ere bera
ezagutzen dudan bezalaxe. Nik neure burua ematen dut ardien alde. Baditut
artegian ez dauden beste ardi batzuk ere; haiek ere erakarri egin behar ditut; nire
ahotsa entzungo dute eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren
gidaritzapean.
«Horregatik maite nau Aitak, neure bizia
ematen dudalako eta horrela eskuratzen berriro. Ez dit bizia inork kentzen,
baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro
hartzea. Hori da neure Aitarengandik hartu dudan agindua».
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko apirilaren 26a
HURBILDU ETA ELKAR EZAGUTU
Lehen
kristauen artean talde eta lider desberdinen artean gatazkak eta tirabirak hasi
zirenean, norbaitek gogorarazi beharra sentitu zuen ezen, Jesusen elkartean,
Jesus bakarrik dela Artzain ona. Eta ez dela hura artzain bat gehiago, zinezkoa
baizik, benetakoa, guztiek eredutzat hartu beharrekoa.
Jesusen
irudi eder hau, Artzain ona alegia, bihozberritzeko deia da, kristau-elkartean
«artzain» titulua bere egin nahi luketenei zuzendua. Jesusen antzeko den
artzainak bere ardiak bakarrik ditu gogoan, ez «du ihes egiten» arazoen
aurrean, ez «ditu bertan behera uzten». Aitzitik, haien ondoan egongo da,
defendatu egingo ditu, bereak eta bost jasaten du haiengatik, «bizia
arriskatzen du» haiengatik.
Aldi
berean, guztientzat haurride-elkartasunerako deia da irudi hori. Artzain Onak
«ezagutzen ditu» bere ardiak, eta ardiek «ezagutzen dute» hura. Hurbiltasun
hertsi hau, elkar ezagutze hau eta bihotzetiko elkartasun hau tarteko direla
bakarrik parteka dezake Artzain Onak bere bizia ardiekin. Elkartasun
honetara eta elkar ezagutze honetara behar dugu jo gaur egun ere Elizan.
Federako oso errazak ez diren
egun hauetan, inoiz ez bezala da premiazkoa indarrak batzea,
ebanjelio-irizpideak eta jarduteko ildo nagusiak elkarrekin bilatzea, zein
norabide sortzaile hartu jakiteko geroari begira egin nahi dugun ibilbidean.
Halaz guztiz, ez da hori
gertatzen ari. Soilik elkartasunean bizitzeko dei konbentzionalak egiten dira,
baina elkarri entzuteko eta elkarrizketarako giroa sortze aldera urratsik egin
gabe. Aitzitik, gero eta handiagoak dira deskalifikazioak eta ezbaiak gotzainen
eta teologoen artean, joera desberdineko teologoen artean, ildo desberdineko
mugimenduen eta elkarteen artean; era guztiko taldeen eta «blog»en artean...
Agian, ordea, hau da gauzarik
tristeena: ikustea egunetik egunera handituz doala hierarkiaren eta
kristau-herriaren arteko leizea. Ematen du bi mundu desberdinetan bizi direla.
Leku askotan, «artzainek» eta «ardiek» ozta-ozta dute elkar ezagutzen. Gotzain
askok nekez dute sintonizatzen fededunen egiazko premiekin, beharrezkoak
dituzten orientabidea eta arnasa eskaintzeko. Fededun askori zail gertatzen
zaio beren artzainekiko afektua eta ardura sentitzea, beren problemetatik urrun
daudela iruditzen zaielako.
Artzain Onaren Espirituaz beteak
diren fededunek bakarrik lagundu diezagukete hain beharrezkoa dugun
hurbiltasun-giroa sortzen, elkarri entzuteko, elkar errespetatzeko,
elkarrizketa apalerako giroa sortzen.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko apirilaren 29a
DAGOKIGUN
KONTUA DA
Jesus artzain ona delako sinboloa
gogaigarri zaio gaur egun, hein batean, zenbait kristauri. Ez dugu nahi artalde
bateko arditzat har gaitzaten. Ez dugu inork goberna gaitzan beharrik, ezta
gure bizitza inork kontrola dezan ere. Errespeta gaitzaten nahi dugu. Ez dugu
inongo artzainen premiarik.
Lehen kristauek ez zuten horrela
sentitzen. Jesus artzain onaren irudia oso garaiz bihurtu zen Jesusen
imajinarik gogokoen. Erromako katakonbetan, jada, ardi galdu bat lepoan duela
irudikatu zuten Jesus. Inork ez du hartu Jesus artzain autoritariotzat, bere
jarraitzaileak zaintzeari eta kontrolatzeari emandakotzat, baizik eta artatzen
dituen artzain ontzat.
«Artzain ona» bere ardiez
arduratzen da. Hori du bere lehen ezaugarria. Ez ditu bazter uzten sekula.
Ahulenei edo gaixoei begira bizi ohi da beti. Ez da artzain-morroia bezalako;
honek, arriskuren bat ikusi orduko, ihes egiten du, bere burua salbatzera,
artaldea bertan behera utzirik; honi ez zaizkio axola ardiak.
Oroitzapen ezabaezina utzia zuen
Jesusek. Ebanjelioetako kontakizunek honela deskribatu dute: gaixoez arduraturik,
baztertuez, txikiez, babesgabeenez eta ahaztuenez, galduenez kezkaturik. Ematen
du bere buruaz ez dela arduratzen. Beti gainerakoak buruan. Batez ere,
ezinduenak ditu axola.
Bada, ordea, besterik ere.
«Artzain onak bizia eman du bere ardientzat». Bigarren ezaugarria da. Bost
alditaraino errepikatu du Joanen ebanjelioak hizkuntza hau. Jesusek jendeari
dion maitasunak ez du mugarik. Bere burua baino gehiago maite ditu besteak.
Guztiak maite ditu artzain onaren maitasunez; ez du ihes egin arriskuaren aurrean,
baizik eta bizia eman du artaldea salbatzeko.
Horregatik, Jesusen irudia,
«artzain onarena», oso garaiz bihurtu zen, haren jarraitzaileentzat,
kontsolamenduaren eta konfiantzaren mezu. Kristauek Jesusengana jotzen ikasi,
22. salmotik hartutako hitz hauekin ikasi zuten: «Jauna dut artzain, ez dut
ezar falta… mendiarte ilunetan ibili behar badut ere, ez naiz ezeren beldur,
neurekin baitzaitut zu… Ene bizitzako egun orotan lagun ditut zure ontasuna eta
zure errukia».
Kristauok, sarritan, harreman
aski pobreak izan ohi ditugu Jesusekin. Esperientzia biziago eta bihozkoiago
baten premia izan ohi dugu. Ez dugu uste izaten hark artatzen, zaintzen
gaituela. Ahaztu egin ohi dugu harengana jo dezakegula, nekaturik eta indarrik
sentitzen garenean, edo galdurik eta norabiderik gabe.
Eliza bat, oker ezagutua edo
soilik doktrina bidez ezagutua den Jesusekin erlazionatzen diren kristauek
moldatua, elkarteetan ahotsa egoki entzuten ez zaion Jesusekin erlazionatuek
moldatua den Eliza bat…, bere Artzainaz ahazteko arriskuan bizi da. Alabaina,
zeinek zainduko Eliza, beronen Artzainak ez bada?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko maiatzaren 3a
HURBILDU
ETA ELKAR EZAGUTU
(2015eko apirilaren 26a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.