Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Familia Santua: Jesus, Maria eta Jose (C)
EBANJELIOA
Jesusen gurasoak
lege-maisuen erdian eseria aurkitu zuten.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Lukasen liburutik 2,41-52
Jesusen gurasoak Jerusalemera joan ohi ziren
urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, jaietara joan
ziren, ohi bezala. Jaiak amaiturik gurasoak etxera abiatu zirenean, Jesus
haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. Erromeskideen artean zelakoan
egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen
artean. Eta, aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren bila.
Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten,
lege-maisuen erdian eseria, entzun eta galde; entzuten zioten guztiak
txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. Ikusi zutenean,
harrituta gelditu ziren gurasoak, eta amak esan zion:
–Seme, zergatik egin diguzu hori? Ikusi zein larri genbiltzan aita eta biok zure bila!
Hark erantzun
zien:
–Zergatik
zenbiltzaten nire bila? Ez al zenekiten nik neure Aitaren gauzetan jardun behar
dudala?
Baina haiek ez
zuten ulertu zer esan nahi zuen. Jesus beraiekin
Nazaretera jaitsi eta beraien menpe bizi izan zen. Amak gogoan hartzen zituen
gertakari guztiok. Jesus haziz zihoan, bai jakinduriaz, bai gorputzez, eta
Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoago zuten.
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko abenduaren 27a
ZER FAMILIA?
Kristau-familiaren
eguna da gaur. Duela gutxi eraturiko jaia da, kristauek ospa dezaten eta
sakondu, Jesusen espirituaren arabera hartu eta bizi duten familia-egitasmoa
izan daitekeena.
Ez da
aski familiaren balioa modu abstraktuan defenditzea. Ez da aski, orobat,
familia tradizionalaz dugun ikusmoldea idealizatzea, Nazareteko familiaren
ereduaren araberakoa izango balitzan. Jesusi jarraitzeak batzuetan eska lezake
zalantzan jartzea eta eraldatzea geure baitan oso errotuak ditugun familiari
buruzko eskemak eta ohiturak.
Familia
ez da Jesusentzat zer absolutua eta ukiezina. Are gehiago. Erabakitzailea ez da
odol-familia, baizik gizakiek eraikiz joan behar dugun familia handi hori,
guztien Aita bakarraren desioa entzunez. Jesusen gurasoek berek ere ikasiz joan
behar izan zuten, eta ez arazorik eta gatazkarik gabe.
Lukasen
kontakizunaren arabera, gurasoak larri ibili dira Jesusen bila, haietaz kezkatu
gabe, haurrak utzi egin dituela konturatu direnean. Nolatan joka lezake
horrela? Horixe aurpegiratu dio amak aurkitu duten bezain laster: «Seme, zertan eman diguzu tratu hau? Jakizu,
aita eta biok larri ibili garela zure bila». Eta semeak ustekabeko erantzun
honekin zur eta lur utzi ditu: «Zertan
ibili zarete nire bila? Ez ote zenekiten Aitaren etxean egon beharra dudala? »
Gurasoek
«ez zioten ulertu». Bere familiari
buruzko esanak eta jokabidea hausnartuz eta pixkana aurkitu zuten hau gurasoek:
Jesusentzat lehenengo gauza gizadi-familia dela: gizarte haurridetsuagoa,
zuzenagoa eta solidarioagoa, Jainkoak nahi duenez.
Ezin
ospatu dugu gaurko jai hau erantzukizunez, geure fedearen erronka entzun gabe.
Nolakoak dira gure familiak? Konprometiturik bizi al dira, gizartea hobea eta
gizabidezkoagoa izan dadin, ala beren zilborrari atxikirik bizi dira? Beren
heziketan solidaritatea al dute xede, bakea garatzea, premian direnekiko
sentiberatasuna, errukia, ala aseezineko ongizate berekoia, ahalik
irabazpiderik handiena, gainerakoez ahaztea?
Zer
ari da gertatzen gure etxean? Fedeaz axolarik bai? Jesu Kristoz gogoratzen?
Otoitza nola egin ikasten? Ala axolarik eza ematen eta garatzen da soilik?
Sinesterik eza? Jainkoaren hutsunea? Zer du heziketak helburu: erantzukizunezko
kontzientzia morala, osasuntsua, kristau-fedearekin koherentea faboratzea, ala
azaleko biziera, jomugarik eta idealik gabea, irizpiderik eta azken zentzurik
gabea faboratzea?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko abenduaren 30a
BESTE TANKERA BATEKO FAMILIA
Katolikoen
artean senez bezala defenditzen da familiaren balioa, baina ez diogu ematen
beti familia-egitasmoaren eduki konkretuaz gogoeta egiteari, Ebanjelioaren
arabera hartuz eta biziz. Nolakoa izango litzateke Jesusengan inspiratutako
familia bat?
Jesusen
arabera, Kreatzailearen misterioan du jatorria familiak; emakumea eta
gizonezkoa «haragi bakarra» izatera erakartzen ditu Kreatzaileak, beren bizitza
partekatuz, batak besteari buru-eskaintza eginez, maitasun aske eta doakoak
arnasturik. Hau da lehenengo gauza, eta erabakitzailea. Gurasoen
maitasun-esperientzia honek sor dezake familia osasuntsua.
Beren
maitasunaren dei sakonari jarraituz, bizi berri baten sorburu bihurtzen dira
gurasoak. Horixe dute beren eginkizunik kilikagarriena. Beraien maitasunari
sakontasun eta horizonte berri bat ematen ahal dizkiona. Beraien egintza
sortzailea, munduan, betiko sendotzen ahal duena.
Seme-alabak
erregalu bat dira eta erantzukizun bat. Erronka zaila baina atsegin parerik
gabea. Jesusen jarduerak, beti jende txikia defendituz eta haurrak besarkatuz
eta bedeinkatuz, oinarrizko jarrera iradokitzen du: munduko ibilaldia hasten
dutenen bizitza hauskorra defenditzea. Ezin eskainiko die inork ezer hoberik.
Familia
kristau batek esperientzia berezi bat bizitzera jotzen du gaur egungo gizarte
honetan, axolagabe eta agnostiko honetan: bere sutondoa Jesusen arabera
eraikitzera. «Bi edo hiru nire izenean elkartzen direnean, han nagoke ni haien
artean». Jesus da familiaren bizitza sanoa arnasten, sostengatzen eta
norabidetzen duena.
Familia,
orduan, eremu pribilegiatu bihurtzen da, kristau-fedearen esperientziarik
oinarrizkoenak bizitzeko: konfiantza Jainko Onberagan, gizakiaren adiskideagan;
Jesusen biziera erakarle gertatzea; Jainkoaren egitasmoa aurkitzea, guztientzat
mundu duinago, zuzenago eta maitagarriago bat eraikitzeko. Familian Ebanjelioa
irakurtzea esperientzia erabakitzailea da honetarako guztirako.
Fede
xume baina grinatsuaz Jesus bizi duten etxe batean, onarpen handiko familia
hazten da, premiarik handiena dutenen sufrimenduaz sentibera, munduan gizatasun
handiagoa ezartzeko konprometitua. Bere arazoetan hesitzen ez dena familia,
baizik eta giza familia osoari irekia.
Problema
desberdinek gainditurik ikusten du guraso askok gaur egun beren burua, eta
bakartiegi, beren eginkizuna bete ahal izateko. Ez ote lukete jasotzen ahal
laguntza zehatzago eta eginkorrago bat kristau-elkarteen aldetik? Guraso
fededun askori on handia egingo lioke elkarrekin aurkitzeak, beren kezkak
partekatzeak eta elkar sostengatzeak. Ez da jokabide ebanjelikoa gurasoei
eginkizun heroikoak eskatu eta, ondoren, haien borrokaz eta buruhausteez
axolagabe bizitzea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko abenduaren 27a
ZER FAMILIA?
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.