Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Mendekostearen igandea (C)
EBANJELIOA
Aitak
ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet. Hartzazue Espiritu
Santua.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20,19-23
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean,
ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik
zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez:
«Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien.
Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien:
«Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala,
nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien:
«Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak
barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena
ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Jaunak esana.
Edo:
Espiritu
Santua gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14, 15-16. 23b-26
Egun hauetan, Jesusek bere ikasleei esan
zuen:
“Maite banauzue, beteko dituzue nire
aginduak. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti
zuekin izango dena.”
“Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire
Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta
berarengan biziko.
Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen
nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena
baizik”.
“Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia.
Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta
berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko”.
Jaunak esana.
HOMILIA
2016ko maiatzaren 15ea
+ Joan 14,15-16.23b-26
ESPIRITU SANTUARI DEI
Zatoz,
Espiritu kreatzailea, eta isuri gu baitan Jesusen indarra eta hatsa. Zure
eraginik eta laguntzarik gabe, ezin dugu harengan sinetsi; ezin ausartu gara
haren urratsei jarraitzera: Eliza ez da eraberrituko; gure esperantza itoko da.
Zatoz eta kutsa gaitzazu Jesusen bizi-hatsez!
Zatoz,
Espiritu Santua, eta ekarri guri gogora Jesusek esan ohi zituen hitz onak. Zure
argirik eta harekiko zure testigutzarik gabe, ahaztuz joanen gara Jainkoaren
aurpegi ona; letra hil bihurtuko da Ebanjelioa; Elizak ezin hots eginen du
albiste onik. Zatoz eta irakats iezaguzu Jesusi bakarrik entzuten!
Zatoz,
Egiaren Espiritua, eta egizu Jesusen egian ibil gaitezen. Zure argirik eta
gidaritzarik gabe, ezin izanen gara sekula geure erroretik eta gezurretik
libratu; ez da ezer berririk eta egiazkorik gu baitan erneko; itsuaurreko izan
nahi duen itsuaren antzeko izanen gara. Zatoz eta bihur gaitzazu Jesusen ikasle
eta testigu!
Zatoz,
Aitaren Espiritua, eta irakats iezaguzu Jainkoari «Abba» esaten, Jesusek egin
ohi zuen bezala. Zure berotasunik eta zure alaitasunik gabe, beren Aita galdu
duten umezurtzak bezalako izanen gara; ezpainez dei eginen diogu Jainkoari,
baina ez bihotzez; gure otoitza hitz huts izanen da. Zatoz eta irakats iezaguzu
Jesusen hitzez eta bihotzaz otoitz egiten!
Zatoz,
Ontasun Espiritu, eta bihur gaitzazu Jesusek estreinatu zuen «Jainkoaren
erreinuaren» egitasmora. Zure indar eraberritzailerik gabe, inork ez du
bihurtuko gure bihotz nekatua; ez dugu ausardiarik izanen mundu gizatarragoa
eraikitzeko, Jainkoak nahi bezala; zure Elizan azkenak ez dira sekula lehenengo
izanen; eta guk erdi lo jarraituko dugu geure erlijio burgesean. Zatoz eta egin
gaitzazu lankide Jesusen egitasmoan!
Zatoz,
Maitasun Espiritua, eta irakats iezaguzu elkar maitatzen, Jesusek maite ohi
zuen maitasunez. Zu gure artean bizitasunez bizi gabe, Elizaren komunioa
zartatu eginen da; hierarkia eta herria urrunduz joanen dira gero eta gehiago;
zatiketa handitu eginen da, elkarrizketa itoko eta intolerantzia haziko. Zatoz
eta biziaraz ezazu gure bihotzean eta gure eskuetan Jesusen antzeko eginen
gaituen haurride-maitasuna!
Zatoz,
Espiritu Askatzailea, eta gogorazi guri aske izateko askatu gintuela Kristok
eta ez esklabotzak berriro zapaldu gaitzan uzteko. Zure indarrik eta zure
egiarik gabe, Jesusekiko gure jarraitze gozoa esklaboen moral bilakatuko da; ez
dugu ezagutuko bizia dakarren maitasuna, baizik bizia hiltzen duen
geurekoikeria; ito eginen da gu baitan Jainkoaren seme-alabak hazarazten dituen
askatasuna eta, beste behin, beldurraren, koldarkeriaren eta fanatismoaren
biktima izanen gara. Zatoz, Espiritu Santua, eta kutsa gaitzazu Jesusen
askatasunez!
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko maiatzaren 19a
+ Joan
20,19-23
SALBAZIO
PREMIAN
Elizak ez du
Jainkoaren Espiritu Santuaren jabetzarik. Espiritu Santua ez da erlijioena
bakarrik. Espiritua mundu osora jaitsi dadin eskatu behar dugu, hain handia
baitu salbazio-premia.
Zatoz,
Jainkoaren Espiritu kreatzailea. Zure mundu honetan ez da bakerik. Zure
seme-alabak elkar hiltzen ari dira, era itsu eta ankerrean. Ez dakigu geure
liskarrak konpontzen, armen indar suntsitzailera jo gabe. Ohitu egin gara
gerlak odoldutako munduan bizitzen. Iratzar ezazu gugan gizaki ororekiko
begirunea. Egin gaitzazu bake-eraikitzaile. Ez gaitzazu utzi gaizkiaren
boterepean.
Zatoz,
Jainkoaren Espiritu askatzailea. Zure seme-alabetarik asko diruaren esklabo
bizi da. Gizatasun handiagoko mundu baterantz bide egitea eragozten digun
sistema batek harrapaturik. Boteretsuak gero eta aberatsago dira; ahulak gero
eta pobreago. Eragin ezazu gugan mundu zuzenago baten alde jokatzeko indarra.
Egin gaitzazu erantzuleago eta solidarioago. Ez gaitzazu utzi geure egoismoaren
atzaparren pean.
Zatoz,
Jainkoaren Espiritu berritzailea. Gizadia hautsia dago eta zatikatua. Zure
seme-alabetako gutxiengo bat, gero eta gizatasun txikiagoko bihurtzen gaituen
ongizateaz ari gara gozatzen. Gehiengo handi bat goseak hiltzen ari da,
miseriaz eta elikatze-eskasiaz. Gure artean hazten ari da parekotasun-eza eta
baztertze soziala. Iratzar ezazu gugan zuzenaren alde jokatzen duen errukia.
Irakats iezaguzu beti azkenekoak defenditzen. Ez iezaguzu utzi bizitzen bihotz
gaixo batekin.
Zatoz,
Jainkoaren Espiritu kontsolatzailea. Zure seme-alabetarik asko bizi da
maitasuna, sutondoa edo adiskidetasuna zer den ezagutu gabe. Beste batzuk hor
dabiltza galdurik eta esperantzarik gabe. Ez dakite zer den bizitza duin bat,
soilik ziurtasun-eza, ikara edo depresioa bizi dute. Berrindartu ezazu gugan
sufrimendua dutenekiko ardura. Irakats iezaguzu bakartuago bizi direnengandik
hurbilago bizitzen. Senda gaitzazu axola-faltatik.
Zatoz,
Jainkoaren Espiritu ona. Zure seme-alabetarik askok ez du ezagutzen ez zure
maitasuna, ez zure errukia. Zugandik urrundu egin dira, zure beldur direlako.
Gure gazteek ez dakite jada zurekin hitz egiten. Zure izena ezabatzen ari da
jendearen bihotzean. Iratzat itzazu gugan zurekiko fedea eta uste osoa. Egin
gaitzazu zure Berri Onaren eroale. Ez gaitzazu utzi umezurtz.
Zatoz,
Jainkoaren Espiritu bizitzailea. Zure seme-alabok ez dakigu bizia zaintzen. Ez
dakigu aurrera egiten gauzak suntsitu gabe; ez dakigu hazten gauzak pilatu
gabe. Zure mundu hau gero eta segurtasun gutxiagoko, gero eta arriskutsuago
bihurtzen ari gara. Jende askorengan handituz doa ikara, eta itzaltzen ari da
esperantza. Ez dakigu norantz goazen. Isur ezazu gu baitan zure hats kreatzailea.
Egizu jo dezagula bizitza sanoago baterantz. Ez gaitzazu utzi bakarrik. Salba
gaitzazu!
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2010ko maiatzaren 23a
+ Joan
14,15-16.23b-26
ESPIRITU SANTUARI DEI
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.