lunes, 15 de mayo de 2017

2017-05-21 - 6. Pazko Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

6. Pazko Igandea (A)


EBANJELIOA

Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue.

+ Juan 14, 15-21

Denbora haietan, Jesusek bere ikslei esan zioten. «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena, egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dute hartu, ez baitute ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo betiko.
«Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana. Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, nik bizia baitut eta zuek ere biziko baitzarete. Egun hartan ulertuko duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela, zuek nirekin eta ni zuekin. Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite. Ni maite nauena, berriz, nire Aitak maite izango du, eta nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio berari».

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko maiatzaren 21a

EGIAREN ESPIRITUA

Ikasleei agur esaten ari da Jesus. Triste eta lur jota ikusten ditu. Laster ez dute izango berekin. Nork bete haren hutsunea? Orain arte Jesus da arduratu beraiez, Jesusek ditu defenditu lege-maisu eta fariseuengandik, Jesus izan dute sostengu beren fede makal eta duda-mudazkoarentzat, Jesus aritu zaie Jainkoaren egia agerian jartzen, eta Jesusek dizkie agertu bere egitasmo gizatarraren hastapenak.
Gogotsu mintzo zaie Jesus Espirituaz. Ez ditu umezurtz utzi nahi. Berak eskatuko dio Aitari eskutik utzi ez ditzan, «beste defendatzaile bat» eman diezaien «beti haiek egon dadin». «Egiaren Espiritua” deitu dio Jesusek. Zer dago Jesusen hitz hauen pean?
«Egiaren Espiritu hau» ez da nahastu behar doktrina batekin. Egia hau ez da bilatu behar teologoen liburuetan, ezta hierarkiaren dokumentuetan ere. Zerbait askoz sakonagoa da. Jesusek dio «gurekin bizi dela eta gugan dagoela». Arnasa da, indarra, argia, maitasuna … Jainkoaren azken misteriotik datorkiguna. Bihotz xume eta ustetsuaz behar diogu harrera egin.
«Egiaren Espiritu honek» ez gaitu bihurtzen egiaren «jabe». Ez datorkigu guk geure fedea beste batzuei ezartzeko, ezta ere guk inoren ortodoxia kontrolatzeko. Gu Jesusez umezurtz ez uzteko dator, eta gu egiari irekitzera gonbidatzera, Jesusen ebanjelioa entzunez, onartuz eta biziz.
«Egiaren Espiritu honek» ez gaitu egiten egiaren «gordetzaile», baizik testigu. Gure egitekoa ez da arerioekin eztabaidan jardutea, ezta borrokan aritzea edo inor menpean hartzea, baizik eta Ebanjelioaren egia bizitzea eta «Jesus maitatzea, haren aginduak betez».
«Egiaren Espiritu hau» gutako bakoitzarengan dago, Jesusengandik aparta gaitzakeen edozer gauzatatik babestuz. Geure bihotza xume-xume irekitzera gonbidatzen gaitu Jainkoaren misteriori, biziaren Adiskide horri. Jainko honen bila ondradu eta egiaz dabilena, ez dabil Jainkoagandik urrun. Jesusek berak esan zuen behin batean: « Egiarena den orok entzuten du nire ahotsa». Halaxe da.
«Egiaren Espiritu honek Jesusen egian bizitzera gonbidatzen gaitu geure gizartean, non askotan estrategia esaten baitzaio gezurrari; negozio esplotazioari; tolerantzia erantzukizunik ezari; eraikitako ordenu zuzengabekeriari; askatasun arbitrariotasunari; egiazaletasun errespeturik ezari …
Zer zentzu izan lezake Jesusen Elizak baldin eta geure elkarteetan «egiaren Espiritua» galtzen utzi bagenu? Zeinek salbatu ahal izango du autoengainutik, desbideratzetik eta eskastasun orokortutik? Zeinek hots egin ahalko du Jesusen Berri Ona, hartarainoko arnasa-beharra eta esperantza-egarria duen gizartean?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko maiatzaren 25a

EGIAREN ESPIRITUA

(2016-2017ko A zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko maiatzaren 29a

EZ GARA UMEZURTZ GELDITU

Elizak, osatzen duten kristauek Jesus oker ezagutzen badute, gutxi maite eta ohikeriaz doi-doi oroitzen badute, arriskua du pixkana itzaltzen joateko. Kristau-elkartea, itzalia den Jesus baten inguruan bildua, ez erakartzen eta ez bihotza ukitzen duena, etorkizunik gabeko elkartea da.
Jesusen Elizan premia handiko beharra dugu harekiko harremanetan beste kalitate bat izatea. Jesusen esperientzia biziak markatuak diren kristau-elkarteen beharra dugu. Denok egin dezakegu zerbait, Elizan Jesus beste era batean sentitu eta bizi ahal izateko. Eliza Jesusi lotuagoa izatea eta hari atxikiago bizi ahal izate geure esku dugu. Nola?
Jesusen Azken Afariko agurra berregin du Joanek bere ebanjelioan. Ikasleek susmoa izan dute, Jesus kendu egingo dietela laster. Zer izango da orduan haietaz, Jesus gabe? Nori jarraituko diote? Non elikatuko dute beren esperantza? Samurtasun bereziaz mintzo zaie Jesus. Haien artetik joan aurretik, berarekin nola bizi ahal izango diren ikusarazi nahi die, hil ondoren ere.
Beste ezer baino lehen, bihotzean ezarria izan behar dute hau, inoiz ere ahaztu behar ez dute hau: «Ez zaituztet umezurtz utziko. Itzuliko naiz». Ez dute pentsatu behar sekula bakarrik direnik. Esperientzia berri batez mintzo zaie Jesus, inguratuko eta biziaraziko dituen esperientziaz, zeren beren izatearen hondoenean harrapatuko baititu. Ez ditu ahaztuko. Etorriko da eta haiekin izango.
Jesus, jada, ezin ikusi izango da mundu honetako argiaz, baina jarraitzaileek atzeman ahal izango dute fedearen begiez. Ez ote genuke arduratu behar, askoz ere gehiago, Jesus berpiztuak gure artean duen presentziaz? E ote genuke biziberritu behar haren presentziaren ustea? Nolatan lan egin dezakegu mundu gizatarrago baten eta ebanjelioaren tankeragoko Eliza baten alde, Jesus geure aldamenean sentitzen ez badugu?
Esperientzia berri batez mintzo zaie Jesus, ikasleek orain arte, Galileako bideetan zebiltzala, ezagutu ez dutenaz: «Jakingo duzue ezen neure Aitarekin nagoela ni eta zuek nirekin». Hauxe da gure fedea sostengatzen duen oinarriko esperientzia. Geure kristau-bihotzaren hondoan badakigu Jesus Aitarekin dagoela eta gu Jesusekin gaudela. Dena aldarazten du honek.
Esperientzia hau maitasunak elikatzen du: «Maite nauena... neuk ere maite izango dut eta agertuko natzaio». Daitekeena ote da Jesusi jarraitzea egunean eguneko gurutzea hartuz, hura maite izan gabe eta hark bihotzez maite gaituela sentitu gabe? Daitekeena ote da kristautasunaren gainbehera saihestea, maitasun hau biziberritu gabe? Zer indarrek mugitu ahal izango du Eliza, maitasuna itzaltzen uzten badugu? Nork bete ahal izango du Jesusek utzitako hutsunea? Nork ordeztu ahal izango du gure artean Jesusen presentzia bizia?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.