Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
4. Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Neu naiz ardientzako
atea.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Joanen liburutik 10, 1-10
Egun hartan, Jesusek esan zien: «Bene-benetan
diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta
harraparia. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. Hari irekitzen dio
atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi bakoitzari bere izenez
deitu eta artegitik ateratzen ditu. Bere ardi guztiak atera dituenean, aurretik
joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko;
aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako».
Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez
zuten ulertu zer esan nahi zien.
Orduan, honela azaldu zien Jesusek:
«Bene-benetan diotsuet: Neu naiz ardientzako atea. Nire aurretik etorritako
guztiak lapurrak ziren eta harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik
egin.
Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen
dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango larreak aurkitzeko.
Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta
hondatzera baizik. Ni, berriz, bizia –eta bizia ugari gainera– izan dezaten
etorri naiz.
Jaunak esana.
HOMILIA
2017ko maiatzaren 7a
BESTE HARREMAN BAT JESUSEKIN
Kristau-elkarteetan
beste harreman bat behar dugu bizi Jesusekin, harekiko harremana biziberrituz.
Deliberatuki jarri behar dugu bera geure bizitzaren bihotzean. Ohikeriazko
moduan aitortutako Jesus batetik, bizigiroan onartutako Jesusengana igaroz.
Joanen ebanjelioak garrantzizko hainbat iradokizun egiten ditu ardiek beren
Artzainarekin bizi behar duten harremanaz hitz egitean.
Lehenengoa
da, «haren ahotsa entzutea», beraren freskotasun eta jatortasun betean hartuz.
Nahastu gabe tradizioekiko errespetuarekin edota modaren berritasunarekin.
Nahastu edo zoratu gaitzaten utzi gabe beste ahots arrotz batzuek, Elizaren
barnean entzuten badira ere, Berri Ona komunikatzen ez dutenek.
Garrantzizkoa
da, Jesusek «geure izenaz» dei egiten digula sentitzea. Hark berak erakar
gaitzan utziz. Konturatzea pixkana, eta aldioro poz handiagoz, inork ez diela
erantzuten Hark bezala gure galdera erabakitzaileenei, gure gurari sakonenei
eta gure azken premiei.
Erabakitzailea
da, Jesusi «jarraitzea». Kristau-fedea ez datza Jesusez gauzak sinestean,
baizik hari berari sinestean: harengan konfiantza izanez bizitzean. Haren
bizierak inspira gaitzan uztean, geure bizitza norabidetzeko argiro eta
erantzukizunez.
Bizi-arazoa
da ibiltzea, Jesus «geure aurrean» dugula. Ez egitea geure bizitzaren ibilbidea
geuk bakarrik. Esperimentatzea halakoren batean, era traketsean bada ere,
posible dela bizitza bizitzea bere hondo-hondoan arnastuz; Jesusengan eskaini
zaigun Jainko horrengan arnastuz, geure teoria guztiak baino gizatarrago, adiskideago,
hurbilago eta salbatzaileago eskaintzen zaigun horrengan, alegia.
Jesusekiko
harreman bizi hau ez da jaiotzen gugan era automatikoan. Iratzarriz joan ohi da
gure barnean era hauskor eta apalean. Hasiera batean, desio huts bezala kasik.
Oro har, duda-mudaz, galdekizunez eta uzkurtasunez inguraturik hazi ohi da.
Alabaina, ez dakit nola, iristen da une bat, zeinetan Jesusekiko ukipena
deliberatuki hasten baita gure bizitza markatzen.
Konbentzimendua
dut, kristau sentitzen garenon bihotzean momentu hauetan erabakiko dela, hein
handian, gure fedearen etorkizuna. Gaur egun berean, biziberritzen edota
itzaltzen ari da fedea gure parrokietan eta elkarteetan, haietako kide garen
apaizen eta fededunen bihotzean.
Federik eza
gure baitan sartzen hasten da, Jesusekiko gure harremana indarra galtzen hasten
den momentutik, edota ohikeria, axolarik eta ardurarik eza direla-eta erdi lo
gelditzen da. Horregatik, Frantzisko aita santuak aitortu du «gune motibagarri
eta saneagarriak sortu beharrean garela… Jesusekiko fedea eraberritzeko lekuak,
alegia». Jesusen deia entzun beharra dugu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2014ko maiatzaren 11a
BESTE HARREMAN BAT JESUSEKIN
(2016-2017ko
A zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2011ko maiatzaren 15a
ATEA
Jesusek kontakizun metaforiko bat
proposatu dio fariseu-talde bati. Gogor kritikatzen ditu Israelgo buruzagi
erlijiosoak. Artzaintzatik hartua da pasadizoa. Artaldea artegian bildua dago,
hesi edo pareta txiki batez inguratua, artzaina atean zaindari dela. Jesusek,
hain juxtu, ardietara iristeko den «ate» horretan du bere arreta.
Artegira sartzeko bi era dira.
Artaldearekin zer egin nahi den da kontua. Norbait artegira hurbildu eta «atetik
sartzen ez bada», baizik «beste alde batetik» salto egiten badu,
bistan da halako hori ez dela artzaina. Ez doa bere artaldea zaintzera. «Arrotza»
da; ostera, «akabatzera eta kalte egitera» doa.
Benetako artzainak guztiz
desberdin jokatzen du. Artegira hurbiltzean, «atetik sartzen da», ardiei
beren izenaz dei egiten die eta haiek kasu egiten diote. Kanpora atera eta
denak bildu dituenean, aurrean jarri eta gidari doa non jana izango duten belardira.
Ardiek jarraitu egiten diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Zer sekretu du, ordea, «ate»
horrek, bertatik igarotzen diren egiazko artzainak legezkotzat emateko? Aldiz, «veste
nonbaitetik» sartzen diren arrotzak, ez artaldea zaintzeko, baizik kalte
egiteko, salatzeko? Fariseuek ez dute ulertu zer ari zaien Maisu hura.
Horregatik, kontakizunaren giltza
eman die Jesusek: «Benetan diotsuet: neu naiz ardien atea». Jesusek
ireki duen bidea hartu eta haren ebanjelioa biziz jarraitzen diotenak: haiek
dira egiazko artzainak: jakingo dute nola janaritu kristau-elkartea. Artegian
sartu, Jesus alde batera utzi eta haren gauzei ezjakinarena eginez sartzen
direnak: haiek dira artzain arrotzak: kalte egingo diote kristau-herriari.
Hainbat Elizatan denok ari gara
sufritzen, asko: bai artzainak, bai Jainkoaren herria. Hierarkiaren eta
kristau-herriaren arteko harremanak sarritan bizi ohi dira errezeloz, hika-mika
eta era tirabiratsuan: badira ukatuak sentitzen diren gotzainak; badira
marjinatuak sentitzen diren kristau-sektoreak.
Errazegia izango litzateke guztia
Hierarkiaren abusuzko agintekeriari leporatzea edo fededunen menderakaiztasun
heldu gabeari. Sakonagoa da erroa eta
konplexuagoa. Oso egoera zaila sortu dugu: bakea galdu. Hargatik, gero eta
gehiago izango dugu Jesusen beharra.
Geure
baitan hazarazi beharra dugu elkarrekiko errespetua eta elkartasuna,
elkarrizketa eta egia ebanjelikoaren bila egiaz ibiltzea. Ahalik lasterren
behar dugu arnastu Elizan maitasun-giro handiagoa. Ezin irtengo gara krisialdi
honetatik, guztiok Jesusen espirituaren bila jotzen ez badugu. Hura da
«Atea».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.