lunes, 7 de junio de 2010
2010/06/13 - Urteko 11. Igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko ekainaren 13a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 11. Igandea (C)
EBANJELIOA
Lukas 7,36−8,3
Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen.
Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen. Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala. Jesusen atzean oinen ondoan* jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurtzitzen zizkion.
Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: “Benetan profeta balitz, jakingo luke zer nolako emakumea den bera ukitzen ari dena, bekataria alegia”.
Jesusek esan zion: Simon, badut zerbait zuri esateko.
Hark erantzun: Esadazu, Maisu.
Diru mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak berrogeita hamar. Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?
Simonek erantzun zion: Gehien barkatu zionak, nik uste.
Jesusek esan zion: Zuzen diozu.
Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion: Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu. Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik* ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit. Beraz, hau diotsut: Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da; gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen du.
Eta emakumeari esan zion: “Barkatuak dituzu zeure bekatuak”.
Beste bazkaltiarrak beren artean hasi ziren esaten: “Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?”
Baina Jesusek esan zion emakumeari: “Zeure sinesmenak salbatu zaitu; zoaz bakean”.
HOMILIA
2010ko ekainaren 13a
INOR EZ APARTATU JESUSENGANDIK
Lukasen kontakizunaren arabera, Simon izeneko fariseu batek gogo handia du Jesus bere etxera gonbidatzeko. Segur aski, otorduaz baliatu nahi da jendearen artean izen handia hartzen ari den galilear harekin zenbait arazoz mintzatzeko.Jesusek onartu du gonbita: guztiengana helarazi nahi du Jainkoaren Berri Ona.
Otordukoan, Simonek aurreikusi ez duen zerbait gertatu da. Herriko emakume prostituitu batek eten du bazkalondoa: Jesusen aurrean belauniko jarri eta negarrari eman dio. Ez daki nola eskertu bera bezala guztien mespretxuak markatua duen jendearentzat Jesus agertzen ari den maitasuna. Eta guztiak zur eta lur direla, Jesusen oinei musu eta musu ari da, urrin bikainez igurzten.
Bere onetik atera da Simon ikusia ikustean. Emakume bekatari bat Jesus ukitzen bere etxean! Ezin jasana: gizon hori oharkabea da, eta ez Jainkoaren profeta. Emakume lohi hori Jesusengandik apartatu beharra da bat-batean.
Jesusek, haatik, uki dezan uzten dio emakumeari eta maita dezan. Inork baino behar handiagoa du emakume horrek. Eta Jesusek, aparteko txeraz, Jainkoaren barkazioa eskaini dio; ondoren, emakumeak bere barruan duen eta salbatzaile duen bere fede apala aurkitzen lagundu dio. Bakean bizi dadin soilik opa dio Jesusek: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak... Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Ebanjelio guztiek azpimarratu dute gizarte-sail guztiek Jainkoaren bedeinkaziotik apartatu nahi izan dituzten guztiei −prostituitu, zerga-biltzaile, lepradun...− Jesusek agertu dien harrera eta ulermena. Eskandalagarria da Jesusen mezua: jende erlijiosok mespretxatu dituenek leku berezia dute Jainkoaren bihotzean. Bakarra da horren arrazoia: halakoak dira harrerarik, duintasunik eta maitasunik handiena behar dutenak.
Egunen batean berraztertu beharra izanen dugu, Jesusen portaera honen argian, zein den gure jarrera kristau-elkarteetan gizarte-sail batzuekiko: prostituzioan bizi diren emakumeekiko, homosexualekiko, lesbianekiko; izan ere, nahiago izaten dugu Elizaren baitan halakoen arazoei, sufrimenei eta borrokei ezikusiarena egin, guretzat ez bailiran.
Ez dira gutxi egin genitzakeen galderak: non aurki lezakete gure artean Jesusenaren antzeko harrerarik? Nori entzun liezaiokete Jainkoaz mintzo zaien hitz bat, Jesusek egiten zuen bezala? Zer laguntza aurki lezakete gure artean beren sexu-izaera bizitzeko jarrera erantzukizunezkotik eta fedezkotik? Zeinekin parteka dezakete Jesusekiko beren fedea bakez eta duintasunez? Zein da gai intuitzeko erlijio guztiek bazter utziak dituztenekiko Jainkoak duen maitasun hondogabea?
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.