lunes, 18 de febrero de 2019

2019-02-24 - Urteko 7. Igandea (C)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 7. Igandea (C)



EBANJELIOA

Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 6,27.-38

«Baina zuei, entzuleoi, hau diotsuet: Maitatu etsaiak, egin ongi gorroto dizuetenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde.

«Masail batean jotzen zaituenari eskaini bestea ere; soingainekoa kentzen dizunari, ez ukatu soinekoa ere. Eskatzen dizun edonori, eman, eta zeurea kentzen dizunari, ez bihurrarazi. Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei.

«Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak. Eta ongi egiten dizuetenei bakarrik egiten badiezue ongi, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste. Eta ordaina hartzekotan bakarrik ematen baduzue maileguz, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratu ohi diote elkarri, beste hainbeste hartzekotan. Ez! Zuek maitatu etsaiak, egin ongi eta eman maileguz ordainari begiratu gabe: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita bera esker txarreko eta gaiztoentzat. Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala.

«Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta Jainkoak ere barkatuko dizue; eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak».

Jaunak esana.

HOMILIA

2019eko otsailaren 24a

EZER ESPERO GABE

Zergatik bizi da hainbat jende isilpean kontentagaitz? Zergatik iruditzen zaio hainbat gizon-emakumeri bizitza aspergarri, hutsaren hurrengo, gatz gabeko? Zergatik aspertzen dira beren ongizatea eta guzti? Zer falta zaie berriro ere bizi-poza aurkitzeko?

Agian, askoren bizitza aldatuko litzateke eta beste kolore bat eta beste bizitasun bat lortuko luke, soil-soilik norbait doan maitatzen ikasiko balute. Nahi ala ez, gizakia probetxurik gabe maitatzera deitua dago; eta, egiten ez badu, bere bizitzan hutsune bat sentituko du, ezerk eta inork ezin beteko duena. Ez da zozokeria Jesusen hitz hauek entzutea: «Egizu on… trukean ezer espero gabe». Hori izan daiteke bizitzako sekretua. Bizi-poza itzultzen ahal diguna.

Gauza erraza da inor egiaz era doakoan maitatu gabe gelditzea. Ez diot inori kalterik egiten. Ez dut burruntzalia sartzen besteren arazoetan. Errespetatzen ditut besteen eskubideak. Badut aski neure buruaz eta neure gauzez arduratzearekin.

Baina hori, bizitzea al da? Jende guztiaz arduratu gabe biziz, neure lanera, neure lanbidera mugaturik, gainerakoen problemei langa ezarriz, jendearen sufrimenduak bost axola zaizkidala, neure «kristalezko kanpaian» ixten naiz?

Gizarte batean bizi gara, zeinetan nekosoa baita doan maitatzea. Ia beti galdetzen dugu: Zertako da on? Probetxugarri al da? Zer irabaziko dut horrekin? Dela kalkulu eta dena neurri izaten dugu. Buruan sartua dugu ezen «erosiz» lortzen dela den-dena: jatekoa, jantzia, etxea, garraioa, jolasa… Horrela, geure harreman guztiak «odolkiak ordainetan» bihurtzeko arriskua bizi dugu.

Alabaina, maitasuna, adiskidetasuna, onarpena, solidaritatea, hurbiltasuna, konfiantza, ahularen aldeko borroka, esperantza, barne-poza… ez dira lortzen diruz. Doako gauza dira: ordainetan ezer espero gabe eskaintzen dira; soilik, bestearen hazkundea eta bizia amesten dira.

Lehen kristauek, maitasunaz hitz egitean, «agape» hitza erabili ohi zuten; hain juxtu, doakotasunaren alderdi hau azpimarratzeko, «eros» huts bezala harturiko maitasunari kontrajarriz, askorentzat probetxu eta egoismo oihartzuna zuenari, alegia.

Gure artean badira soilik doako maitasuna hartzen ahal dutenak; izan ere, apenas izaten baitute ezer ere itzultzeko hurbildu zaienari. Bakarrik bizi diren pertsonak, bizitzak tratu txarra eman dienak, ia inork ulertzen ez dituenak, gizarteak pobretu dituenak, beren bizitzan kasik irtenbiderik gabeko.


Profeta handi izan zen Helder Camarak Jesusen gonbita gogorarazten digu hitz hauekin: «Zeure burutik liberatzeko, egizu zubi bat zure egoismoak sortu duen leizea baino urrunago. Saia zaitez zeure burua baino harago ikusten. Saia zaitez beste bati entzuten, eta, batez ere, ahalegindu zaitez besteak maitatzen zeure burua bakarrik maitatu ordez».

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.