martes, 6 de abril de 2010
2010/04/11 - Pazkoaldiko 2. Igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko apirilaren 11a
Pazkoaldiko 2. Igandea (C)
EBANJELIOA
Joan 20,19-31
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu‑agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: “Bakea zuei”. Gero, eskuak eta saihetsa* erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: “Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet”. Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: “Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die”.
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten: ‑Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien: ‑Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze‑zuloetan eta nire eskua haren saihets‑zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: “Bakea zuei”. Gero, esan zion Tomasi: ‑Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets‑zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion: ‑Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion: ‑Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak. Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.
HOMILIA
2010eko apirilaren 11
EZ ZAITEZ IZAN SINESGABE, SINESTEDUN BAIZIK
Tomasen irudia, sinesteari gogor egin dion ikasle bezala, oso herrikoia izan da kristauen artean. Halaz guztiz, ebanjelioko kontakizunak hori baino askoz gehiago dakar ikasle eszeptiko honetaz. Aski dei estu diren hitzez mintzatu zaio Jesus berpiztua, baina aldi berean gonbit maitekor direnez: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun baizik». Tomasek, sinesteari gogor eginez astebete daraman horrek, ebanjelioetan irakur dezakegun fede-aitorpenik handienaz erantzun dio: «Ene Jaun eta ene Jainko».
Zer esperimentatu du ikasle honek Jesus berpiztuagan? Zerk aldarazi du ordu arte dudak eta zalantzak hartua izan den gizon hau? Zein barne-ibilbidek eraman du eszeptizismotik konfiantzara? Harrigarriena da, kontakizunaren arabera, Tomasek uko egin diola piztueraren benetakotasuna egiaztatzeari Jesusen zauriak ukituz. Federa ireki duena Jesus bera izan da, gonbita egitean.
Azken urte hauetan, asko aldatu gara geure barnean. Eszeptikoago bihurtu gara, baina hauskorrago ere bai. Kritikoago bilakatu gara, baina ez-ziurrago ere bai. Norberak erabaki behar du nola nahi duen bizi eta nola nahi duen hil. Norberak erantzun behar dio Jesusengandik, goiz ala berandu, ezusteko moduan, barne-prozesu baten ondorio gisa, iritsi ahal zaion gonbit horri: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun baizik».
Beharbada, geure egia-gogoa gehiago iratzarri beharrean gara. Gehiago garatu beharrean geure barne-sentiberatasuna, ikusgarri eta ukigarri dena baino harago sumatzeko, gure biziaren sostengu den Misterioaren presentzia sumatzeko guztiok dugun sentiberatasuna. Ezin gara bizi jada dena jakingo bagenu bezala. Hori ez da egia. Guztiak, fededun eta fedegabe, ateo eta agnostiko, ilunak bildurik gabiltza bizitzan. Tartsoko Paulok dioen bezala, «haztamuka» gabiltza Jainkoaren bila.
Zergatik ez aurpegi eman biziaren eta herioaren misterioari Maitasunean konfiantza jarriz, ororen azken Errealitate denez? Hori da azken batean Jesusen gonbita. Fededun batek baino gehiagok sumatu du gaur egun ezen beraren fedea gero eta irrealago eta funsgabekoago bilakatuz joan dela. Ez dakit. Agian, geure fedearen sostengutzat sasi-segurtasunik ez dugun honetan, bihotz apalagoz eta egiazaleagoz gabiltza Jainkoaren bila.
Ez dezagun ahaztu ezen, nola sinetsiko eta sinetsi nahian benetan dabilena, jada sinestedun dela Jainkoarentzat. Askotan, ezin egin ahal da besterik. Eta Jainkoak, gure ezina eta ahuldadea ezagutzen duen hark, bere bideak ditu bakoitzarekin topo egin eta bere salbazioa eskaintzeko.
Jose Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.