Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 22. Igandea (C)
EBANJELIOA
Bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu, eta bere burua beheratzen
duena, goratu.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 14,1. 7-14
Behin batean,
larunbatez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta
fariseuak zelatan zegozkion.
Ohartu zen Jesus
gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman
zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino
gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; hala balitz, biok gonbidatu
zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko
lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian. Alderantziz, gonbidatzen
zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan
diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara
mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo
baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».
Eta gonbidatu zuenari
esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak,
ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu
egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke. Aitzitik, otordu bat
ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. Zorionekoa zu orduan,
ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».
Jaunak esana.
HOMILIA
2016ko abustuaren 28a
ORDAINETAN EZER ESPERO GABE
Jesus
bazkaltzen ari da lurralde horretako fariseu handiki batek gonbidaturik.
Lukasek diosku fariseuak eten gabe zelatan dituela Jesusek. Halaz guztiz, libre
ikusten du bere burua Jesusek lehen eserlekuen bila dabiltzanak kritikatzeko
eta, are, gonbidatu duenari esateko aurrerantzean zein gonbidatu behar duen.
Gonbidatzaileari
egindako interpelazio hau harritzea da egiaz. Hitz argi eta xumez, nola jardun
esaten dio Jesusek: «Ez gonbidatu zeure
adiskideak, ez haurrideak, ez ahaideak, ezta auzoko aberatsak ere».
Alabaina, ba al da ezer jatorragorik eta naturalagorik asko maite gaituen
jendearekin loturak estutzea baino? Ez ote du Jesusek berak hori bera egin
Lazaro, Marta eta Mariarekin, Betaniako adiskideekin?
Aldi berean,
gogoan zein izan behar duen adierazten dio Jesusek: «Gonbida itzazu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak».
Behartsuek ez dute nola erantzun gonbitari. Elbarri, herren eta itsuengandik
ezin espero duzu ezer. Horregatik, inork ez ditu gonbidatzen. Ez ote da hori
gauza normala eta saihestezina?
Jesusek ez
dio uko egin familiarteko maitasunari, ezta adiskide arteko harremanei ere. Hau
da onartzen ez duena: harreman horiek izatea beti beste guztien gainetik
jartzen direnak, pribilegiatuak eta bakarrak. Mundu gizatarrago eta
haurridetasunezkoago baten bila, Jainkoaren erreinuaren dinamikan murgildu nahi
dutenei Jesusek gogorarazten die ezen pobreei eta babesgabeei ongi etorri
egitea harreman interesatuen eta gizarte-konbentzionalismoen gainetik ipini
behar dela.
Daitekeena
ote da, ordea, molde desinteresatuan bizitzea? Maita ote daiteke ordainetan
ezer espero gabe? Hain urrun bizi gara Jesusen Espiritutik, non, batzuetan,
adiskidetasuna eta familiarteko maitasuna bera baitaude interesak
baldintzaturik. Ez gaitezen engaina. Doakotasunaren bidea gogorra eta zaila da
ia beti. Gisa honetako gauzak ikasi beharrean gara: asko espero gabe ematen
jakitea, kasik ezer eskatu gabe barkatzea, hain atsegina ez den jendearekin
eroapen handiko izatea, laguntzea gogoan bestearen ona soilik izanik.
Beti
murriztu genitzake apur bat geure interesak, tarteka uko egiten ahal diegu
abantaila txikiei, beharrean bizi direnei poz pixka bat ezarri, geure
denboraren zatitxo bat eskaini dena geuretzat gorde gabe, doako zerbitzu koxkor
batzuetan parte hartu.
Fariseu
gonbidatzaileari hau esateraino ausartu da Jesus: «Zorionekoa zu ezin ordaindu badizute». Zoriontasun hau hain ahaztua gelditu da, non
kristau askok ez baitu entzun ere sekula horretaz hitz egiten. Halere, Jesusen
oso gogoko mezua dakar: «Zorionekoak
besteentzat bizi direnak, saririk jaso gabe. Zeruko Aitak sarituko ditu».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko irailaren 1
BAZTERTU GABE
Jesus
jaiotordu batera joan da, eskualdeko «fariseu handikietako batek» gonbidaturik.
Otordu berezia da, larunbatekoa, bezperatik arduraz prestatua. Ohi bezala,
gonbidatuak gonbidatzailearen adiskide dira, izen handiko fariseu, lege-maisu,
herri osoarentzat bizitza erlijiosoaren eredu.
Itxuraz,
Jesus ez dago batere eroso. Bere adiskide pobreen falta nabari du. Bidean
eskean ikusi ohi duen jende hura. Inork inoiz ere gonbidatzen ez duen hura.
Ezer ez den hura: bizikidetzatik baztertua, erlijioak ahaztua, ia guztiek
gutxietsia. Jende hori da bere mahaian eskuarki ikusi ohi dena.
Agur esan
aurretik, gonbidatu duenari mintzatzera doa Jesus. Ez doa otorduagatik eskerrak
ematera; alderantziz, haren kontzientziari astindu bat eman nahi dio, hain
konbentzionala ez den eta gizakoiagoa den biziera bat bizitzera gonbidatu nahi
du: «Ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere;
zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete… Aitzitik, otordu bat ematean,
gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ez
baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».
Beste behin,
bizitza gizakoiago bihurtzen ahalegindu da Jesus; horretarako, eskema eta
irizpide batzuk hautsi behar badira ere, oso errespetagarri direla iruditu
arren, azpi-azpian oztopo direnak mundua gizakoiago eta anai-arreba artekoago,
Jainkoak nahi bezalako, egiteko.
Eskuarki,
harreman familiar, sozial, politiko eta erlijiosoen ingurumen batean bizi ohi
gara; haietaz baliatzen gara geure interesak zaintzeko, baina kanpoan utziz
ekarpenik ezin egin digutenak. Geure bizitzara gonbidatu, beren aldetik gu
gonbidatu ahal gaituztenak gonbidatu ohi ditugu. Hori da guztia.
Probetxuzko
harremanen esklabo izan ohi gara; ez gara konturatzen, geure ongizatea
sostengatzeko, jende jakin bat baztertzera jotzen dugula: bizi ahal izateko
gure doako solidaritatearen premiarik handiena duena. Entzun ditzagun
Frantzisko aitaren santuaren ebanjelioaren arabera oihu hauek, Lampedusa uharte
koxkorrean botatakoak: «Ongizatearen kulturak sorgor bihurtu gaitu besteen
garrasiaren aurrean». «Axolarik ezaren globalizazioan murgildu gara».
«Erantzukizunaren zentzua galdu dugu».
Jesusen
jarraitzaileok gogoan izan behar dugu hau: Jainkoaren Erreinuari bideak
urratzea ez datzala gizarte erlijiosoago bat eraikitzean; ezta, beste sistema
batzuk bezala, posible den sistema politiko ordezko bat eragitean ere; baizik,
guztien gainetik, azkena den jendeagandik hasirik, guztientzat bizitza duinago
baterako baldintzak ahalbidetuko dituzten giza harremanak sortu eta garatzean.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2010ko abustuaren 29
ORDAINETAN EZER ESPERO GABE
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.