Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 13. Igandea (C)
EBANJELIOA
Eliseo jaiki zen eta Eliasi jarraitu zion.
Erregeak lehenengo liburutik 19,16b. 19-21
Egun haietan Jainkoak
esan zion Eliasi:
– Gantzutu Abel-Meholako
Xafaten seme Eliseo, zure ondorengo profeta izan dadin.
Joan zen handik Elias
eta Xafaten seme Eliseo aurkitu zuen goldean; hamabi idi-pare zituen aurretik,
Eliseok hamabigarrena zeramalarik. Ondotik igarotzean, Eliasek bere
soingainekoa bota zion Eliseori gainera.
Eliseo, orduan,
idi-parea utzirik, Eliasen ondoren joan zen lasterka, eta esan zion:
– Uztazu, arren,
aita-amei agur esaten, eta joango naiz zure ondoren.
Eliasek erantzun:
– Zoaz, baina itzul
zaitez. Oroitu zer egin zaitudan.
Aldendu zen Eliseo
Eliasengandik, hartu zuen idi-parea eta oparitzat eskaini zuen; idien uztarriaz
sua egin eta erre zuen okela eta jaten eman zion jendeari. Jaiki zen gero eta
Eliasi jarraitu zion morroi bezala.
Jaunak esana.
HOMILIA
2016ko ekainaren 26a
Ez txokoari loturik, ez atzera
begira
Jesusi
jarraitzea da kristau-bizitzaren bihotza. Funtsa. Ez da gauza
garrantzizkoagorik edo erabakitzaileagorik. Lukasek hiru pasadizo txiki
dakartza, beraren ebanjelioa irakurriko dutenak jabetu daitezen ezen, Jesusen
ustez, ez dela ezer premiazkoagorik eta atzeraezinekorik.
Irudi
gogorrak eta eskandalagarriak darabiltza Jesusek. Bistan da ezen jendearen
kontzientzia astindu nahi duela. Ez dabil jarraitzaile gehiagoren bila, baizik
jarraitzaile konprometituagoen bila: mugarik gabe jarraituko diotenak,
sasi-segurtasunei uko eginez, beharrezko diren hausturak baitaratuz. Haren
hitzek azken batean galdera bakar hau harrotzen dute: zein harreman ezarri nahi
dugu geure burua haren jarraitzailetzat ematen dugunok?
Lehenengo
pasadizoa. Bidelagun dituenetako batek halako erakarmena sentitzen du
Jesusekiko, non, Jesusek deitu aurretik, bera aurreratzen baita esatera: «Jarraitu dizut noranahi zoazela». Zer
esaten ari den konturatu dadin nahi du Jesusek: «Azeriek badituzte zuloak, eta hegaztiek habiak»; gizonaren semeak,
berriz, «ez du burua non ezarri».
Abentura
hutsa da Jesusi jarraitzea. Jesusek ez die eskaintzen bereei ez segurtasunik,
ez ongizaterik. Ez die laguntzen dirua irabazten edo boterea eskuratzen. Jesusi
jarraitzea «bidean bizitzea da», ongizateari lotu gabe eta erlijioan
sasi-babesik bilatu gabe. Ez da zoritxarra Eliza hain boteretsua ez izatea eta
zaurigarriago gertatzea. Gerta dakigukeen gauzarik hoberena da hori, geure
fedea garbi egiteko eta Jesusengan konfiantza handiagoa ezartzeko.
Bigarren
pasadizoa. Beste lagun bat prest da Jesusi jarraitzeko, baina lehenik eta behin
betebehar erlijiosoetako bat, «bere
aitari lur ematea», betetzen uzteko eskatu dio. Hori ezin gerta dakioke
arrotz inongo juduri, zeren betebehar erlijioso handienetakoa baitute.
Txundigarri da Jesusen erantzuna: «Utzi
ezazu hildakoek beren hildakoei lur eman diezaieten: zu, zoaz Jainkoaren
erregetza hots egitera».
Jainkoaren
erregetzari bidea irekitzea da beti zereginik premiazkoena, bizitza
gizatarragoa egite aldera. Ezerk ez dezake atzerarazi gure erabakia. Inork ez
digu eutsi behar, ez galgatu. «Hildakoek», biziaren erregetzaren zerbitzura
bizi ez diren haiek, jardungo dute Jainkoaren erregetza eta haren zuzentasuna
bezain premiatsuak ez diren beste betebehar erlijiosoak betetzen.
Hirugarren
pasadizoa. Jesusen ondoren hasi aurretik, bere familiari agur egin nahi dion
hirugarren bati, hau diotso Jesusek: «Goldeari
heldu eta atzera begira jartzen dena ez da gai Jainkoaren erreinurako».
Ezin jarrai dakioke Jesusi atzera begira jarririk. Ezin zaio biderik ireki
Jainkoaren erregetzari iraganean geldituz. Aitaren egitasmoaren arabera lan
egiteak hari guztiz emanik jardutea eskatzen du, konfiantza Jainkoaren geroan
jartzea, Jesusen urratsen ondoren ausardiaz bide egitea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko ekainaren 30a
NOLA JARRAITU JESUSI
Jesusek
deliberatuki ekin dio Jerusalemerako bideari. Jakinaren gainean da han izango
duen arriskuaz, baina ezerk ez dio atzera eginarazi. Bere bizitzak xede bakarra
du: Jainkoaren erreinuaren egitasmoa hots egin eta sustatu. Ibilbidea gaizki
hasi da: samariarrek uko egin diote. Jesus, ordea, egina dago horretara: gauza
bera gertatu zaio Nazaret bere herrian.
Jesusek
badaki ez dela gauza erraza beraren bidelagun izatea, profeta ibiltariaren
bizitzan. Ezin eskaini die bere jarraitzaileei segurtasunik eta osperik,
lege-maisuek beren ikasleei bezala. Jesusek ez du inor engainatu nahi. Jarraitu
nahi diotenek ikasi beharra izango dute bera bezala bizitzen.
Bidean
doazela, ezezagun bat hurbildu zaio. Gogotsu ageri da: «Noranahi zoazela
jarraituko dizut». Beste ezer baino lehen, Jesusek adierazi dio ez dezala
espero beragandik segurtasunik, probetxurik, ongizaterik. Berak ere «ez du bere
burua non ezarririk». Ez du etxerik, eskaintzen diotena jaten du, ahal duen
lekuan lo egiten.
Ez gaitezen
engainatu. Jesusi zinez jarraitzea eragozten digun oztopo handia, gaur egun,
bizileku dugun ongizatea da. Beldurra diogu Jesus aintzat hartzeari, zeren bai
baitakigu era eskuzabalago eta solidarioagoan bizitzea eskatuko ligukeela.
Geure ongizate txikiaren esklabo gara. Agian, ekonomi krisiak bihur gaitzake
gizatasun handiagoko eta kristauago.
Beste batek
eskatu dio Jesusi utz diezaiola, berari jarraitu aurretik, aitari lur ematera
joaten. Hitz-joko zirikatzaile eta enigmatikoz erantzun dio Jesusek: «Utzi
hildakoek hildakoei lur eman diezaieten; zu zoaz Jainkoaren erreinua hots
egitera». Hitz nahastaile hauek koloka jartzen dute gure biziera
konbentzionala.
Zabaldu
beharra dugu mugitzen garen ikusmira. Familia ez da den guztia. Bada
garrantzizkoagorik. Jesusi jarraitzea erabakitzen badugu, gogoan hartu beharra
dugu giza familia osoa ere: inork ez luke bizi behar etxerik gabe, aberririk
gabe, paperik gabe, eskubiderik gabe. Guztiok egiten ahal dugu zerbait gehiago
mundu zuzenago eta anai-arreba artekoago baten alde.
Beste bat
prest dago Jesusi jarraitzeko, baina, aurrez, agur egin nahi dio familiari.
Hitz txundigarri hauek bota dizkio Jesusek: «Goldeari atxiki eta atzera begira
jarraitzen duenak ez du balio Jainkoaren erreinurako». Jesusen egitasmoan
lankide izateak hari erabat emana bizitzea esan nahi du, aurrera begira bizitzea
zabartu gabe, etorkizunerantz bide egitea iraganean hesitu gabe.
Duela gutxi,
Frantzisko aita santuak Elizan gaur egun gertatzen ari den gauza batez
ohartarazi gaitu: «Beldur gara Jainkoak beste bide batetik eramango ote
gaituen, sarritan mugatuak, itxiak eta egoistak diren geure ohiko
horizontetatik ateraraziz, bereetara bideratzen gaituelarik».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2010ko ekainaren 27a
Ez txokoari loturik, ez atzera
begira
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.