lunes, 20 de noviembre de 2017

2017-11-26 - Urteko 34. Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 34. Igandea (A)


EBANJELIOA

Bere errege-aulkian eseriko da eta batzuk besteengandik bereizi egingo ditu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25, 31-46

Egun haietan, Jesusek bere ikaslei esan zien: «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulkian eseriko da.

Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala, eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu. Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.

Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”. Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman? Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?” Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.

«Gero, ezkerrekoei esango die: “Alde niregandik urruti, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatua dagoen betiko sutara.

Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta edaten eman ez; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”. Orduan, haiek ere esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun gose edo egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez?” Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: Txikien hauetako edozeini egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko azaroaren 26a

GAUZA ERABAKITZAILEA

(2010-2011ko A zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

JOSE ANTONIO PAGOLAREN KUTUNA

2014ko azaroaren 23a

ESKERRAK GUZTIEI

Egun hauetan betetzen dira 34 urte, igande bakoitzeko ebanjelioari neure asteroko iruzkina idazten hasi nintzela. Lehendabizi, Donostiako prentsaren eta irratiaren bidez. Ondoren, internetez, Berri Onak Sare Ebanjelizatzailearen bidez. Uste dut iritsi zaidala aro hau, hain kitzikagarria eta aberatsa niretzat, ixteko ordua.

Ez dut uzten, ez nire jarduera ebanjelizatzailea, ez nire idazle-lanbidea; baina, neure adinean, denbora eta sosegu gehiago behar dut, oraindik gauzatu ditzakedan egitasmo batzuetan beste erritmo batez lan egiteko. Indarrik dudan bitartean, neure azken urteak eragin bat emanez bizi nahi ditut, Frantzisko aita santuak dei egiten digun Elizaren berrikuntza horretan. Zehazki, Jesusenganako, haren Ebanjeliorako eta gizatasuna areagotzeko Jainkoaren erreinuko egitasmorako konbertsioa sustatu nahi dut, hainbat eratan.

Beraz, eskuarteko hau izango da nire azken bidalia. Alabaina, gerora ere hartzen jarraituko duzue, Jesusen Taldeak dela medio, nire iganderoko iruzkina, idatzi izan ditudan hainbatetatik aukeratua. Orobat aurkitu ahal izango dituzue buenanoticia.net web orrian. Bestalde, jakizue, nire iruzkinen bilduma, aski osoa, argitaratua dagoela lau liburu koskorretan: espainolez (Ed. PPC); katalanez (Ed. Claret); italieraz (Ed. Borla); brasileiroz (Ed. Vozes). Eta ingelesez eta euskaraz lehen bolumenak argitaratzen ari dira.

Memento honetan, esker on handi bat sentitzen dut guztientzat. Lehenik eta behin, Hondarribiko Karmeldarren elkarte maitearentzat, hartarainoko eskaintzaz eta eskuzabaltasunez arduratu baitzarete asteroko nire iruzkina bidaltzeaz, batzuetan zailtasun ez txikiak gaindituz. Ondoren, itzultzaileoi, zuen lan isil eta doakoaz,  bideragarri egin baituzue Ebanjelioa banatzea hizkuntza desberdinetan.

Eskerrak eman nahi dizkiet orobat, web orriez, zerbitzu eta egunkari digitalez, irratiz, aldizkariz, multikopiaz… nire iruzkin ebanjelikoa Lurreko txokorik ustekabekoenetara helarazi baituzue. Esker berezi bat sentitzen dut ehundaka lagunentzat, zeuen ordenagailu pertsonalaz bidali baitiezue misiolariei, adin handiko jendeari edo gaixoei, jende urrunduari.

Urte hauetan guztion artean eratu dugun sare ebanjelizatzaile hau ezin dugu hausten utzi. Iritsiko zaizkigun iruzkinak edo geure ordenagailuan ditugun testuak baliatzen jarraituko dugu Jesusen Berri Ona astero hedatuz. Ez dezagun gal sekula Jesusenganako konfiantza. Jesusek berak berrituko du gure fedea eta salbatuko Eliza krisialdi honetatik.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain


Interneteko loturak, zerbitzu berrientzat:
Red Buenas noticias.
Grupos de Jesús
Grupos de Jesús eta Red Buenas Noticias koordinatzailearen email kontaktua
Igandero irakurri ohi den ebangelioari buruz, azken 34 urteetan Jose Antonio Pagolak astero idatzi dituen iruzkin guztiak aurki ditzakezue Sopelako Elizako blogean.


HOMILIA

2014ko azaroaren 23a

AUZI BITXIA

Iturriek ez dute dudarako biderik ematen. Laguntza-premian ikusten dituenei emanik bizi da Jesus. Ezin egin du ezikusiarena. Ez da sufrimenik bere egin ez duenik. Bat egin du txikienekin eta ezgaituenekin, eta ahal duen guztia egin du haientzat. Errukia du Jesusek lehenengo gauza. Horixe dugu Jainkoaren antzeko izateko modu bakarra: «Izan errukitsu, zuen Aita errukitsu den bezala».

Zer harritzekorik, Azken Auziaz hitz egitean, gure bizitza eta harekin guk bat egin izana juzgatzeko, Jesusek azken irizpide erabakigarritzat errukia eman izate horretan? Zer harritzekorik historiako pobre eta zoritxarreko guztiekin Jesus bat eginik agertu izate horretan?

Mateoren kontakizunaren arabera, «nazio guztiak» aurkeztuko dira Gizonaren Semearen, hau da, Jesusen, errukitsuaren, aurrean. Ez da bereizketarik egingo «herri hautatuaren» eta «herri paganoaren» artean. Ez da ezer esaten erlijio eta kultu desberdinez. Oso gauza gizatarrez, guztiek ulertzen dituztenez, hitz egiten da hor. Zer egin dugu sufritzen bizi izan diren guztiekin?

Ebanjelaria ez da luzatu, berariaz, auziaren xehetasunak deskribatzen. Elkarrizketa bikoitza nabarmendu du, gure orainaz argi handia dakarrena, eta sufritzen ari direnekin jokatzeko, azken batean, bi modu daudela ikusi ahal izateko, begiak irekitzen dizkiguna: errukitu eta lagundu edo ezikusiarena egin eta hor konpon esan.

Pobre eta premiadun guztiekin bat egina den Epailea da mintzo dena: «Nire haurride txiki hauetako bati lagundu zenioten bakoitzean, neuri egin zenidaten». Premian dagoen bati laguntzeko hurbildu direnak, harengana dira hurbildu. Horregatik, haren alboan egongo dira erreinuan: «Zatozte nire Aitaren bedeinkatuok».

Ondoren, errukirik gabe bizi izan direnei mintzo zaie: «Nire haurride txiki hauetako bati lagundu ez zenioten bakoitzean, neuri ukatu zenidaten». Sufritzen ari direnengandik apartatu direnak, Jesusengandik dira apartatu. Bidezkoa da orain esaten diena: «Alde nigandik». Segi zeuen bidean.

Orain berean hari gara geure bizia jokatzen. Ez da zertan egon auzi baten zain. Orain ari gara sufritzen ari direnengana hurbiltzen edo haiengandik urruntzen. Orain ari gara Kristogana hurbiltzen edo harengandik urruntzen. Orain ari gara geure bizia erabakitzen.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko azaroaren 20a

GAUZA ERABAKITZAILEA

Gaurko kontakizuna ez da juxtu parabola, baizik eta herri guztien azken auziaren gogorapena. Elkarrizketa luzea bat da pasadizo guztia; Jesus berpiztua baizik ez den Epailearen eta bi pertsona-talderen arteko elkarrizketa da; azken hauen artean, batetik, premia handienekoen sufrimendua arindu dutenak daude eta, bestetik, beren laguntza ukatuz bizi izan direnak.

Mendeen joan-etorrian, «Ebanjelioaren laburbiltzerik hoberentzat» eman izan dute kristauek elkarrizketa txundigarri hau, «maitasun solidarioaren laudorio absolututzat» edota «erlijioan faltsuki babesturik bizi direnentzako abisurik larri-larritzat». Seinala ditzagun baieztapenik  oinarrizkoenak.

Gizon-emakume guztiak, salbuespenik gabe, izango dira juzgatuak irizpide bat beraz. Bizitzari balio galezina ematen diona ez da izaera soziala, talentu pertsonala edo urtetan barna lortu izan den arrakasta. Laguntza-beharrean gertatu direnei eskaini izandako maitasun praktikoa eta solidarioa da gauza erabakitzailea.

Maitasun hau egintza zehatzetan gauzatzen da. Adibidez, «jaten eman», «edaten eman», «etorkina onartu», «biluzia jantzi», «gaixoa edo presoa bisitatu». Gauza erabakitzailea Jainkoaren aurrean ez dira egintza erlijiosoak, baizik premian direnei eskainitako laguntza-keinu gizatar hauek. Fededun baten bihotzetik nahiz sufritzen dutenak gogoan dituen agnostiko baten bihotzetik sor daitezke.

Bidean aurkitu izan dituzten premiatsuei lagundu dietenen taldeak ez du jokatu izan arrazoi erlijiosoengatik. Ez dute izan gogoan ez Jainkoa, ez Jesu Kristo. Soil-soilik, munduan den sufrimendua arindu nahi izan dute pixka bat. Orain, Jesusek gonbidaturik, Jainkoaren erreinuan sartuko dira «Aitaren bedeinkatu» bezala.

Zergatik da, ordea, hain gauza erabakitzailea premiatsuei laguntzea eta hain gauza gaitzesgarria laguntza ukatzea? Epaileak dioenez, halakoei egiten zaiena edo ukatzen, Kristogan haragitu den Jainkoari berari egiten zaiolako edo ukatzen. Halakoei sufrimena arintzean, Jainkoari berari arintzen diogu.

Mezu txundigarri honek sufritzen ari direnei begira jartzen gaitu guztiok. Ez da egiazko erlijiorik, ez da politika aurrerakoirik, ez da giza eskubideen erantzukizunezko aldarrikapenik premiatsuenak defendituz ez bada, halakoen sufrimena arinduz eta halakoen duintasuna berreginez ez bada.

Sufritzen ari den pertsona bakoitzarengan Jesus datorkigu bidera, begira jartzen zaigu, galde eta erregu. Ezerk ez gaitu hurbiltzen Jesusengana sufritzen ari direnei errukiz eta arretaz begiratzeak baino gehiago. Ezin ikusi ahal izango dugu inon ere modu egiazkoagoan Jesusen aurpegia.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2008ko azaroaren 23a

AUZI HARRIGARRIA

Iturriek ez dute dudarako biderik ematen. Laguntza-premian ikusten dituenei emanik bizi da Jesus. Ezin egin du ezikusiarena. Ez da sufrimenik bere egin ez duenik. Bat egin du txikienekin eta ezgaituenekin, eta ahal duen guztia egin du haientzat. Errukia du Jesusek lehenengo gauza. Horixe dugu Jainkoaren antzeko izateko modu bakarra: «Izan errukitsu, zuen Aita errukitsu den bezala».
Z
er harritzekorik, Azken Auziaz hitz egitean, gure bizitza eta harekin guk bat egin izana juzgatzeko, Jesusek azken irizpide erabakigarritzat errukia eman izate horretan? Zer harritzekorik historiako pobre eta zoritxarreko guztiekin Jesus bat eginik agertu izate horretan?

Mateoren kontakizunaren arabera, «nazio guztiak» aurkeztuko dira Gizonaren Semearen, hau da, Jesusen, errukitsuaren, aurrean. Ez da bereizketarik egingo «herri hautatuaren» eta «herri paganoaren» artean. Ez da ezer esaten erlijio eta kultu desberdinez. Oso gauza gizatarrez, guztiek ulertzen dituztenez, hitz egiten da hor. Zer egin dugu sufritzen bizi izan diren guztiekin?

Ebanjelaria ez da luzatu, berariaz, auziaren xehetasunak deskribatzen. Elkarrizketa bikoitza nabarmendu du, gure orainaz argi handia dakarrena, eta sufritzen ari direnekin jokatzeko, azken batean, bi modu daudela ikusi ahal izateko, begiak irekitzen dizkiguna: errukitu eta lagundu edo ezikusiarena egin eta hor konpon esan.

Pobre eta premiadun guztiekin bat egina den Epailea da mintzo dena: «Nire haurride txiki hauetako bati lagundu zenioten bakoitzean, neuri egin zenidaten». Premian dagoen bati laguntzeko hurbildu direnak, harengana dira hurbildu. Horregatik, haren alboan egongo dira erreinuan: «Zatozte nire Aitaren bedeinkatuok».

Ondoren, errukirik gabe bizi izan direnei mintzo zaie: «Nire haurride txiki hauetako bati lagundu ez zenioten bakoitzean, neuri ukatu zenidaten». Sufritzen ari direnengandik apartatu direnak, Jesusengandik dira apartatu. Bidezkoa da orain esaten diena: «Alde nigandik». Segi zeuen bidean.

Orain berean hari gara geure bizia jokatzen. Ez da zertan egon auzi baten zain. Orain ari gara sufritzen ari direnengana hurbiltzen edo haiengandik urruntzen. Orain ari gara Kristogana hurbiltzen edo harengandik urruntzen. Orain ari gara geure bizia erabakitzen.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.