lunes, 13 de noviembre de 2017

2017-11-19 - Urteko 33. Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 33. Igandea (A)


EBANJELIOA

Gauza gutxian leial izan zara, sartu zeure jaunaren festa ospatzera

+ Lectura del santo evangelio según san Mateo 25, 14-30

«Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien: bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen. Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi. Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen. Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.

«Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.

Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna; beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!” Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.

Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko azaroaren 19a

BILATZE SORTZAILEA

(2013-2014ko A zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko azaroaren 16a

BILATZE SORTZAILEA

Oso xaloa ematen duen arren, karga eztandagarria du talentuen parabolak. Harrigarriro, «hirugarren morroia» inolako egintza txarrik egin gabe gaitzetsi du nagusiak. Bere oker bakarra morroiak «ezer ez egitea» izan du: ez du arriskatu bere talentua, ez dio fruiturik kendu, leku seguru batean gorde du bere hartan.

Argia da Jesusen mezua. Ez kontserbatismoari, bai sormenari. Ez bizitza agor bati, bai Jainkoari emandako erantzun eginkor bati. Ez segurtasun-obsesioari, bai mundua aldarazteko ahalegin arriskutsuari. Ez konformismoan hesitutako fedeari, bai lan konprometituari, Jainkoaren erreinuari bideak urratzeko.

Jesusen jarraitzaileen bekatu handia izan liteke hari era sortzailean jarraitzeko arriskurik ez hartzea. Esanguratsua da urtetan eta urtetan kristauen artean erabili izan den hizkuntza, ikusteko, zertan ardaztu izan dugun geure arreta: fedearen gordailua gorde; tradizioa gorde; ohitura onak gorde; grazia gordeko; bokazioa gorde…

Kontserbatismoaren tentazio hau indartsuagoa izan ohi da krisi erlijiosoaren boladetan. Erraz gertatzen da orduan ortodoxia kontrolatu beharra, diziplina eta araudia sendotu beharra; Elizako izatea segurtatu beharra… Dena izan daiteke ulergarri, baina ez al da izaten askotan ebanjelioa desitxuratzeko eta Espirituaren sormena izozteko era bat?

Gidari erlijioentzat eta kristau-elkarteentzat gauza errazagoa izan liteke iraganetik jasotako bideak «errepikatzea» era aspergarri batean, kasurik egin gabe gizaki modernoaren galderei, kontraesanei eta planteamenduei; baina zertako izango genuke on geure lan hori guztia, gai ez bada argia eta esperantza emateko, gaur eguneko gizon-emakumeek bizi dituzten problemei eta sufrimenei?

Gaur egun Eliza barruan zaindu behar dugun jarrerari ez dagozkio izen hauek, ez «zuhurtzia», ez «iraganarekiko leialtasuna», ez «amore ematea»… Ostera, beste izen batzuk dagozkio: «bilatzeko sortzailea», «ausardia», «arriskatzeko gaitasuna», dena berri egin dezakeen «Espirituari entzutea».

Beste hau izan liteke, ordea, gauzarik larriena: parabolako morroiari gertatu zaion bezala, guk ere uste izatea, Jainkoari leial erantzuten ari garela geure kontserbatismo-jarreraz, egiaz egiten ari garena hark espero duenari huts egitea delarik. Gaur egun, Elizan egin beharreko zereginik garrantzizkoena, ez da iragana gordetzea, baizik Jesusen Berri Ona komunikatzen jakitea, inoiz ez bezalako kanbio sozio-kulturalak bizitzen ari de gizartean.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko azaroaren 13a

ARRISKUAREN BELDUR

Talentuen parabola oso ezaguna da kristauen artean. Kontakizunaren arabera, bidaiari ekin aurretik, jabe bateak hiru langileren esku utzi du ondasunen kudeatzea. Bati bost talentu utzi dizkio, beste bati bi eta hirugarrenari bat: «nori bere gaitasunari dagokiona». Erantzun jatorra espero du guztiengandik.

Lehenengo biek «berehala» ekin diote talentuekin negozioa egiteari. Gogotik ari dira lanean, beren nagusiaren egitasmoarekin bat eginik. Ez diote beldurrik arriskuari. Jabea iristean, harro-harro eman dizkiote etekinak: bi halako bihurtu dituzte hartutako talentuak.

Hirugarren langilearen erantzuna estrainioa da. Buruak eman dion gauza bakarra hartu zuen talentua «lur azpian gordetzea» izan da, seguru gordetzeko. Nagusia itzultzean, hitz hauek ditu zurigarri: «Jauna, banekien zorrotza zarela eta erein ez duzun lekuan bildu nahi izaten duzula … Horregatik, beldur izan nintzen eta zure talentua lur azpian gorde nuen. Hona zeurea». Jabeak gaitzetsi egin du langilea «axolagabetzat».

Egia esateko, sakonagoa da langile horren portaeraren sustraia. Jabeaz irudi faltsua du. Egoista, zuzengabe eta arbitrariotzat du jabea. Zorrotza dela eta ez duela okerrik onartzen. Ezin fida zaitezke hartaz. Gauzarik hoberena haren aurrean zeure burua defenditzea da.

Jabeaz duen ideia zikoitz honek zurrundu egin du langilea. Ez da ausartu arriskatzera, inolaz ere. Beldurrak hormatua du. Ez da aske fidatu dion erantzukizunari era sortzailean erantzuteko. Seguruena talentua «atxikitzea» da. Aski du hori.

Agian, lehen belaunaldietako kristauek guk baino hobeto atzematen zuten parabolak duen interpelatzeko indarra. Jesusek gure gain utzi du mundua zuzenago eta gizatarrago egiteko Aitaren Egitasmoa. Maitasunaren agindua utzi digu ondare. Gizakiaren adiskide den Jainkoaren Albiste izugarria gomendatu digu. Nola ari gara erantzuten gaur egun Jesusen jarraitzaileak?

Kristau-fedea konfiantzaz ez, baizik beldurrez bizi ohi denean, dena da erdi ustela. Fedea gorde bai, baina kutsatu ez. Erlijioa eginbehar huts bilakatzen da. Ebanjelioa ez, baizik betebeharra da nagusi. Ospakizunaren hatsa, erritu-kezkak itotzen du.

Oker handia egingo genuke Janaren aurrean hirugarren langilearen jarreraz aurkeztuko bagina: «Hor duzue zeurea. Hor duzu zeure Ebanjelioa, hor duzu zeure erreinuaren egitasmoa eta sufritzen ari direnekiko zeure maitasun-mezua. Leial gorde dugu. Zuzen predikatu izan dugu. Ez du askorik balio izan gure bizitza aldarazteko. Ezta zure erreinurako zuzenaren bidea urratzeko ere. Baina hor duzu oso-osorik».

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2008ko azaroaren 16a

EZ LUR AZPIAN SAR GEURE ERANTZUKIZUNA

Kontakizun irekia da talentuen parabola, askotara irakurtzeko aukera ematen du. Izatez, iruzkingileek eta predikariek zentzu alegorikoan hartu izan dute sarritan, norabide desberdineko zentzuan. Garrantzizkoa dugu hirugarren zerbitzariaren jarduerari begi-ematea, hari ematen baitzaio arretarik eta lekurik handiena parabolan.

Bitxia da haren jokabidea. Beste hiru zerbitzariak nagusiak gomendatu dizkien ondasunei fruitua non emanaraziko hasi diren bitartean, hirugarrenari ez zaio otu jaso duen talentua «lur azpian ezkutatzea» baizik, seguru gorde ahal izateko. Nagusiak, iritsi denean, zerbitzari «axolagabe eta alfertzat» gaitzetsi du, ezer ulertzen ez duen zerbitzaritzat. Nondik norakoa da, ordea, zerbitzari horren portaera?

Ez du bat egin nagusiarekin, ezta haren interesekin ere. Ez du jokatu maitasunez une batean ere. Ez du maite nagusia, beldurra dio. Beldur horrexek eragin dio, hain zuzen, segurtasun bila jardutera. Berak argitu du guztia: «Beldur izan nintzen eta talentua lur azpian gordetzera jo nuen».

Zerbitzari honek ez daki zertan datzan bere egiazko erantzukizuna. Uste du ezen nagusiaren itxaropenari erantzuten ari dela, talentua seguru gordez, nahiz guztiz agor izango den. Ez daki zer den leialtasun eginkor eta sortzailea. Ez du parte hartu nahi nagusiaren egitasmoan. Etorri denean, argiro esan dio nagusiari: «Hor duzu zeurea».

Pentsatzen denean ezen kristautasuna iritsia dela puntu batera, non funtsezkoena «gordetzea» dela uste baita eta ez, inolaz ere, adorez eta Jaunarekiko konfiantzaz, bide berriak urratzea, Jainkoaren erreinuaren egitasmoa onartu, bizi eta hots egiteko, orduan ahaztu egiten dugu zein den gure benetako erantzukizuna.

Sekula sentitzen ez badugu Kristoren eskakizunak jarraitzera deituak garela, beti irakatsi eta agindu digutena baino harago joanez; ez badugu ezer arriskatzen Jesusekiko leialagoa izango den Eliza burutzeko; bizitza korapilatu diezagukeen edozein bihotz-berritzetik urrun gelditu nahi badugu; erreinuarekiko erantzukizuna geure egiten ez badugu, Jesusek egin zuen bezala, «ardo berria zahagi zaharretan» bilatuz;… seinalea ezen ikasi beharrean garela zertan datzan Jesusek parabolan adierazi digun leialtasun eginkor, sortzaile eta arriskutsu hori.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.