Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Abendualdiko 4. Igandea (C)
EBANJELIOA
Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko?
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,39-45
Handik egun
batzuetara, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen
arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion.
Mariaren agurra
entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean.
Une berean,
Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen:
- «Bedeinkatua zu
emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire
Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi
orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan
dizuna beteko dela sinetsi duzulako! »
Jaunak esana
HOMILIA
2015eko abenduaren 20a
MARIAREN EZAUGARRIAK
Mariak
Elisabeti egin dion bisita dela medio, Bataiatzailea eta Jesus, jaio aurretik
beretik, harremanetan ageri dira Lukasen ebanjelioan. Pasadizoa giro oso
berezian dator bildua. Biak, Maria eta Elisabet, ama izango dira. Biek jaso
dute deia Jainkoaren egitasmoan lankide izateko. Tartean ez da gizonezkorik.
Zakarias mutu gelditu da. Jose modu harrigarrian absente da. Andre biek bete
dute eszena guztia.
Maria
Nazaretetik etorri da, eta hura da pertsonaia nagusia. Haren eta haren semearen
jirabiran ageri da dena. Mariaren irudiari ezaugarri berezi-bereziak nabari
zaizkio: ebanjelioen girotik urrun erantsi izan zaizkion geroagoko mila izenak
eta tituluak baino jatorragoak.
·
Maria, «ene
Jaunaren ama». Horrela aldarrikatu du
Elisabetek, ozenki eta Espiritu Santuaz beterik. Hala da: Jesusen
jarraitzaileentzat, Maria, beste ezer baino lehen, gure Jaunaren Ama da. Hori
da haren handitasunaren abiapuntua. Lehen kristauek ez dute apartatu sekula
Maria Jesusengandik. Bereizezinak dira. «Jainkoak
bedeinkatua andre guztien artean»; Jesus eskaini digu Mariak, «bere sabeleko fruitu bedeinkatua».
·
Maria, fededuna.
Elisabetek zorioneko deklaratu du «sinetsi
duelako». Handia da Maria, ez soilki amatasun biologikoagatik, baizik, eta
batez ere, Salbatzailearen Ama izateko deia fedez onartu duelako. Jainkoari
entzuteko gai izan da: haren Hitza bihotzean gorde du; hausnartu du; gauzatu
egin du, egin zaion deia leial betez. Ama fededuna da Maria.
·
Maria, ebanjelizatzailea. Bere Semeagan onartu duen Jainkoagandiko salbazioa
gizon-emakume guztiei eskaini die Mariak. Hori du bere zeregin handia, bere
zerbitzua. Kontakizunaren arabera, Maria ebanjelizatzailea da, ez soilik
keinuez eta hitzez, baizik bera nora joan hara daramatzalako berekin Jesus bera
eta honen Espiritua. Hau da egintza ebanjelizatzaileak duen gauzarik
funtsezkoena.
·
Maria, pozaren eroalea. Mariaren agurrak bere Seme Jesusi darion poza kutsatzen
du. Mariak du entzun lehenengo Jainkoaren gonbit hau: «Poztu zaitez… zeurekin duzu Jauna». Orain, premian direnentzat duen
zerbitzu- eta laguntza-jarreraz, Jesusen, Kristoren, etengabe berekin duen
haren Berri Ona irradatzen du. Maria da, Elizarentzat, ebanjelizazio pozgarri
baten eredurik hoberena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko abenduaren 23a
EMAKUME FEDEDUNAK
Jainkoaren
deia hartu ondoren, Mesiasen ama izango dela iragarriz, Mariak bideari egin
dio, berak bakarrik. Bizitza berria hasi du, Jesus Semearen zerbitzuan.
«Presaka» doa, adorez. Bere poza Elisabet lehengusinarekin partekatu beharra
sentitzen du eta haren haurdunaldiko azken hilabeteetan hari lagundu beharra.
Bi
ama horien topaketa ezohiko eszena da. Gizonezkoak ez daude presente. Bi emakume
xume dira, inolako titulurik gabeak, juduen erlijioan inolako nabarmentasunik
gabeak. Maria, Jesus alde guztietara berekin daramala, eta Elisabet,
profeta-espirituaz betea, apaiz izan gabe bere lehengusina bedeinkatzeko
ausardia izan duena.
Maria
sartu da Zakariasen etxean, baina ez doa senarragana. Zuzenean, Elisabet
agurtzera doa. Ez dakigu zer agur izan zen. Soilik, etxea pozez gainezka jarri
zuela agur hark. Mariak bizi duen poza da, aingeruaren agurra entzun duenetik:
«Poztu zaitez, graziaz bete hori».
Elisabetek
ezin eutsi dio bere ezusteari eta pozari. Mariaren agurra entzun orduko,
sabelean daraman haurraren mugimenduak sentitu eta «poz-jauzitzat» hartu ditu.
Berehala, Maria bedeinkatu du goraki: «Bedeinkatua zu emakumeen artean eta
bedeinkatua zure sabeleko fruitua».
Inoiz
ez dio eman lehengusinari Maria izena. Bere misioarekin guztiz bat egina ikusi
du: bere Jaunaren ama da. Emakume fededun ikusi du, zeinetan betez joango
baitira Jainkoaren asmoak: «Zorionekoa zu sinetsi duzulako».
Gehienik
harriarazi duena, Mariaren jokabidea izan da. Ez zaio etorri Mesiasen ama
izatearen duintasuna agertzera. Ez da etorri Elisabet zerbitzari hartzeko,
baizik bera haren zerbitzari izateko. Elisabet bere onetik aterata dabil
harriduraz: «Zein naiz ni neure Jaunaren ama bisitan etor dakidan? »
Hainbat
dira Elizaren barnean bakean bizi ez diren emakumeak. Batzuei handitzen ari
zaie hoztasun-sentimendua eta ondoeza. Sufritu egiten dute, alor guztietan
lehen lankideak izan eta doi-doi hartzen dituzte aintzat Elizaren ibilbideaz
pentsatu, erabaki eta eragiteko orduan. Guztioi ari zaigu kalte egiten egoera
hau.
Mendetako
historiaren zamak, gizonezkoak kontrolatu eta dominatu izan duenak, ez digu
uzten jabetzen Elizaren pobretze handi horretaz; alegia, emakumeari presenteago
eta eginkorrago egoteko aukerarik ez emateak dakarren pobretzeaz. Guk ez diogu
entzuten, baina Jainkoak sustatu ditzake emakume fededunak, profeta-espirituz
beteak, poza kutsatuko digutenak eta Elizari gizatasun handiagoko aurpegiera
emango diotenak. Bedeinkazio bat izango dira. Jesusi su eta leialtasun
handiagoz jarraitzen erakutsiko digute.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2009ko abenduaren 20a
MARIAREN EZAUGARRIAK
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.