Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 15. Igandea (A)
EBANJELIOA
Atera zen behin
ereilea hazia ereitera.
+
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren
liburutik 13, 1-23 (laburren irakurketa
13, 1-9)
Egun batez, Jesus etxetik atera eta
aintzira-ertzean eseri zen. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora,
txalupa batera igo eta eseri egin zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen.
Eta luze hitz egin zien parabola bidez.
Honela mintzatu zitzaien: «Atera zen behin ereilea hazia ereitera. Ereitean,
zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten.
Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko
lurra izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta,
sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta
sasiek, haztean, ito egin zuten hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta
fruitua eman zuten: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. Ulertzeko
gauza denak uler beza».
[Ondoratu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta
galdegin zioten:
–Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?
Jesusek erantzun zien:
–Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren
misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez.
Izan ere, duenari eman egingo zaio, eta
gainezka izango du; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.
Hona zergatik hitz egiten diedan parabola
bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina ez aditzen,
ez ulertzen ez dutelako.
«Horrela, Isaias profetak esana betetzen da
horiengan:
«Entzungo duzue, bai,
baina ulertu ez;
ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.
baina ulertu ez;
ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.
Izan ere, herri honek
gogortu egin ditu buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
gogortu egin ditu buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez bezate beren begiez ikus,
ez belarriez entzun,
ezta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihur ez daitezen
eta salba ez ditzadan.
ez belarriez entzun,
ezta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihur ez daitezen
eta salba ez ditzadan.
«Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten
dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako!
Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu
askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta
entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.
«Entzun ezazue, beraz, ereilearen parabolaren
esanahia. Erregetzaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, gaiztoa
etortzen zaio eta bihotzean erein zaiona kendu egiten dio. Hori da, mezua
“bide-bazterrak” hazia bezala hartzen duena. “Harri-arteak” bezala hartzen
duena hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen duena; baina
sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dela-eta estuasun edo
erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten da. “Sasi-arteak” bezala hartzen
duena hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurak eta
diru-goseak mezua ito egiten diotena, fruiturik gabe utziz.
“Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da:
mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du: bateko ehun edo
hirurogei edo hogeita hamar».]
Jaunak esana.
HOMILIA
2017ko uztailaren 16a
EREIN
Ereilearen
parabolaren kontakizuna bukatzean, dei hau egin du Jesusek: «Entzuteko
belarririk duenak, entzun dezala». Parabola arretaz entzuteko esan nahi digu.
Baina zertaz behar dugu egin gogoeta? Ereileaz? Haziaz? Lur-mota desberdinez?
Tradizioz,
hazia hartzen duten lur-alorrei erreparatu izan diegu, kasik bakarrik;
ebanjelioa entzutean, zein jarrera izan ohi dugun aztertzeko. Halaz guztiz,
garrantzizkoa da ereileari eta ereiteko moduari erreparatzea.
Hau dio
lehenik eta behin kontakizunak: «Irten zen ereilea ereitera». Konfiantza
harrigarriz egin du lana. Ugari erein du. Hazia erori da, alde guztietan erori
ere, baita hazia, itxuraz, nekez erne daitekeen lekuan ere. Horrela egiten
zuten Galileako laborariek, bide-ertzetan eta alor harritsuetan ere ereiten
baitzuten.
Jendeari ez
zaio gertatu gauza zaila ereilea zein den ateratzea. Horrela ereiten du Jesusek
bere mezua. Goizero ikusten dute irteten, Jainkoaren Berri Ona hots egitera.
Bere Hitza ereiten du, bai hura onartzen duen jende xumearen artean, baita uko
egiten dioten lege-maisu eta fariseuen artean ere. Ez du sekula amore ematen.
Haren ereitea ez da izango agorra.
Krisialdi
erlijiosoak gaina hartu diogun honetan, pentsa genezake, Ebanjelioak galdua
duela bere jatorrizko indarra eta Jesusen mezuak ez duela jada tiramenik gaur
egungo gizon-emakumeak erakartzeko. Egia esan, gaurko hau, ez da egokiera
arrakasta deigarriak «uztatzeko», baizik eta ereiten ikasteko, amore eman gabe,
apal-apal eta egiaz.
Ez da
Ebanjelioa indar gizatartzailea galdu duena; gu geu gara, hots egiten ari
garena fede ahula eta dudakorra dela medio. Ez da Jesus tiramen-indarra galdu
duena. Gu geu gara, indarra galarazten dioguna geure inkoherentzian eta
kontraesanak direla medio.
Frantzisko
aita santuak dio ezen, kristau batek Jesusekiko lotura estu bat bizi ez
duenean, «laster joaten zaiola bere gogo beroa eta eskualdatu nahi duen
mezuaren inguruko segurantza galtzen duela, indarra eta suharra falta
zaizkiola. Eta konbentzimendurik, gogo berorik, segurantzarik, maiteminik ez
duen pertsonak ezin konbentzitu duela inor».
Ebanjelizatzea
ez da doktrina baten berri ematea, baizik eta Jesusen indar gizatartzaile eta
salbatzailearen indarra agertzea da gizartean eta pertsonaren bihotzean. Hau
ezin egin da nolanahi. Gauzarik garrantzizkoena ez da predikarien, katekisten
eta erlijio-irakasleen kopurua, baizik kristauengan irradia genezakeen kalitate
ebanjelikoa. Zer dugu kutsatzen? Axolarik eza ala fede beroa? Eskastasuna ala
gizatasun handiagoko biziaren suharra?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2014ko uztailaren 13a
EREIN
(2016-2017ko
A zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2011ko uztailaren 10ea
EREITERA IRTEN
«Ereitera irten zen» ereilearen parabola kontatu aurretik, ebanjelariak
honela aurkezten digu Jesus: «etxetik
irten da» Jesus, jendeagana joan eta, eseririk eta presarik gabe,
Ebanjelioa ereiteko, «denbora luzean»,
mota orotako jende artean. Mateoren arabera, Jesus da egiazko ereilea.
Harengandik ikasi behar dugu gaur egun ere Ebanjelioa ereiten.
Lehengo
gauza, geure etxetik irtetea da. Hori da Jesusek ikasleei beti eskatu izan
diena: «Joan mundu osoan barna..», «Joan
eta egin ikasle...». Ebanjelioa ereiteko, geure segurtasunetik eta
interesetatik irten beharra dugu. Ebanjelizatzeak «tokialdatzea» eskatzen du,
jendearekin topo nola egingo bilatzea, gaur egungo gizon-emakumeekin
komunikatzea, geure eliz mundu koxkorrean hesiturik gelditu gabe.
Besteengana
«irtete hau» ez da proselitismoa. Ez du zerikusirik ezer ezartzearekin edo
birkonkistatzearekin. Jendeari Jesusekin topo egiteko eta Berri On bat
ezagutzeko aukera eskaintzea da; onartzen badute, hobeto eta era egokiagoan eta
sanoagoan bizitzen lagunduko diena. Horixe da funtsezkoa.
Ereitera
ezin atera gara geurekin hazia eraman gabe. Ebanjelioa beste batzuei hots
egitea pentsatu aurretik, Elizaren baitan onartu behar dugu hura, geure elkarteetan,
geure bizitzan. Okerra izango litzateke sentitzea kristau-tradizioaren gordailu
huts garela, besteei eskualdatzeko eginkizuna dugula soilik pentsatuz.
Ebanjelioa bizi ez duen Elizak ezin kutsatu izango du inor. Jesusen urratsen
arabera bizitzeko gogorik arnasten ez duen elkarteak ezin gonbidatu du inor
hari jarraitzera.
Gure
elkarteetan diren espiritu-energiak ustiatu gabe gelditzen dira batzuetan,
adore-ezaren eta desilusioaren giro orokortuak blokeatuak direlarik. «Existitze
hutsari» emanik bizi gara, bizi berria ereiteari ekin ordez. Geure fedea
iratzarri beharrean gara.
Bizi dugun
krisiak nola-halako kristautasun bat hiltzera garamatza; baita, ordea, fede
berritu baten hasierara, Jesusi leialago eta ebanjelioaren araberakoago den
fedearen hasierara. Ebanjelioak indar handia du aro bakoitzean Kristoganako
fedea era berri batean sortzeko. Baita gure egun hauetan ere.
Baina ikasi
beharra dugu fedez ereiten, errealismoz eta egiaz. Ebanjelizatzea ez da ondare
bat eskualdatzea, baizik fede baten jaiotza posible bihurtzea, ernetzen den
fedea, ez iraganaren «klonazio» bezala, baizik Ebanjelioari emandako erantzun
berri bezala, geure garaiko galdera, sufrimendu, poz eta esperantzatik sortua.
Ez da jendea edozer gauzarekin uzteko garaia. Jendearen bihotzean Ebanjelioaren
funtsa ereiteko ordua da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2008ko uztailaren 13a
BELARRIAK BAI BAINA ENTZUN EZ
Jesusen
parabolak beti gertatu izan dira liluragarri haren ikasleentzat. Ebanjelioek
berrogei inguru gorde dituzte. Segur aski, Jesusek gehiena errepikatu zituenak
dira, edo ikasleen bihotzean eta oroimenean sakonenik ezarri zirenak. Baina,
nola irakurri parabola horiek? Nola atzeman horien mezua?
Mateok,
lehenik eta behin, gogoratzen digu, ezen parabolak munduan Jesusek «erein»
dituela. Jendeari bere mezua ematera «irten zen
Jesus bere etxetik», eta haren lehen parabola honela hasten da hain juxtu:
«Irten zen ereilea ereitera». Jesus da ereilea. Haren parabolak deiak dira:
bizia hark bizi eta hartzen zuen bezala bizi eta hartzeko deiak. Jesusekin
sintonizatzen ez badugu, nekez ulertuko ditugu haren parabolak.
«Erreinuko
hitza» erein du Jesusek. Hala dio Mateok. Parabola bakoitza gonbita da: mundu
zahar, azal hutseko eta gizatasun gutxikotik «herri berri» batera, bizi-bizira,
Jainkoak beren seme-alabentzat gogoko duen batera igarotzeko gonbita.
«Jainkoaren erreinua» deitzen zion Jesusek herri horri. Mundua gizatarragoa
egiten Jesusi jarraitzen ez badiogu, nolatan uler genitzake haren parabolak?
«Bihotzean»
ereiten du Jesusek bere mezua, hau da, pertsonaren barnean. Hor gauzatzen da
benetako bihotz-berritzea. Ez da aski parabolak predikatzea. Elizaren, hau da,
kristauen bihotza Jesusi irekitzen ez bazaio, ez dugu sekula haren indar
eraldatzailea atzemango.
Jesusek
ez du inor bereizten. Hau da gertatzen: haren «ikasle» izan eta haren urratsei
jarraitzen dietenei Jainkoak «Erreinuko sekretuak ezagutarazten» dizkie. Eta
gainerakoei ez. Parabolak ulertzeko giltza dute ikasleek; gero eta sakonkiago
ezagutuko dute Jainkoaren egitasmoa. Baina urrats hori egiten ez dutenek,
aukera hori egiten ez dutenek ezin ulertu dute haren mezua, entzuten duten
apurra ere galdu egiten dute.
Hau
izan daiteke gure arazoa: «bihotza sorgorturik» bizi nahi izatea. Saihestu
ezineko hau gertatzen da orduan. Belarriak izan, bai, baina inolako mezurik
entzun ez. «Begiak» izan, bai, baina Jesus ikusi ez. Gure bihotzak ez du ezer
ulertzen. Nola ereiten da ebanjelioa gure kristau-elkarteetan? Nola esnatzen
dugu geure artean Ereilea onartzeko gogoa?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.