Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 19. Igandea (B)
EBANJELIOA
Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,41-51
Orduan, marmarka
hasi ziren entzuleak, «Neu naiz zerutik jaitsiriko ogia» esan zuelako, eta
zioten:
– Ez da, bada, hau
Jesus, Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak honen aita-amak? Nola dio,
orain, zerutik jaitsia dela?
Jesusek ihardetsi
zien:
– Ez ari marmarka
zeuen artean. Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez
badu; eta neuk piztuko dut azken egunean. Honela esaten da profeten liburuan:
Jainkoaren ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta hark irakatsia
bereganatzen duena niregana hurbiltzen da. Horrek ez du esan nahi inork Aita
ikusi duenik; Jainkoarengandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.
«Bene-benetan
diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du. Neu naiz bizia ematen duen ogia.
Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil egin ziren.
Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia: beronetatik jaten duena ez da hilko.
Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia
izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin
emana».
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko abustuaren 9a
JESUS ERAKARGARRI
Joan
ebanjelariak behin eta berriz errepikatzen ditu indar handia duten esapideak
eta irudiak, kristau-elkarteei buruan sartzeko, ezen Jesusengana hurbildu
beharra dutela, hura bizi berriaren iturri dela aurkitu nahi badute.
Bizi-arnasa da Jesus, lehenago ezagutu izan duten ezerekin konpara ez daitekeen
modukoa.
«Zerutik
jaitsi den ogia» da Jesus. Ez da beste inolako bizi-iturrirekin nahastekoa.
Jesu Kristogan, janaritzat, indarra, argia, esperantza, bizi-hatsa... aurki
genitzake, Jainkoaren beraren, biziaren Kreatzailearen beraren, misterioari
darienak. «Biziaren ogia» da Jesus.
Horregatik,
hain juxtu, ezin topo egin dugu harekin edozein eratan. Geure izatearen
hondoraino jo beharra dugu, geure burua Jainkoari ireki beharra eta «Aitak zer
dioskun entzun beharra». Ezin senti dezake inork Jesusen erakargarritasuna,
«hura bidali duen Aitak erakartzen ez badu».
Jesusen
baitan gehienik erakartzen duena, bizia ematen duen ahala da. Jesu Kristogan
sinetsi eta harekin harremanetan hasteko gai denak: bizi desberdina ezagutzen
du halakoak, nolakotasun berrikoa, hein batean dagoenako Jainkoaren mundukoa
den bizia. Hau esatera ausartu da Joan: «ogi honetatik jango duena betiko
biziko da ».
Geure
kristau-elkarteetan, Jesusekiko harremanez elikatzen ez bagara, kristautasunak
duen gauzarik funtsezkoena eta erabakitzaileena ezagutu gabe jarraituko dugu.
Hargatik, pastoralki ez da gauza premiazkoagorik Jesu Kristorekiko geure
harremanak zaintzea baino.
Baldin
eta, Elizan, hain gizatarra, hain hurbila eta bihozkoia den gizon horrengan
haragitu den Jainkoaren erakargarritasuna sentitzen ez badugu, inork ez gaitu
libratuko, eskuarki gertatzen zaigun bezala, erdipurdi bizitzetik. Inork ez
digu eragingo geure erakundeek arautua dutena baino harago joatera. Inork ez
digu bizi-izerdiz blaituko, geure tradizioek zedarritu digutena baino aurrerago
joan ahal izateko.
Bere
Espirituaren sorgarritasunaz Jesusek janaritzen ez bagaitu, iraganari loturik
jarraituko dugu; geureak ez diren beste aro batzuetan eta beste aro
batzuetarako jaioak eta garatuak diren moldeetan, ikusmoldeetan eta sentieran
hesiturik «biziko» dugu geure erlijioa. Baina, orduan, ezin izango gara Jesusen
lankide gaur egungo gizon-emakumeen bihotzean fedea piztu eta janaritzeko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko abustuaren 12a
JESUSENGAN SINESTEKO BIDEA
San
Joanen kontakizunaren arabera, Jesusek gero eta era argiagoan errepikatzen du
Jainkoagandik datorrela bera, betiko bizia ematen duen janaria guztiei
eskaintzeko. Eta jendeak ezin jarraitu du hain eskandaluzkoa de hori entzuten,
erreakzionatu gabe. Jesusen gurasoak ezagunak dituzte. Nolatan esan dezake
Jainkoagandik datorrela?
Ezin
harritu da gutarik inor erreakzio horretaz. Arrazoizkoa ote da Jesu Kristogan
sinestea? Nolatan sinets genezake gizon jakin horrengan Jainkoaren Misterio
atzeman ezina haragitu dela, Herodes Handia hil baino zerbait lehenago jaioa
den horrengan, hogeita hamargarren urte inguruan Galilean izan duen
profeta-jardueragatik ezaguna den horrengan?
Jesusek
ez die erantzun objekzio horiei. Jende horren fede-gabeziaren sustraira jo du:
«Zer ari zarete kritikatzen?» Oker dabiltza Jesusen errotiko berritasunaren
aurka egitean, Jesusen egiazko nortasunaz guztia dakitela uste izatean. Har
dezaketen bidea erakuts diezaieke.
Jesusek
gauza jakintzat emana du hau: ezin duela inork beragan sinetsi, beragan
erakartzen duen zerbait sentitzen ez badu. Egia da. Agian, Kafarnaumeko jende
hark baino hobeto ulertzen dugu hori guk geure kulturatik. Izan ere, gero eta
zailago gertatzen zaigu doktrina batean edo ideologia batean sinestea. Fedea
eta konfiantza orduan ernetzen dira gugan: on egiten eta bizitzen laguntzen
digun norbait erakarle sentitzen dugunean.
Baina
Jesusek gauza inportante batez ohartarazi ditu: «Ezin etorri da inor nigana,
bidali nauen Aitak erakartzen ez badu». Jesusengana erakartzea Jainkoak berak
egiten du. Mundura bidali duen Aitak esnatzen du gure bihotza, Jesusengana
hurbil gaitezen pozik eta konfiantzaz, dudak eta errezeloak gaindituz.
Horregatik,
geure bihotzean Jainkoaren ahotsa entzuten saiatu beharra dugu, Jesusengana
eraman gaitzan berari utziz. Aita horri, biziaren Kreatzaile eta gizakiaren
Adiskide horri, eskolatu gaitzan leial utziz: «Aitak esana entzun eta ikasten
duen oro, nigana etorriko da ».
Jesusen
aipatu baieztapena iraultzaile gertatu zaie hebrearrei. Bibli tradizioak esaten
zuen gizakiak bere bihotzean entzuten duela Legea leial betetzeko Jainkoaren
deia. Jeremias profetak honela aldarrikatu zuen Jainkoaren promesa: «Zuen
barnean ezarriko dut nik neure legea eta zuen bihotzean idatziko».
Jesusen
hitzek, berriz, beste esperientzia bat bizitzera gonbidatzen gaituzte.
Kontzientzia ez da Jainkoaren Legea entzuteko leku ezkutu eta pribilegiatu bat
bakarrik. Geure izatearen barruenean, ona, ederra, jatorra, gizakiari on
egitea, mundu hobea eraikitzea erakargarri dela sentitzen badugu, erraz
sumatuko dugu Jainkoaren gonbita Jesusekin sintonizatzeko. Hori da biderik
hobena harengan sinesteko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko abustuaren 9a
JESUS ERAKARGARRI
(2015eko abustuaren 9a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.