Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 21. Igandea (B)
EBANJELIOA
Norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,60-69
Denbora haietan, Jesusen
hitzok entzutean, haren ikasleetariko askok esan zuen: «Onargaitza da mezu hau.
Nork jaramon egin? »
Jesusek, ikasleak
marmarka ari zirela oharturik, esan zien: «Honek eragozten al dizue sinestea?
Bada, Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, zer
gertatuko ote? Espiritua da bizia ematen duena; gizakia berez ez da ezertarako.
Nik eman dizkizuedan irakatsiak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen
artean sinesten ez duten batzuk».
Izan ere, Jesusek
hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. Eta esan zuen,
gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere niregana hurbildu, Aitak ez
badio horretarako gaitasuna ematen».
Geroztik, haren
ikasleetariko askok atzera jo zuen, eta aurrerantzean ez ziren harekin ibili.
Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei:
– Zuek ere alde
egin nahi al duzue?
Erantzun zion
Simon Pedrok:
– Jauna,
norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek. Eta guk sinetsi dugu
eta badakigu zu zarela Jainkoaren Santua.
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko abustuaren 23a
ZERGATIK GELDITU ELIZAN?
Azken
urte hauetan analisi eta azterketa asko egin izan da kristau-elizek gizarte
modernoan bizi duten krisiaz. Irakurketa hori beharrezkoa da zenbait datu
hobeto ulertzeko, baina ez da aski gure erreakzioa zein izan behar duen
bereizteko. Joan ebanjelariak dakarren pasadizo honek lagundu diezaguke krisi
hori ebanjelio-sakontasun handiagoz interpretatzeko eta bizitzeko.
Ebanjelariaren
arabera, honela laburbildu du Jesusek taldean indartzen ari den krisia: «Esan
dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira. Halere, zuetako batzuek ez dute
sinesten». Halaxe da. Jesusek jarraitzaileen baitan espiritu berri bat sartzen
du; haren hitzek bizia ematen dute; proposatzen duen egitarauak mugimendu bat
eragin dezake, mundua bizi duinago eta beteago baterantz norabidetzeko.
Halere,
fedea ez dago bermaturik haren taldean egote hutsaz. Bada haren espiritua eta
bizia onartzeari uko egiten dionik. Bada Jesusen inguruan itxura hutseko bizia
bizi duenik. Harekiko fedea egiazkoa ez duenik. Hau da beti kristautasunaren
baitako zinezko krisia: Jesusengan sinetsi ala ez.
Narratzaileak
dio, ezen «askok atzera egin zuela eta harekin ibiltzeari utzi egin ziola».
Krisialdian agertu ohi da zein diren Jesusen benetako jarraitzaileak. Hau da
funtsezko aukera: zein dira atzera egiten dutenak eta zein harekin gelditzen
direnak, haren espirituarekin eta biziarekin bat eginik? Zein da haren
egitarauaren alde eta zein aurka?
Gutxitzen
hasi da taldea. Jesus ez da haserretu, ez du adierazi inoren kontrako
iritzirik. Soilik, galdera hau egin die berarekin gelditu direnei: «Zuek ere
joan egin nahi al duzue?» Elizan jarraitzen dugunoi gaur egiten digun galdera
da: Zer nahi dugu? Zergatik gelditu gara? Jesusi jarraitzeko, haren espiritua
geure eginez eta haren erara biziz? Haren egitasmoa aurrera eramateko?
Ereduzkoa
da Pedroren erantzuna: «Jauna, zeinengana joan gintezke? Zuk betiko biziko
hitzak dituzu». Gelditzekotan, Jesusengatik gelditu behar da. Jesusengatik
soilik. Beste ezergatik ez. Harekin konprometituz. Haren taldean gelditzeko
arrazoi bakarra Jesus da. Ez beste inor.
Mingarriena
iruditu arren, gaur egungo krisialdia baikorra izango da, baldin eta Elizan
jarraitzen dugunok, gutxi ala asko, Jesusen ikasle bihurtzen bagoaz, hau da,
haren bizi-hitzetik biziz doazen gizon-emakume bagara.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko abustuaren 26a
GALDERA ERABAKITZAILEA
Joanen
ebanjelioak Jesusen jarraitzaileen arteko krisi handi baten oroitzapena gorde
du. Ez dugu daturik, esateko. Soilik esaten digu ikasleei zail gertatzen zitzaiela
Jesusen hitz egiteko modua. Agian, gehiegizkoa iruditzen zaie eskatzen dien
atxiki mendua. Halako batean, «Jesusen ikasle askok atzera egin zuen». Jada ez
dabiltza harekin.
Lehenengo
aldiz sentitu du Jesusek bere hitzek ez dutela nahi bezalako indarrik. Halere,
ez du amore eman, baizik eta are indartsuago baietsi ditu bere hitzak: «Esan
dizkizuedan hitzak espiritu dira eta bizi. Halaz guztiz, zuetako batzuek ez
dute sinetsi». Haren hitzek gogorrak direla ematen dute; alabaina, bizia
dakarte, biziarazi egiten dute, Jainkoaren Espiritua baitute berekin.
Jesusek
ez du bakea galdu. Ez da larritu porrota dela eta.Hamabiei hitz eginez, galdera
erabakitzailea egin die: «Zuek ere alde egin behar al duzue?» Ez ditu behartu
nahi berarekin gelditzera. Aske ikusi nahi ditu erabakitzeko. Ez du nahi bere
ikasleak jopu izatea, baizik adiskide.
Beste
behin, guztien izenean erantzun dio Pedrok. Eredugarria da erantzuna. Egiatia,
apala, zentzuduna, Jesus aski ezagutzen duen batena hura bertan behera ez
uzteko. Pedroren jarrera lagungarri izan daiteke gaur egun ere, fedea koloka
izanik fede oro utzi ala ez pentsatzen ari direnentzat.
«Jauna,
norengana joko dugu?» Ez da zentzuzkoa Jesus bertan behera uztea edozein
eratan, maisu hoberik eta konbentzigarriagorik aurkitu gabe. Jesusi jarraitu
ezean, nori jarraitu ez dakitela geldituko dira. Ez da zertan jokatu
zalapartaka. Ez da ona bizitzan argirik eta gidaririk gabe gelditzea.
Errealista
da Pedro. Gauza ona ote da Jesus bertan behera uztea, esperantza
konbentzigarriagorik eta erakarleagorik aurkitu gabe? Aski ote da haren ordez
bizieran beheiti egitea, kasik jomugarik eta horizonterik gabe? Hobe ote da
galderarik gabe bizitzea, inolako planteamendurik eta bilatzerik gabe?
Bada
Pedrok ahaztu ez duen beste zerbait: «Zuk, betiko bizirako hitzak dituzu».
Sumatu du ezen Jesusen hitzak ez direla hitz hutsal eta engainagarri. Jesusen
ondoan beste modu batean agertu zaie bizitza. Haren mezuak betiko bizira begira
jarri ditu. Zer eman lezakete Jesusen Ebanjelioaren tokian? Non aurki lezakete
Berri hoberik Jainkoaz?
Pedro,
azkenik, oinarrizko esperientziaz gogoratu da. Jesusekin bizitzean, hura
Jainkoaren misteriotik datorrela aurkitu du. Urrunetik, urrutitik, axola-ezetik
edo arduragabekeriatik ezin antzeman zaio Jesusek beren baitan duen
misterioari. Hamabiak Jesusen jirabiran ibili dira. Horregatik esan ahal dute:
«Guk, sinesten dugu eta badakigu». Jesusen jirabiran jarraituko dute.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko abustuaren 23a
ZERGATIK GELDITU ELIZAN?
(2015eko
abustuaren 23a homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.