lunes, 28 de diciembre de 2015

2016/01/03 - Eguberri ondoko 2. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Eguberri ondoko 2. Igandea (C)


EBANJELIOA

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Juan liburutik 1, 1-18

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran
Jainkoarekin zegoen Hitza.
Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.

Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan zuen izena. Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten. Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.

Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
Munduan zegoen
eta, mundua haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
Hauek ez dira giza odolekoak,
ezta gizakiaren borondatez sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.

Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean».

Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain hartu ere.
Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen
eta Jainko den
Seme bakarrak
eman digu haren berri.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko urtarrilaren 3a

JESUS BERRIRO GEURE EGIN

Fededunok irudi asko eta askotarikoak izan ohi ditugu Jainkoaz. Haurtzarotik hartaz ikusmoldea eginez joan gara; horretan, batez ere, katekistei eta predikariei entzun izan dugunak baldintzatu gaitu, eta etxean eta ikastetxean irakatsi digutenak, edota ospakizun eta egintza erlijiosoetan bizi izan dugunak.
Jainkoaz sortu izan ditugun irudi hauek guztiak ez-beteak dira eta eskasak; behin eta berriz, bizitzan, irudi horiek garbi egiten saiatu beharra izan dugu. Ezin ahaztu dugu hori. Joanen ebanjelioak biribilki gogorarazi digu biblia-tradizio osoa kutsatzen duen konbentzimendu hau: «Jainkoa ez du inork inoiz ikusi».
Teologoak asko mintzo dira Jainkoaz, gehiegi ere bat, gehienetan: ematen du dena dakitela hartaz; egiaz, ordea, teologo bakar batek ere ez du ikusi Jainkoa. Gauza bera esan behar da predikariez eta gidari erlijiosoez: segurtasun ia erabatekoaz mintzo ohi dira; ematen du ezen beren barruan ez dutela inolako dudarik; egiaz, ordea, haietako inork ez du ikusi Jainkoa.
Beraz, nola garbi egin Jainkoaz ditugun irudiak, haren misterio santua ez desitxuratzeko? Joanen ebanjelio berak gogorarazten digu Jainkoaz kristau-fedeak duen  konbentzimendua zertan sostengatzen den. Jesusek bakarrik, Jainkoaren Seme bakarra den horrek «eman du ezagutzera». Inon ez digu agertzen Jainkoak bere bihotza, ez erakusten bere aurpegia Jesusen baitan bezala.
Jainkoak ez digu agertu bere burua irakaspen eta formula teologikoez, baizik Jesusen maitasun-bizitzaz, haren portaeraz eta mezuaz, heriotzarainoko bere buru-eskaintzaz eta piztueraz. Jainkoagana hurbildu nahi badugu, gizonagana hurbildu beharra dugu zeinengan atera baitzaigu bidera.
Kristautasunak, Jesusi ezjakinarena egin eta hura alde batera uzten duenean, egiazko Jainkoaz urruntzeko arriskua bizi ohi  du; gainera, haren ordez, irudi nahasgarriak hartzeko arriskua izan ohi du: haren aurpegia desitxuratzen duten irudiak; beste mundu bat, libreagoa, zuzenagoa eta haurridetsuagoa eraikitzeko egitasmoan parte hartzea eragozten diguten irudiak. Horregatik dugu hain premiatsua Jesus berriro geure egitea.
Ez da aski Jesus teoriaz edo doktrinaz aitortzea. Guztiok dugu ebanjelioetara era zehatzagoan eta bizi-giroan hurbilduz Jesus ezagutu beharra, haren egitasmoaren ildoari atxiki beharra, haren espirituak anima gaitzan utzi beharra, Aitarekin dituen harremanetan bat egin beharra, egunez egun hari hurbiletik jarraitu beharra. Horixe da bere fedea garbi eginez bizi den elkarte baten zeregin zoragarria.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.