Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
7. Pazko Igandea - Jaungoikoaren Igokundea (A)
EBANJELIOA
Ahalmen osoa eman dit
Jainkoak zeru-lurretan.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Mateoen liburutik 28, 16-20
Egun haietan, hamaika ikasleak Galileara joan
ziren, Jesusek esandako mendira.
Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk,
ordea, zalantzan zeuden.
Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien:
«Ahalmen osoa eman dit Jainkoak
zeru-lurretan. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta
Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan
guztia betetzen irakatsiz. Eta ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren
azkena arte».
Jaunak esana.
HOMILIA
2017ko maiatzaren 28a
IREKI HORIZONTEA
Ongizaterik
handiena berehala lortzeari bakarrik emanik eta nahikunde eta esperantza
txikiek erakarririk gabiltzala, arriskua dugu, geure biziaren horizontea
pobretzeko, betikotasunaren desioa galdurik. Aurrerapena ote da hori? Errore
bat ote?
Badira bi
gertaera, duela urte batzuez gero bizi dugun milurteko honetan, egiaztatzeko
zail ez direnak. Alde batetik, haziz doa gizartean mundu berriago baten nahia
eta gogoa. Ez dugu aski edozein gauza: mundu duinago, gizakoiago eta
zoriontsuago baterantz jo beharra sentitzen dugu.
Bestetik,
haziz doa desilusioa, eszeptizismoa eta ziurtasunik eza etorkizunari
dagokionez. Zentzurik gabeko hainbesteko sufrimendua ageri da pertsonen eta
herrien bizitzan, hainbat eta hainbat gatazka pozoitsu, hartarainoko abusuak
Planetaren aurka, non ez baita gauza erraza gizakiagan uste izanik bizitzea.
Halaz
guztiz, zientziaren eta teknologiaren garapena gaitz eta sufrimendu asko ari da
askatzen. Etorkizunean, dudarik gabe, are arrakasta distiratsuagoak lortuko
dira. Oraino ez gara gai sumatzeko gizakiak duen gaitasuna, ongizate fisiko, psikiko
eta soziala garatzeko.
Baina ez
litzateke jatorra izango beste hau ahaztea: garapen miresgarri honek gaitz
batzuetatik bakarrik eta era mugatuan gaitu «salbatzen». Hain juxtu, gero eta
giza aurrerapen handiagoaz gozatzen ari garen honetan ari gara argiago sumatzen
ezen gizakiak ezin diola eman bere buruari antsiatzen eta bilatzen duen guztia.
Nork
liberatuko gaitu zahartzetik, ezinbestean hil behar izatetik edota gaitzaren
ahalmen ulertezinetik? Ez gaitu harritu behar ikusteak, jende asko hasia dela
behar bat sentitzen: teknika ez den, zientzia ez den, doktrina ideologikoa ez
den beste zerbaiten behar bat, alegia. Gizakiak ez dio amore eman nahi izaera galkor eta hilkor honetan
betiko hesiturik bizitzeari.
Alabaina,
kristau gutxi baino gehiago ari da bizitzen lurrari soilik begira. Itxuraz, ez
gara ausartzen geure begiak altxatzen eguneroko ondo-ondokoa dugun hura baino
harago. Jaunaren Igokundearen kristau-jai honetan, zientifiko eta mistiko
handia izan zen Teilhard de Chardin-en hitz hauek aipatu nahi nituzke:
«Kristauok, Igokundeak hogei mende soil dituen honetan, zer egin duzue
kristau-fedeaz?»
Galderen eta
ziurtasunik ezaren artean, Jesusen ikasleok ibili gabiltza biziaren bila,
konfiantza batek eta konbentzimendu bat eraginik. Biziak ixtera eta itzaltzera
doala ematen duenean ere, Jainkoak hor dirau. Ontasun- eta Maitasun-misterio da
errealitatearen azken misterioa. Biziari irekia den Atea da Jainkoa, inork ezin
itxia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2014ko ekainaren 1a
IREKI HORIZONTEA
(2016-2017ko
A zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2011ko ekainaren 5a
JESUSEN
ESKOLA
Gure kristau-elkarteetan gaur
egun bizi den egoera ez da batere erosoa. Jesusen ikasleen bihotzean hainbat
galdera sortzen da: non indarberritu geure fedea krisialdi erlijioso honetan?
zer da garrantzizkoa momentu honetan? zer egin beharko genuke Jesusen
elkartean? norantz bideratu beharko genituzke geure ahaleginak?
Aparteko inportantzia duen
pasadizo batekin bukatu du Mateok bere ebanjelioa. Jesusek azkenekoz elkartu
ditu ikasleak bere misioa gomendatzeko. Jesusengandik entzungo dituzten azken
hitzak dira: ikasleen egitekoa norabidetu eta mendetan barna haien fedea sostengatu
behar dituztenak.
Emakumeen adierazpenei jarraituz,
ikasleak Galilean elkartu dira. Han hasi zuten Jesusekiko beren adiskidetasuna.
Han hartu zuten konpromisoa hari jarraitzeko, Jainkoaren erreinuaren Jesusen
egitasmoan parte hartuz. Zer aurkituko duten ez dakitela etorri dira orain.
Jesus ikusiko ote dute, hura hila izan ondoren?
Berpiztuarekin topo egitea ez da
gauza erraza. Datorrela ikustean, ikasleak «ahuspeztu»
egin dira haren aurrean; zerbait berria nabari diote Jesusi; sinetsi nahi dute,
baina «batzuk dudatan dira».
Konfiantzaren eta tristuraren artean kulunkatzen dira ikasleak. Gurtzen dute,
baina ez dira dudatik eta segurtasun ezetik libre. Gaurko kristauek ondo
ulertzen diegu. Gauza bera gertatzen zaigu guri ere.
Jesusek
ezer ez aurpegiratzea da harrigarriena. Berari jarraitzeko esan zienetik ezagutzen
ditu. Haien fedea txikia da artean; halere, haien dudak, zalantzak eta guzti,
konfiantza du Jesusek haiengan. Fede txiki eta hauskor horrekin hots egingo
dute Jesusen mezua mundu osoan. Horrela jakingo dute onartzen eta ulertzen,
mendeetan barna duda-mudazko fedea biziko duen jendea. Jesus izango da guztien
sostengu.
Argi
dago gomendatu dien oinarrizko eginkizun hau: «egin ikasleak» herri guztietan. Ez ditu bidaltzen, propioki,
irakaspen bat ematera, baizik saiatzera munduan izan dadin Jesusen ikasle
bezala biziko den gizon-emakumerik. Jesus bezala bizitzen ikasiko duen
jarraitzailerik. Izango denik Jesus maisutzat hartuko duenik, eta libre,
zintzo, solidario izaten eta mundua gizatarrago egiten ikasteari sekula utziko
ez dionik.
«Jesusen eskolatzat» du Mateok kristau-elkartea. Gutxiago edo gehiago
izango gara. Gure artean sinestedun konbentzitu eta sinestedun zalantzakor
izango da. Gero eta zailago izango da guztiari kasu egitea, nahi genukeen
bezala. Hau izango da garrantzizkoa: izan dadila gure artean Jesusen moldera
bizi ahal izateko modurik. Hura da gure Maisu bakarra. Gainerakoak anai-arreba
gara guztiok, haren ikasle izaten elkarri laguntzen eta eragiten diotenak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.