lunes, 2 de enero de 2017

2017-01-08 - Jaunaren Bataioa (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Jaunaren Bataioa (A)


EBANJELIOA

Bataiatu eta berehala, Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen.

+ Mateo 3, 13-17

Jesus Galileatik Jordanera etorri zen, Joanengana, honek bataia zezan. Joanek ez zion utzi nahi eta esan zion:
-Neu naiz zuk bataiatu beharrekoa, eta zu zatoz niregana?
Baina Jesusek erantzun zion:
-Uztazu orain, honela bete behar baitugu osoki Jainkoaren nahia.
Orduan, amore eman zuen Joanek.
Bataiatu eta berehala, Jesus uretatik irten zen. Hortan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin».

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko urtillaren 8a

BESTE ETAPA BAT

Jesusen profeta-jarduera kontatu aurretik, haren bizitza errotik aldatuko duen haren esperientzia batez mintzo zaizkigu ebanjelariak. Joanen bataioa hartu ondoren, Jesusek sentitu du Jainkoaren Seme maitea dela, goitik behera Espirituaz betea. Espiritu horrek arnasturik, Jesusek ibiliari eman dio guztiei hots egiteko, bere bizieraz eta mezuaz, gizakiaren adiskide eta salbatzaile den Jainko baten Berri Ona.
Ez da harritzekoa, Aita Santuak guztiok gonbidatzea datozen urteetan «beste etapa ebanjelizatzaile bat» bizitzera, eta guztioi gogoraztea Elizak behin ere baino beharrezkoagoa duela «Espirituaz ebanjelizatuko duen jendea». Ondotxo daki Jesusen Espirituak bakarrik ematen ahal digula indarra, Elizak behar duen errotiko konbertsioa abian ipini ahal izateko. Zein bidetan barna?
Elizaren berrikuntza hau Ebanjelioaren berritasunetik bakarrik etor daiteke. Hau nahi du Aita Santuak: jendeak entzun dezala Galileako bideetan barna Jesusek hots egiten zuen mezu hura bera, eta ez beste bat desberdina. «Sorburura itzuli behar dugu eta Ebanjelioaren jatorriko freskotasuna berreskuratu». Horrela bakarrik «hautsi ahal izango ditugu eskema aspergarriak, Jesu Kristori hesitzat ezarri nahi izan dizkiogunak».
Errotiko berrikuntza du buruan Aita Santuak; «gauzak dauden daudenean utzi ezin dituena; jada ez du balio administrazio soil batek». Horregatik eskatzen digu «bertan behera uztera “beti horrela egin izan da” delako irizpide pastoral erosoa»; behin eta berriz errepikatzen du: «Guztiak gonbidatzen ditut ausart eta kreatzaile izatera, birpentsatzera elkarteen beraien xedeak, egiturak, ebanjelizatzeko estiloa eta metodoak».
Eliza-mota honen bila dihardu Frantziskok: kezka bakarra, gaur egungo munduari Jesusen Berri Ona komunikatzea izango duena. «Beldurra, erratzeari baino gehiago, egitura hauei lotzeari izatea espero dut: atxikitze faltsu bat ematen digutenei, epaile gupidagabe bihurtzen gaituztenei, patxadan gelditzeko modua ematen diguten ohiturei, kanpoan jendetza-mundua goseak ikusi eta Jesusek esaten digularik: Emaiozue zeuek jaten».
«Ateak irekirik dituen Eliza bat» eraiki dezagun nahi du Aita Santuak; izan ere, Ebanjelioaren alaitasuna gizon-emakume guztiei dagokie eta ezin baztertu dugu inor ere. Zer poza entzutea Aita Santuaren ahotik Elizaren ikusmolde hau: Jesusen Espiriturik jatorrena berreskuratzen dituena, mendetan barna errotutako jarrerak hautsiz! «Sarritan portatzen gara graziaren kontrolatzaile bagina bezala, eta ez bide emaile bezala. Alabaina, Eliza ez da aduana bat, baizik eta Aitaren etxea da, non guztiek baitute nork bere lekua, bere bizitza lorrean duela».

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko urtarrilaren 12a

BESTE ETAPA BAT

(2016-2017ko A zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko urtarrilaren 9a

EZ OTE GARA GEU ARI ESPIRITUA ITZALTZEN?

Ebanjelioko kontakizuna Jesus Jordan ibaian murgildu izanaz mintzo bada ere, gauzarik garrantzizkoena ez da Bataiatzailearen eskuz hartu duen ur-bataioa, baizik Aitak bidali dion Espiritua hartu izana.
Bibliaren burubidearen arabera, Espiritu honek biziaraziko  du Jesus Jainkoaren bizi-arnasaz, bere maitasunez eta indar kreatzaileaz betez, jendea askatzera, eraldatzera eta bizia indartzera joan dadin. Horregatik, Jesusen lehen jarraitzaileek honelako profetatzat oroitzen zuten: «Jainkoak Espiritu Santuaz gantzuturik… on eginez eman zuen bizitza». Espiritu honek behar ditu arnastu Jesusen urratsei jarraitu nahi dietenak.
Gure egun hauetako krisi erlijiosoa halako indarrez ari da zabaltzen, non axola-eza erasaten ari baita jada fededunei berei. Zantzuak gero eta  kezkagarriagoak dira. Badira analizatzaileak bere burua kristau aitortzen duen jende baten fedea ere gesaltzen ari duen «barne ateismoa» salatzen dutenak.
Eliza ez da «esparru immunizatu» bat. Bada izatez Jainkoa kontuan hartzen ez duten betetzailerik. Aise bizi daiteke halako jendea hura gabe. Jainkoak ez du eraginik halakoen bizitzan, ez du Jainkoa bizi-arnasa. Jainkoarekin komunikaziorik ez duen erlijioa ari dira bizitzen. Praktikan, Jainkoa ez da ezer haientzat. Ohartu gabe, «Jainkoaren absentziaren kulturan» ari dira kokatzen.
Geldo jarraitu behar ote dugu egiazko fedearen galtze progresibo honen aurrean, geure etxeetan eta elkarteetan beretan ere? Ez ote gara gero eta ez-axolago bihurtzen dena kutsatzen ari den erlijioso-axolarik ezaren aurrean? Ez ote da iritsia erreakzionatzeko ordua?
Agian, hau da lehenengo gauza: jabetzea geu garela, agian, Elizaren baitan Espiritua itzaltzen ari garenak, geure itsutasuna eta geldotasuna direla medio. Iraupen-senak eraginda, iragana gordetzeari emanik bizitzeko arriskua dugu; agian, bihotz-berritzeari etengabe emanik bizitzea baino erosoagoa delako, Espirituaren sormenari irekiak bizitzea baino erosoagoa delako.
Segur aski, gehiago arduratu beharra dugu Jainkoarekin harremanak izateko moduaz, azaleko forma hutsalak, kanpotik bakarrik bizi ohi diren horiek alde batera utziz; Jainkoaren Misterio santuari ihes egiteko era izan baitaitezke horiek, haren aurrean espirituz eta egiaz jartzeko baino gehiago.
Ematen du inoiz baino premiazkoagoa dela sustatzea Kontzilio Vatikano II.ak «gogo biziz» eskatzen duen hau, hots, «esku-hartze betea, kontzientea, eginkorra ospakizun liturgikoetan»; zeren uste baitu «hori dela lehen iturria eta beharrezkoa, non xurgatuko baitu».

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Ikusi ere:

Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.