Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Abendualdiko 3. Igandea (C)
EBANJELIOA
Zer egin behar dugu?
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 3,10-18
Jendeak galdetzen
zion Joani:
– Zer egin behar
dugu, bada?
Hark erantzuten
zien:
– Bi soineko
dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari, eta jatekoa duenak ere bana
dezala.
Joan ziren
zergalari batzuk ere bataiatzera eta galdetu zioten:
– Maisu, zer egin
behar dugu?
Hark erantzun
zien:
– Ez kendu inori
legezko dena baino gehiago.
Soldaduek ere
galdetu zioten:
– Eta guk, zer
egin behar dugu?
Joanek erantzun
zien:
– Ez atera inori
dirurik gogorkeriaz, ezta gezurrezko salakuntzaz ere; konforma zaitezte
daukazuen soldatarekin.
Herria zain-zain
zegoen eta denak ari ziren pentsatzen Joan ez ote zen Mesias izango. Joanek, ordea,
denen aurrean esan zuen: «Nik urez bataiatzen zaituztet, baina badator ni baino
ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere;
horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. Eskuan du sardea garia
garbitu eta alea bere mandioan jasotzeko; lastoa, berriz, inoiz itzaliko ez den
sutan erreko du ».
Honela eta beste
burubide askoren bidez adierazten zion berri ona herriari.
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko abenduaren 13a
PARTEKATU EZ DUENAREKIN
Joan
Bataiatzaileak basamortutik oihu egindako hitzak bihotza ukitu zion jendeari.
Bihozberritzeko eta Jainkoari leialago izateko haren deiak askori eginarazi
zion galdera: Zer egin behar dugu? Gizakiaren baitan beti harrotzen den galdera
da hori, errotiko dei bat entzun eta geure erantzuna nola zehaztu ez
dakigunean.
Bataiatzaileak
ez die proposatu erritu erlijiosorik, ezta araurik eta manamendurik ere. Kontua
ez da, berez, gauzak egitea, ezta eginbeharrak baitaratzea ere, baizik beste
era batekoa izatea, beste era gizatarrago batean bizitzea, dagoeneko geure
bihotzean dugun hau garatzea: bizitza zuzenagoa, duinagoa,
haurride-izaerakoagoa.
Gauzarik
erabakitzaileena eta zinezkoena geure bihotza Jainkoari irekitzea da, sufritzen
ari direnen premiei adi-adi begiratuz. Bataiatzaileak xumetasunez eta egiaz
aparta den formula honetan bildu du
erantzuna: «Soingaineko bi dituenak partekatu ditzala ezer ez duenarekin, eta
jatekoa duenak gauza bera». Ezin esan era sinpleagoan eta argiagoan.
Zer
esan genezake hitz hauetaz, munduan gizadiaren hirutik bat baino gehiago
miserian eta biziari nola eutsiko egonik, geure armairuak mota guztietako
arropaz eta geure hozkailuak janariz beteak ditugunok?
Eta
zer esan genezake kristauek hain laua eta gizatarra diren hitz horien aurrean?
Ez ote dugu geure bihotzeko begiak irekitzen hasi beharra; hain zuzen ere,
gizatarrago izatea eragozten digun ongizateak mendean gauzkanongan
sentiberatasun-falta horren eta esklabotza horren kontzientzia biziagoa
eragiteko?
Kezkaturik
bizi gara, eta arrazoi osoz, kristautasunaren momentu honetako puntu askotaz;
aldi berean, ordea, ez gara jabetzen «erlijio burges batek atxiloturik»
gauzkala. Ez du ematen kristautasunak, bizi dugun eran, indarrik duenik
ongizatearen gizartea eraldatzeko. Aitzitik, azken hau da Jesusen erlijioak
duen alderik onena desitxuratzen ari dena: Kristorekiko gure jarraipena
kimatzen ari da hura jatorrenak eta finenak diren balio hauek erauziz:
solidaritatea, pobreen defentsa, errukia, zuzentasuna.
Horregatik,
askoz gehiago baloratu beharko genuke «gatibutasun» honen aurka matxinatzen den
hainbat eta hainbat jenderen ahalegina; solidaritate-keinu zehatzez eta biziera
lauagoa, soilagoa eta gizatarragoa landuz konprometitzen den jendearena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko abenduaren 16a.
ZER EGIN DEZAKEGU?
Jende
askoren kontzientzia astindu zuen Joan Bataiatzailearen predikuak. Basamortuko
profeta hura ozenki ari zitzaien esaten berek beren bihotzean sentitzen zutena:
aldatu beharra zuten, Jainkoagana itzuli beharra, Mesiasi harrera egiteko
prestatu beharra. Batzuek harengana jo zuten, galdezka: Zer egin dezakegu?
Ideiak
oso garbi ditu Bataiatzaileak. Ez die proposatzen beren bizitzari jarduera
erlijioso gehiago ezartzeko. Ez die eskatzen basamortuan gelditzeko ere,
penitentzia eginez. Ez die hitz egiten beste agindu batzuez ere. Mesiasi
harrera egiteko, premian direnei arretaz begiratu behar zaie.
Ez
zaio mihia trabatu Bataiatzaileari, ez teoria handiosetan, ez motibazio
sakonetan. Zuzenean, hizkera profetiko garbienean, formula aparta batean
laburbildu die guztia: «Bi tunika dituenak bana ditzala ez duenarekin, eta
janaririk duenak egin dezala gauza bera». Eta guk, zer egin dezakegu krisia
bizi duen gizarte honetan, Kristori harrera egiteko?
Beste
ezer baino lehen, zer gertatzen ari den ezagutzen saiatu: informaziorik eza da
gu pasibo egotearen arrazoia. Bestetik, ez jasan gezurra esan diezaguten edo
egia ezkuta diezaguten. Bere gordintasun osoan ezagutu behar dugu gure artean,
modu zuzengabean, sortzen ari den sufrimendua.
Ez da
aski aldizka eskuzabal agertzea. Egin dezakegu urratsik, bizitza modu
neurritsuagoan bizitzeko. Pixkana geure burua «pobreago bihurtzearen»
esperientzia egiten ausartzeko, gaur egungo geure ongizatearen maila murriztuz,
esku artean ditugun eta bizitzeko premiazko ez ditugun hainbat eta hainbat
gauza partekatuz.
Arreta
berezia eskaintzen ahal diegu, gizarteak baztertzearen ondorioz, egoera larrian
bizi direnei: etxe gabetzea, beharrezko osasun-arretarik eza, inolako gizarte-sarrerarik
eta baliabiderik eza … bizi dutenei, alegia. Senak eraginda bezala jo beharko
genuke geroari aurre egin ezinik eta motibazio-faltaz zuloan murgiltzen ari
direnen defentsan.
Kristau-elkarteetatik
askotariko ekimenak eragin eta garatu ditzakegu babes-gabezia sozial
izugarrienean direnen alde: egoera zehazki ezagutu, jendearen mobilizatu inor
ere bakarrik ez uzteko, baliabide materialak bildu, posible den laguntza
kudeatu …
Krisiak
luze joko du. Datozen urteetan aukera izango dugu: geure kontsumismo zoroa
gizatar egiteko, biktimen sufrimenduaz sentiberago bihurtzeko, solidaritate
praktikoan haziz joateko, krisiaren kudeaketan ageri den erruki-falta salatzeko
… Hori izan daiteke Kristori geure bizitzan harrera egiazkoagoa egiteko modua.
José Antonio Pagola
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.