lunes, 16 de mayo de 2016

2016-05-22 - Hirutasun Santua (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hirutasun Santua (C)


EBANJELIOA

Aitak duen oro nirea da; Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 16,12-15

Dembora haietan Jesusek bere ikasleei esan zien:
«Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete gauza ondo ulertzeko. Baina egiaren Espiritua etortzean, egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue.
Berak nire Jainko-aintza azalduko du, adieraziko dizuena niregandik hartuko baitu.
Aitak duen oro nirea da. Horregatik esan dizuet Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko maiatzaren 22a

JAINKOAREN MISTERIOARI BIHOTZA IREKI

Mendeetan barna, teologoek eginahal handiak burutu dituzte Jainkoaren misteriora hurbiltzeko, Hirutasunaren baitan jainkozko pertsonak elkartzen eta bereizten dituzten harremanak kontzeptu-eraikuntza desberdinez formulatu nahiz. Dudarik gabe, bidezko ahalegina da, Jainkoarekiko maitasunari eta desioari dariona.
Jesusek, alabaina, ez du hartu bide hori. Jainkoaz duen bere esperientziatik, gonbit hau egin digu bere jarraitzaileei: Jainko Aitarekin konfiantzaz jardun dezagun, bere, haragi egindako Jainkoaren Semearen, urratsei jarrai diezaiegun, eta Espiritu Santuari gida eta arnastu gaitzan uzteko gonbita da. Horrela, Jainkoaren misterio santuari geure bihotza irekitzen irakatsi digu.
Beste ezer baino lehen, Jesusek jarraitzaileak Jainko hurbil, onbera eta bihozkoiaren seme-alaba bezala bizitzera gonbidatu ditu, zeini guztiok Aita maite bezala dei egiten ahal baitiogu. Aita honen ezaugarriak ez dira ahalmena eta indarra, baizik onberatasuna eta mugarik gabeko errukia. Inor ez da bizi bakarrik. Guztiok dugu geure Aita, beste inork ez bezala ulertzen, maite eta barkatzen diguna.
Jesusek agertu digu ezen Aita honek bihotzetik darion egitasmoa duela: bere seme-alaba guztiekin mundu gizatarragoa eta haurridezkoagoa eraikitzea, zuzenagoa eta solidarioagoa. «Jainkoaren erreinu» izena eman dio Jesusek, eta guztiak gonbidatu ditu Aitaren egitasmo horretan murgiltzera, guztientzat bizitza zuzenagoa eta duinagoa bilatuz, beti ere haren seme-alaba pobreenak, babesgabeenak eta premia handiagokoenak lehen tokian emanez.
Aldi berean, Jesusek honetara gonbidatu ditu jarraitzaileak: beragan konfiantza izatera: «Ez bedi larritu zuen bihotza. Jainkoagan sinesten duzue; sinetsi nigan ere». Jainkoaren Semea da Jesus, bere Aitaren irudi bizia. Guztien Aitak nola maite gaituen agertu digute haren hitzek eta keinuek. Horregatik, berari jarraitzera gonbidatu ditu guztiak. Aitaren egitasmoaren zerbitzuan konfiantzaz eta leial bizitzen irakatsiko digu.
Bere jarraitzaileen taldearekin, familia berria eratu nahi du Jesusek, zeinetan guztiek «Aitaren nahia betetzea» izango baitute xede. Hau da lurrean utzi nahi izan duen ondarea: anai-arreben mugimendu bat, txikienen eta ezinduenen zerbitzurako. Aitak nahi duen mundu berriaren sinbolo eta ernamuin izanen da familia hau.
Horretarako, Aita eta honen Seme Jesus arnasten dituen Espiritua onartu beharra dute jarraitzaileek: «Zuen baitara etorriko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue eta nire lekuko izango zarete». Jainkoaren maitasuna da Espiritu hau, Aitak eta Semeak partekatzen duten hatsa, Jesusen jarraitzaileak honen testigu eta Hirutasun Santuaren egitasmo handiaren zerbitzuan lankide egingo dituen bulkada eta bizi-energia.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko maiatzaren 26a

ONBERATASUNAREN MISTERIOA

Mendeen joan-etorrian, teologoak saiatu dira Jainkoaren misterioa ikertzen, haren izaera edo natura kontzeptualki sakonduz eta beren ondorioak hizkuntza desberdinez adieraziz. Alabaina, sarritan, agertu baino gehiago ezkutatu egiten dute misterioa gure hitzek. Jesusek ez du hitz askorik egin Jainkoaz. Soil-soilik eskaini digu bere esperientzia.
Jainkoari «Aita» deitzen dio Jesusek, eta onberatasun-misterio bezala esperimentatu du. Presentzia on bezala bizi izan du Aita, bizitza bedeinkatzen duena bezala, bere seme-alabei dei egiten diena bezala gizakiari kalte egiten dion ororen kontra borroka egitera. Fededunek «Jainko» deitzen dugun errealitatearen azken misterio hori Presentzia bat da Jesusentzat, hurbilekoa eta adiskidetsua, munduan, gurekin eta gure alboan, bide bat urratzen ari dena, gizatasun handiagoko giza bizitza sortzeko.
Mundua eraldatzeko bere egitasmoan, Jesusek ez du sekula aparte utzi Aita. Ezin hartu du Aita atzemanezineko misterioan triku eginik balego bezala, bere seme-alaben sufrimenduari atzea emanik bizi balitz bezala. Horregatik, Jainko horren misterio horri begira bizitzeko eskatzen die Jesusek bere jarraitzaileei, bere egitasmoaren Berri Ona sinesteko, berarekin bat egiteko guztientzat zuzenagoa eta zoriontsuagoa izango den munduaren alde, eta beti bila ibiltzeko bere zuzentasuna, bere egia eta bere bakea gure artean gero eta errotuagoak izan daitezen.
Bestetik, Jesusek bere burua Jainko horren «semetzat» esperimentatzen du, lurrean jaio dena, Aitaren egitasmo gizatasunezkoa eragin eta gizakia bere behin betiko betearen betera, heriotzaren beraren gainetik, eramateko. Horregatik, Aitaren nahiaren bila ibiliko da beti. Harekiko leialtasunak haren seme-alaben ongia bilatzera eragingo dio beti. Jainkoarekiko Jesusen grina sufritzen duten guztiekiko erruki bilakatuko da.
Horregatik, Jesusen, Jainkoaren Semearen, bizitza guztia honetan gauzatuko da: bizitza sendatu eta sufrimendua arintzean, biktimak defenditu eta halakoentzat zuzentasuna eskatzean, onberatasun-keinuak ereitean, eta guztiei Jainkoaren doako errukia eta barkazioa eskaintzean, hau da, Aitagandik datorren salbazioa eskaintzean.
Azkenik, Jesusek beti Jainkoaren «Espirituak» eraginda dihardu. Aitarekiko maitasunak bidali du pobreei hots egitera bere egitasmo salbatzailearen Berri Ona. Jainkoaren hatsak mugiarazi du bizitza sendatzera. Espirituaren indar salbatzailea agertu du Jesusek ibilbide profetiko guztian.
Espiritu hori ez da itzaliko munduan Jesusek alde egitean. Jesusek berak hitzeman die hori ikasleei. Espirituaren indarrak Jesusen, Jainkoaren Semearen, lekuko bihurtuko ditu, Aitaren egitasmo salbatzailean lankide. Horrela bizi dugu kristauok, praktikan, Hirutasunaren misterioa.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko maiatzaren 30a

JAINKOAREN MISTERIOARI BIHOTZA IREKI

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.