lunes, 11 de febrero de 2019

2019-02-17 - Urteko 6. Igandea (C)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 6. Igandea (C)



EBANJELIOA

Ebanjelioa

Behin batean , Jesus, ikasleekin menditik jaitsi ondoren, zelaigune batean gelditu zen. Ikasleetariko asko harekin ziren; baita herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo itsasaldetik teoría.

Jesusek, ikasleei begira, honela esan zuen:

«Zorionekoak behartsuok , zuek baituzue Jainkoa errege.

«Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak.

«Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue.

«Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean.

Alai zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek.

«Baina ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza!

«Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete!

«Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue!

«Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ongi hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek!

Jaunak esana.

HOMILIA

2019eko otsailaren 17a

ZORIONTASUNA

Gero eta sarriago irakurtzen eta entzuten ahal dituzu albiste baikorrak krisialdia gainditzeaz eta ekonomiaren berreskuratze hazkorraz.

Esaten digute, hazkunde ekonomikoa ari garela jada bizitzen, baina zeren hazkundea?, hazkundea norentzat? Apenas adierazten diguten egia osoa gertatzen ari denaz.

Abian den berreskuratze ekonomikoa, sendotuz doa eta, are gehiago, betikotuz «gizarte bikoitz» deitu ohi dena. Leize gero eta handiago bat ari da gauzatzen beren bizi-maila segurtasun handiagoaz hobetuko dutenen eta, eragiketa ekonomiko zabal honetan lanik gabe eta etorkizunik gabe, zintzilik geldituko direnen artean.

Izatez, haziz doaz, aldi berean, gero eta aberatsago direnen kontsumo arranditsu eta probokatzailea eta gero eta pobreago direnen miseria eta segurtasun-falta.

«Purpuraz eta lihoz jantzi ohi zen eta egunero otordu oparoak egiten zituen» gizon aberatsaren eta, ezin lortu bazuen ere, aberatsaren mahaitik lurrera botatzen zutenez bere urdaila nola beteko egon ohi zen Lazaro pobrearen parabola errealitate gordina da gizarte bikoitz honetan.

Gure artean hor dira Paulo II.a aita santuak salatu zituen «mekanismo ekonomiko, finantzazko eta sozialak; «horiek, gizon-emakumeen gogoak erabiliak izan arren, era kasik automatikoak funtzionatzen zuten, zurrunago bihurtuz batzuen aberastasun-egoerak eta besteen pobretasunarenak».

Beste behin, sendoagotzen ari gara gizarte sakonki desberdin bat eta zuzengabe bat. «Sollicitudo rei socialis» izeneko entziklika biziki argi eta ebanjeliko horretan, hain gutxi entzuna den horretan, etengabe goraipatzen dutenek berek ere, Joan Paulo II.ak, egoeraren sustraian, izen bakarra duen zerbait ikusi du: bekatua.

Ematen ahal ditugu mila motatako argibideak; baina hau da ageri den emaitza: jada aberats direnen aberastasun gero eta handiagoa eta pobreen hondamendia; horrenbestez, esana dago dena: solidaritate-falta eta zuzengabekeria indartzea da emaitza.

Bere zoriontasunetan, Jesusek ohartarazi digu ezen egun batean aberatsen eta pobreen egoera alderantzizkoa izango dela. Gerta daiteke, gaur ere zenbait jendek, Nietzscheri jarraituz, pentsatzea, Jesusen jarrera hau erresuminaren eta ezinaren fruitu dela, zuzentasun handiagorik ezin lorturik, Jainkoaren mendekura jotzen duen batena.

Alabaina, Jesusen mezua ez dator garaitua izan den eta erresuminez diharduen baten ezintasunetik, baizik eta Jainkoaren zuzentasunaz izan duen ikuskari bizi batetik, garbi ikusi baitu Jesusek Jainkoak ezin onartu duela azken hitza zuzengabekeriak izatea.

Joanak dira hogei mende, baina Jesusen hitzak erabakitzaile izaten jarraitzen du aberatsentzat eta pobreentzat. Salaketa-hitz batzuentzat eta promes-hitz besteentzat: bizirik jarraitzen du eta guztiok interpelatzen gaitu.



José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko otsailaren 14a

POBREAK ZINEZ AINTZAT HARTU

«Zoriontasunak» Mateoren ebanjelioan datozenez entzuten ohiturik, gogor gertatzen zaigu lur aberats hauetako jendeari Lukasek dakarkigun testua irakurtzea. Itxura duenez, ebanjelari hau eta honen irakurleetarik asko klase erosokoak ziren. Halaz guztiz, Jesusen mezua eztitu ordez, era zirikatzaileagoan aurkeztu du testua Lukasek.

Pobreen aldeko «zoriontasunen» segidan, aberatsei zuzenduriko «zori-gaiztasunak» gogoratu ditu Lukasek: «Zorionekoak pobreak... orain goseak zaretenak... orain negar degizutenak». Aitzitik, «ai zuek, aberatsak... orain aseak zaretenak... orain barre degizutenak». Ebanjelioa ezin entzun du jende guztiak modu berean. Pobreentzat esperantzara gonbidatzen dituen Berri On dena, aberatsentzat konbertsiora dei egiten dien mehatxu da. Nola entzun mezu hau gure kristau-elkarteetan?

Beste ezer baino lehen, munduan den errealitaterik odoltsuena dakarkigu Jesusek begi aurrera, Jainkoaren bihotza gehiena hunkitzen duena, bere begi aurrean bizienik duena. Geure lur aberats hauetan ezikusiarena egin nahi diogun errealitatea da, behin eta berriz isilarazi nahi duguna, zuzengabekeriarik ankerrena eta bidegabeena mila eratara estali nahiz, haren errudun hein handian geu garelarik.

Autoengainu hori elikatzen jarraitu behar ote dugu, ala pobreen egoerara begiak ireki? Nahi ote dugu zinez? Hartuko ote dugu zinez aintzat, behingoz , goseak eta duintasuna ukaturik bizi den gehiengo handi hori, ongizaterako gure bidean nor ez den hori?

Kristauok ez gara konturatu oraino kristautasunaren historian pobreek izan dezaketen garrantziaz. Beste inork baino argi handiagoa eskaintzen digute horiek geure burua geure egian ikusi ahal izateko; gure kontzientzia astindu eta konbertsiorako gonbita zuzentzen digute etenik gabe. Bihar eguneko Eliza modu ebanjelikoagoan eratzen lagundu diezagukete. Soiltasuna, solidaritatea eta eskuzabaltasuna bizitzeko gizatarrago eta gaiago bihur gaitzakete.

Aberatsen eta pobreen arteko leizea handituz doa, geldiezineko abiadan. Etorkizunean, gero eta ezinezkoagoa izango da munduaren aurrean Jesusen Eliza bezala agertzea, Lurreko ahulenei eta babesgabeenei ezikusiarena egiten jarraitzen badugu. Edota pobreak aintzat hartu edota Ebanjelioaz ahaztu. Lur aberats hauetan gero eta nekezago entzun ahal izango dugu Jesusen oharpen hau: «Ezin izan zarete Jainkoaren eta Diruaren zerbitzari». Jasanezineko bihurtuko zaigu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.