lunes, 12 de abril de 2010
2010/04/18 - Pazkoaldiko 3. Igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko apirilaren 18a
Pazkoaldiko 3. Igandea (C)
EBANJELIOA
Joan 21,1-19
Geroxeago, berriro agertu zitzaien Jesus bere ikasleei Tiberiades aintzira‑ertzean. Honela gertatu zen agerpena: Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Tomas ‑‑Bikia zeritzana‑‑, Natanael ‑‑Galileako Kanakoa‑‑, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. Hortan, Simon Pedrok esan zien: ‑Arrantzura noa.
Besteek erantzun zioten: ‑Zurekin goaz gu ere.
Irten eta untziratu egin ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu.
Eguna argitu zuenean, aintzira‑ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. Jesusek esan zien: ‑Mutilok, baduzue jatekorik?
Haiek erantzun: ‑Ez.
Jesusek esan zien: ‑Bota sarea txaluparen eskuinera eta aurkituko duzue.
Hala egin zuten. Eta hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: “Jauna da”. Simon Pedrok, Jauna zela entzun bezain laster, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta salto egin zuen uretara. Gainerako ikasleak txalupaz joan ziren, sarea arrainekin tiraka zekartela, lehorretik hurbil baitziren, ehunen bat metrora.
Lehorreratzean, su‑txingarrak ikusi zituzten, gainean arrain bat zela, eta ogia. Jesusek esan zien: “Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetariko batzuk”.
Igo zen untzira Simon Pedro eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea apurtu.
Jesusek esan zien: “Etorri gosaltzera.
Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, ongi baitzekiten Jauna zena. Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, bai eta arraina ere.
Hirugarren aldia zen hau, Jesus, hilen artetik piztu ondoren, bere ikasleei agertzen zitzaiena.
HOMILIA
2010eko apirilaren 18
JESUS GABE EZINEZKOA DA
Jesus berpiztuak Galileako aintzira ondoan ikasleekin topo egin izana katekesi-asmoarekin deskribatu du ebanjelariak, argi eta garbi. Kontakizunak, hondoan, itsasoan egindako arrantzaren sinbolismoa du erdigune. Haren mezua ezin gaurkoagoa da kristauentzat: soilik, Jesus berpiztuaren presentziak bihur dezake eginkor haren ikasleen lan ebanjelizatzailea.
Kontakizunak, lehenik eta behin, ikasleak gau ilunean burutzen ari diren lana deskribatzen digu. Dena Simon Pedroren ekimenaz hasi da: «Arrantzura noa». Gainerako ikasleek bat egin dute harekin: «Zurekin goaz geu ere». Berriro elkarrekin dira, baina Jesus falta da. Arrantzura doaz, baina ez dira irten Jesusen deiari jarraituz, baizik Simon Pedroren ekimenari.
Kontalariak argi utzi du ezen lan hau gauez egin dela eta fruiturik gabeko gertatu dela: «gau hartan ez zuten ezer harrapatu». «Gauak» ebanjelariaren hizkuntzan Jesusen falta adierazten du, Argia den haren falta. Jesus berpiztuaren presentziarik gabe, haren arnasarik eta hitz orientagarririk gabe, ez da ebanjelizazio emankorrik.
Egunsentia iristearekin, presente egin da Jesus. Ertzetik, bereekin komunikatu da bere Hitzaz. Ikasleek ez dakite Jesus dela. Soilik, haren gomendioari leial jarraituz, harrapatze harrigarria lortuko dutenean ezagutuko dute. Soilik, Jesusen lana izan daiteke harrapatze hura, egun batean «giza arrantzale» izatera dei egin zien Profeta harena.
Kritikoa da parrokia eta kristau-elkarte ez gutxiren zoria. Indarrak gutxituz doaz. Kristau konprometituenak biderkatzen ari dira lan-mota askori eskua ezarriz: beti berak eta beti berak lan guztietarako. Geure ahaleginak biziagotzen eta emaitza edozein modutan bilatzen jarraitu behar ote dugu, ala pausatu beharra dugu geure lanean Berpiztuaren presentzia bizia hobeto zaintzeko?
Jesusen Berri Ona zabaltzeko eta haren egitasmoan lankide eginkor izateko, garrantzizkoena ez da «mila gauza egitea», baizik burutzen dugunaren kalitate gizatarra eta ebanjeliozkoa hobeto zaintzea. Gauza erabakigarria ez da ekinaren ekin beharra, baizik kristauek isla dezakegun bizi-testigutza.
Ezin geldi gintezke «fedearen azalean». Beste ezer baino gehiago, funtsezkoa zaintzeko garaiak dira. Geure elkarteak hitzez, testuz eta idazkiz aspertzen ditugu, baina gauza erabakigarria, gure artean, Jesusi entzutea da. Bilera asko egiten dugu, baina garrantzizkoena Jaunaren Afaria ospatzeko igandero elkartzen gaituena da. Hartan bakarrik elikatzen da gure ahalmen ebanjelizatzailea.
Jose Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.