lunes, 24 de julio de 2017

2017-07-30 - Urteko 17. Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 17. Igandea (A)


EBANJELIOA

Dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 13, 44-52

Egun haietan, Jesusek jendeari asan zion:
«Jainkoaren erregetzarekin, landan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du, eta pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du.
«Era berean, Jainkoaren erregetzarekin, harribitxi bila dabilen tratulariarekin bezala gertatzen da. Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du.
«Jainkoaren erregetzarekin, uretara botatzen den eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da. Betea denean, bazterrera ateratzen dute; gero, eseri eta onak saskira biltzen dituzte eta txarrak kanpora botatzen. Berdin izango da munduaren azkenean: aingeruek etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte, eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han».
–Ulertu al duzue hau guztia? –galdetu zien Jesusek ikasleei.
–Bai –erantzun zioten.
Hark esan zien:
–Beraz, Jainkoaren erregetzaren jakinduriaz jantzia dagoen lege-maisua, bere altxorretik zahar eta berriak ateratzen dituen etxeko jaunaren antzekoa da.

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko uztailaren 30a

ERABAKIRIK GARRANTZIZKOENA

Gaurko ebanjelioak Jesusen bi parabola labur bildu ditu, mezu bera dutenak. Kontakizun bietan, protagonistek altxor bana aurkitu dute: batak egundoko balioa duen altxorra; besteak kalkulaezineko balioa duen perla. Biek modu berean erreakzionatu dute: duten guztia pozik, zirt eta zart saldu, eta altxorraz nahiz perlaz jabetu. Jesusen arabera, erreakzio hori bera izan ohi dute Jainkoaren erreinua aurkitzen dutenak.
Ematen du, Jesus beldur dela jendeak interes desberdinez jarrai diezaion, alderik erakargarrien eta garrantzizkoenari erreparatu gabe: Aitaren egitasmo liluragarri honi alegia, gizadia mundu zuzenago, anai-arreba artekoago eta zoriontsuago baterantz gidatzean datzan honi, horrela Jainkoaren baitako behin betiko bere salbaziorantz gidatuz.
Zer esan genezake gaur, kristautasunaren hogei menderen ondoren? Nolatan bizi da hainbat eta hainbat kristau on bere praktika erlijiosoan hesiturik, hartan inolako «altxorrik» aurkitu ez duen ustean? Non dago gogo bero ezaren eta poz-faltaren hondo-hondoko sustraia gure Elizako eremu ez gutxitan? Gure jarduera ez baita gai Ebanjelioaren muinera tira egiteko gizon eta emakume askori, Elizatik urrunduz doazelarik, alabaina Jainkoari eta Jesusi uko egin gabe.
Kontzilioaren ondoren, Paulo VI.ak baieztapen bipil hau egin zuen: «Soilik, Jainkoaren erreinua da erabatekoa, absolutua. Gainerako guztia erlatiboa da». Urte batzuk geroxeago, honela baietsi zuen Joan Paulo II.ak: «Ez da Eliza bera bere helburu, zeren Jainkoaren erreinurantz baitago norabidetua, zeinen ernamuin, seinale eta tresna baita bera». Frantzisko aita santua ere errepikatzen ari zaigu: «Jainkoaren erreinua eraikitzea da Jesusen egitasmoa».
Hau baldin bada Elizaren fedea, nolatan dira gure artean kristau asko, Jesusek «Jainkoaren erreinua» deitzen duen egitasmo horretaz hitz egiten ere entzun ez dutenak? Nolatan ez dakite, Jesusen bizitza guztia arnastu zuen sugarra, Jesusen jardueraren izateko arrazoia eta haren jardueraren helburua, Aitaren egitasmo gizatartzailea hots egitea eta sustatzea izan zela: Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasunaren bila ibiltzea, alegia?
Eliza ezin eraberritu da erro-errotik, Jainkoaren erreinuaren «altxorra» aurkitzen ez badu. Ez dira gauza bera bi hauek: batetik, kristauei dei egitea Jainkoaren lankide izatera mundua gizakoiago egiteko egitasmo handian eta, bestetik, Ebanjelioaren muina ahaztarazten diguten jarduera eta ohituretan zabarturik bizitzea.
Frantzisko aita santua esaten ari zaigu, «Jainkoaren erreinua galdegiten ari zaigula». Dei hau, Ebanjelioaren bihotzetik beretik ari zaigu. Adi entzun beharra dugu. Segur aski, Elizan eta geure kristau-elkarteetan hartu beharko genukeen erabakirik garrantzizkoena, hauxe da: Jainkoaren erreinuaren egitasmoa berreskuratzea pozik eta gogo beroz.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko uztailaren 27a

ERABAKIRIK GARRANTZIZKOENA

(2016-2017ko A zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko uztailaren 24a

ERAKARMENIK GABEKO JAINKO BAT

Jainkoaz bizi zuen esperientzia agertu nahi zion Jesusek jendeari. Baita guztientzat mundu duinagoa eta zoriontsuagoa egiteko zuen egitasmo handiaz bizi zuen esperientzia ere. Ez zen iritsi beti jendea gogo berotzera. Ohituegia zegoen jendea beste Jainko batez hitz egiten entzutera: legeaz bakarrik arduratua zen Jainkoaz, larunbata betetzeaz edo Tenpluko opariez.
Jesusek bi parabola labur kontatu zizkion haren axola-ezari astindu bat emateko. Jainkoarekiko gogoa esnatu nahi zuen haiengan. Ikusarazi nahi zion gauza handia zela berak «Jainkoaren erreinu» deitzen zuen harekin topo egitea: larunbatetan herriko sinagogan bizi ohi zuena baino askoz handiagoa: ustekabeko aurkikuntza izan daitekeela Jainkoa, ustekabe handia.
Parabola bietan berdina da egitura. Lehen kontakizunean, laborari batek soroan ezkutatua den altxor bat «aurkitzen du». Poz-pozik, «duen guztia saldu» eta soroa erosten du. Bigarren kontakizunean, perla finetan merkatari den batek balio handiko perla bat «aurkitzen du»... Zalantzarik gabe, «duen guztia saldu» eta perla erosten du.
Antzeko zerbait gertatzen da Jesusengan, haren mezuan eta jardueran ezkutatua den «Jainkoaren erreinuarekin». Jainko hori hain erakargarria, ustekabea eta harrigarria gertatzen da, non aurkitzen duena bere izatearen hondoenean ukitua sentitzen baita. Jada ezin izan da ezer lehen bezalako.
Lehenengoz hasten gara sentitzen Jainkoak egiaz erakartzen gaituela. Ez da gauza handiagorik bizitza arnasteko eta norabidetzeko. «Jainkoaren erreinuak» aldatu egin digu gauzak ikusteko modua. Jainkoagan beste era batean sinesten hasten gara. Orain badakigu zergatik eta zertarako bizi.
Alabaina, gure erlijioari «Jainkoa erakargarri» izatea falta zaio. Kristau asko obligazioz erlazionatzen da Jainkoarekin, beldurrez, ohituraz, eginbeharrez... baina ez hark erakartzen dituela sentitzeagatik. Goiz edo berandu bertan behera utziko du erlijio hori.
Kristau askori hain desitxuratua aurkeztu izan zaio Jainkoaren irudia eta harekin bizi dezakegun erlazioa, non esperientzia erlijiosoa  onartezin eta, are, jasanezin gertatzen baitzaio. Ez dira gutxi orain berean Jainkoa bertan behera uzten ari direnak, ezin bizi direlako luzaroago giro erlijioso zoro horretan, kulpaz, mehatxuz, debekuz edo zigorrez beterikoan.
Igandero, milaka eta milaka apaiz eta gotzainek predikatzen dugu Ebanjelioa, Jesusen parabolak eta haren keinu onberak milioika fededuni komentatuz. Jainkoaz zer esperientzia agertzen dugu? Zein irudi agertzen dugu Aitaz eta haren erreinuaz? Erakartzen al ditugu bihotzak Jesusengan agertu den Jainkoarenganantz? Ez ote ditugu urruntzen haren Ontasun-misteriotik?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2008ko uztailaren 27a

Erabakia

Ez zen gauza erraza Jesusi sinestea. Batzuek atseginez hartzen zuten haren hitza. Beste batzuek, aldiz, aski duda izan zuen. Arrazoibidezkoa ote zen Jesusi jarraitzea ala zorakeria hutsa zen? Gauza bera gertatzen da gaur: merezi ote du bizitza gizatarrago egiteko haren egitasmoan parte hartzea? Ez ote da zentzuzkoagoa nor bere ongizateaz arduratzea? Bien bitartean, hor eman genezake bizitza osoa erabakirik hartu gabe.
Jesusek bi parabola kontatu zituen landa-jendearen bihotza liluratzeko. Nekazari pobre bat berea ez duen soroa aitzurtzen ari da. Halako batean «ezkutuko altxor» batekin egin du topo. A, zer nolako ezustekoa eta poza! Ez du pentsatzen jarri beharrik. «Poz-pozik», duen guztia saldu eta altxorraz jabetu da.
Gauza bera gertatu zaio «harribitxi finen merkatari» aberats bati ere. Halako batean harribitxi ezin baliotsuago batekin egin du topo. Adituegia da gauza horietan bere usaimenak engaina dezan. Eta bat-batean erabaki du. Duen guztia saldu eta harribitxiaz jabetu da.
Jainkoaren erreinua «ezkutuan» dago. Jende askok ez du aurkitu oraindik Jainkoak duen mundu berri baten egitasmoa. Halere, ez da hori iritsi ezineko misterioa. Jesusengan dago «ezkutatua», Jesusen bizitzan eta mezuan. Jainkoaren erreinua aurkitu ez duen kristau-elkarteak ez daki zertarako jaio den Jesus.
Jainkoaren erreinua aurkitzeak aldarazi egiten du hura aurkitu duenaren bizitza. Nahastezina da halakoaren «poza». Bizitzaren muina aurkitu du, bizitza aldaraz dezakeen balioa. Kristauok Jesusen egitasmoa aurkitzen ez badugu, Elizan ez da izango pozik.
Parabola hauetako bi protagonistek erabaki bera hartu dute: «duten guztia saldu dute». Ez da «Jainkoaren erreinuaren eta haren zuzentasunaren» bila aritzea baino gauza inportanteagorik. Gainerako guztia gero etorriko da, gauza erlatiboa da beste guztia eta Jainkoaren egitasmoaren meneko izan behar du.
Hauxe da Elizan, hots, kristau-elkarteetan hartu beharra dugun erabakirik inportanteena: nolabaiteko hainbat gauzetatik geure burua askatu, buru-belarri Jainkoaren erreinuari ekiteko. Alferrikako direnak erantzi. Beste onura batzuez ahaztu. «Galtzen» jakin, egiatasunean «irabazteko». Horrela jokatzen badugu, Eliza bihotz-berritzeko lanean ariko gara.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.