Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 14. Igandea (C)
EBANJELIOA
Haren gain kokatuko da zuen bakea.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 10,1-12. 17-20
Ondoren, Jaunak beste
hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera
joatekoa zen herri eta toki guztietara. Eta esan zien:
– “Uzta ugaria da, baina
langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere
untara.
Zoazte! Bildotsak otso
artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik,
eta ez gelditu bidean inori agur egiten.
Edozein etxetan sartzen
zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei”. Han bakezalerik baldin
badago, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, hutsean geldituko da zuen
agurra .
Geldi zaitezte etxe
berean, eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez
ibili etxez etxe.
Herriren batean sartu
eta ongi hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako
gaixoak eta esaiezue: “Gainean duzue Jainkoaren erregetza”.
Baina herriren batean
sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan:
“Oinetan itsatsi zaigun
zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakin ezazue gainean
duzuela Jainkoaren erregetza”.
Hona nik esan:
Auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du herri hark baino.”
Hirurogeita hamabi
ikasleak poz-pozik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi:
– “Jauna, deabruak ere
menpean jartzen zaizkigu zure izena aipatzean.”
Jesusek esan zien:
– “Tximista bezala
zerutik erortzen ikusi dut Satanas.
Begira, sugeak eta
eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menderatzeko ahalmena eman
dizuet, eta ezin izango dizue ezerk kalterik egin.
Halaz guztiz ere, ez
poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan
idatzirik daudelako.”
Jaunak esana.
HOMILIA
2016ko uztailaren 3a
EBANJELIOAREN EROALEAK
Jesusen
hitzaldi inportante bat moldatu du Lukasek, Hamabiei ez baizik ikasle-talde
handi bati zuzendua, Jainkoaren erreinuaren egitasmoan bere lankide izateko
bidaltzen dituelarik.Jesusen hitzak gutun fundatzaile baten antzeko dira,
jarraitzaileek beren zeregin ebanjelizatzailea non elikatu izan dezaten. Hona
zenbait ildo nagusi.
«Ekin bideari». Behin eta berriz ahazten
dugun arren, Jesusen bidaltzeak markatua da Eliza. Horregatik, gauza
arriskutsua da bere erlijioa zaintzeko eta garatzeko Jesusek fundatutako
erakundea bailitzan hartzea. Jesusen jatorrizko nahiari hobeto datorkio
Elizaren beste irudi hau: historian barna bidaltzearen logikaren arabera bide egiten
duen mugimendu profetikotzat hartzea: bere baitatik irtenik, gogoan gainerakoak
izanik, munduari Jainkoaren Berri Ona eskainiz. «Eliza ez da beretzat, baizik
gizadiarentzat» (Benedikto XVI.a).
Horregatik
da hain arriskutsua geure interes propioen inguruan hesitu nahi izatea, geure
iraganaren, geure lorpen doktrinalen, geure jardueren eta ohituren inguruan.
Are gehiago, hori guztia munduarekiko geure harremanak gogortuz egingo bagenu.
Zer izango litzateke Eliza zurrun bat, zaharkitu bat, bere baitan itxia
litzatekeen bat, Jesusen profetarik eta Ebanjelioaren eroalerik gabe bat?
«Herri batean sartuko zaretenean… sendatu
gaixoak eta esan: hurbil duzue Jainkoaren erreinua». Hauxe da albiste
handia: Gugandik hurbil da Jainkoa, geure bizitza gizatarrago egitera eragiten
digularik. Baina ez da aski egia bat oihukatzea, erakargarri eta gustagarri
bihurtzeko. Alde horretatik, beharrezkoa da geure jarduera berrikus dezagun.
Zerk eraman dezake jendea gaur egun Ebanjeliorantz? Nola suma dezake Jainkoa
zerbait berri eta on bezala?
Segur aski,
egungo mundua egiaz maitatzea falta zaigu, ez dakigu nola iritsi egungo
gizon-emakumeen bihotzera. Ez da aski aldaretik hitzaldia egitea. Ikasi beharra
dugu gehiago entzuten, onartzen, sufritzen ari den jendearen bizitza sendatzen…
Horrela bakarrik aurkituko ditugu hitz apalak eta onak, jendea Jesusengana
hurbilarazteko; haren bihozberatasun mugagabeak jarriko gaitu guztiok
harremanetan Jainkoarekin, guztion Aita On den harekin.
«Etxe batean sartuko zaretenean, esan
lehenik: Bakea etxe honi». Jesusen Berri Ona erabateko errespetuarekin
bakarrik komunika daiteke, jarrera adiskidetsu eta haurridezkotik, bakea
kutsatuz. Oker handia da goitasunetik ezarri nahi izatea, mehatxuka edo
erresuminez. Anti-ebanjelikoa da pertsonari maitasunik gabeko tratua ematea,
soilik gure mezua onartzen ez duelako. Baina nolatan onar lezake, baldin eta
Jesusen izenean aurkezten garenok bera ez dugula ulertzen sumatzen badu?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko uztailaren 7a
BERRITASUNARI BELDURRIK EZ
Frantzisko
aita santua erreguka ari zaio Elizari, bere baitatik irten dadin, beldurraz eta
bere probetxuaz ahazturik. Beti ere, jendearen eguneroko bizitzan sartzeko eta
Ebanjelioa aditzera emateko gizon-emakumeak sufritzen eta gozatzen ari diren
lekuan, borroka eta lana egiten duten lekuan.
Bere
hizkuntza garbiaz eta bere hitz bizi eta zehatzez, begiak ireki nahi dizkigu,
Elizak, bere jarrera autodefentsazkoan, itotzeko duen arriskuaz ohartarazteko:
«Eliza bere ate barruan ixten denean, gaixotu egiten da»; «bere baitan ixten
den Eliza gaixo bat baino nahiago dut, mila bider, Eliza gorabeheratsu bat».
Argia da
Frantziskoren lema: «Elizak bere baitatik irten beharra du periferiara,
kanpora, Ebanjelioaren testigantza egiteko eta gainerakoekin topo egiteko». Ez
ditu gogoan planteamendu teorikoak, baizik urrats zehatzak: «Irten gaitezen
geure baitatik pobretasunarekin topo egiteko».
Ondotxo daki
Aita Santuak zer ari den esaten. Berritze ebanjeliko sakonera eraman nahi du
gaur egungo Eliza. Ez da gauza erraza. «Berritasunak beldur-apur bat ematen
digu beti, zeren seguruago sentitzen baikara, dena kontrolpean baldin badugu,
guk geuk badugu eraikitzen, programatzen eta planifikatzen geure bizitza geure
eskemen, segurtasunen eta gustuen arabera».
Alabaina,
Frantzisko ez da «Jainkoaren berritasunaren» beldur. Mendekoste igandean Eliza
osoari egin dio galdera funtsezko bat, ondorengo urteetan erantzuna eman
beharko dioguna: «Prest al gaude Jainkoaren berritasunak aurkezten dizkigun
bide berriak egiteko ala erantzuteko gaitasuna galdua duten egitura
zaharkituetan hesitu nahi dugu?»
Ez dut
ezkutatu nahi neure poza Frantzisko aita santuak egiten digun deia entzutean;
hain juxtu ere, Elizan arnasa ebanjelizatzailea berritzeko deia, Jesusek berak
bere jarraitzaileengan ikusi nahi zuen arnasa. Lukas ebanjelariak gogorarazi
dizkigu Jesusen kontsignak: «Ekin bideari». Ez da zertan egon ezeren zain. Ezin
hesitu dugu Jesus geure parrokiako elizan. Eguneroko bizitzan ezagutarazi behar
dugu hura.
«Ez eraman
poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik». Modu xume eta apalean irten behar
dugu bizitzara. Pribilejiorik gabe, botere-egiturarik gabe. Ebanjelioa ezin
ezarri da indarrez. Kutsatu egiten da Jesusekiko fedetik eta Aitaganako
konfiantzatik.
Etxe batean
sartzean, esazue: «Bakea etxe honetakoei». Hori da lehenengo gauza. Utzi alde
batera inor gaitzestea, sendatu gaixoak, arindu munduan den sufrimendua. Esan
gizon-emakume guztiei Jainkoa hurbil dutela eta gizatasun handiagoko bizitza
egiteko lanean ikusi nahi gaituela. Horixe da Jainkoaren erreinuaren albiste
handia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2010ko uztailaren 4a
EBANJELIOAREN EROALEAK
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.