martes, 30 de marzo de 2010

2010/04/04 - Piztuera Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

2010eko apirilaren 4a

Piztuera Igandea (C)

Joan 20, 1-9

Ebanjelioa

Asteko lehen egunean* Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: “Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten”.
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro, eta sartu zen hilobira. Oihal zerrendak lurrean ikusi zituen, bai eta Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordura arte ez baitzuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hilen artetik piztu behar zuela, alegia.

Homilia

2010eko apirilaren 4a

NON IBILI BIZI DENAREN BILA?

Aitak piztu zuen Jesusekiko fedea ez zen jaio ikasleen bihotzean berez eta bere kasa. Bizi zen harekin topo egin aurretik, ebanjelariek diotenez, ikasleak noraezean ibili ziren haren bila, hilobi inguruan, galde eta duda asko zutela.
Magdalako Maria da prototiporik hobena, guztiei ere zer gertatu zaien jakiteko. Joanen kontakizunean datorrenez, goizean goiz dabil Maria gurutziltzatuaren bila: «artean ilun zela». Jakina, «hilobira» joan da bila. Artean ez daki herioa garaitua izan dela. Horregatik, nahasarazi egin du hilobia hutsik ikusteak. Jesus gabe, galdua ikusi du bere burua.
Beste ebanjelariak beste tradizio batez mintzo dira: emakume-talde osoa bila dabilela dioenaz. Ezin ahaztu dira Maisuaz, ikasletzat hartu dituen hartaz, eta harekiko maitasunak hilobira eraman ditu. Han ez dute aurkitu Jesus; alabaina, haren bila nora jo adierazi dien mezua entzun dute: «Zertan zabiltzate hildakoen artean bizi denaren bila? Ez da hemen. Piztu da».
Kristo berpiztuarekiko fedea ez da pizten gugan gaur ere berez, haurtzarotik katekistei eta predikariei entzun diegulako soilik. Jesusen piztuerarekiko federa bihotza irekitzeko, nork bere ibilbidea egin behar du. Ezinbestekoa da Jesusez ez ahaztea, hura grinatsuki maitatzea, indar guztiz aren bila ibiltzea, baina ez hildakoen munduan. Bizi den haren bila, bizia den lekuan behar da ibili.
Bizi den eta kreatzaile den Kristo berpiztuarekin topo egin nahi badugu, ez dugu bilatu behar hila den erlijio batean, legeak eta arauak betetze hutsera emana den erlijio batean, baizik Jesusen Espirituaren arabera bizi ohi den lekuan, jarraitzaileek Jesus fedez, maitasunez eta erantzukizunez onartzen duten lekuan.
Ez dugu ibili behar haren bila borroka agor batek, Jesusekiko maitasunik eta Ebanjelioarekiko gogorik ezak banaturik eta muturka jarriak dituen kristauen artean; baizik eta kristau-elkartea eraikitzen ari garen lekuan ibili behar dugu haren bila, beren erdian Jesus jarria dutenen artean, ezen badakiten «bi edo hiru haren izenean bildu diren lekuan, han dela hura».
Bizi den hura ez dugu aurkituko fede zurrun eta ohikeriazko batean, topiko-mota guztiek eta esperientziarik gabeko formula hutsalek higatua duten hartan; hura aurkitzeko, beste kalitate bateko harremanak behar ditugu harekin eta haren egitasmoarekin. Itzalia eta zurruna den Jesus bat, maiteminik eta lilurarik eragiten ez duen bat, bihotza hunkitzen ez duen eta bere askatasuna kutsatzen ez duen bat: halako Jesus hura «hila den Jesus» da. Ez da bizi den Kristo, ez da Aitak piztu duen hura. Ez da bizi den eta biziarazten duen hura.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.