martes, 22 de junio de 2010
2010/06/27 - Urteko 13. Igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko ekainaren 27a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 13. Igandea (C)
EBANJELIOA
Lukas 9,51-62
Mundu honetatik eramana izateko garaia bazetorkiolarik, Jerusalemera* joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek. Mandatari batzuk bidali zituen aurretik, eta Samariako* herri batean sartu ziren Jesusi ostatua prestatzeko. Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoala eta. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: “Jauna, aginduko al dugu zerutik tximista erori* eta garbi ditzan?”
Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Gero, beste herri batera joan ziren.
Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi: ‑Noranahi jarraituko dizut.
Jesusek esan zion: ‑Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.
Beste bati esan zion: ‑Jarraitu niri.
Baina hark erantzun: ‑Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.
Eta Jesusek: ‑Utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera.
Beste batek, berriz, esan zion: ‑Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu aurrena etxekoei agur egiten.
Baina Jesusek erantzun: ‑Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako
HOMILIA
2010eko ekainaren 27an
Ez txokoari loturik, ez atzera begira
Jesusi jarraitzea da kristau-bizitzaren bihotza. Funtsa. Ez da gauza garrantzizkoagorik edo erabakitzaileagorik. Lukasek hiru pasadizo txiki dakartza, beraren ebanjelioa irakurriko dutenak jabetu daitezen ezen, Jesusen ustez, ez dela ezer premiazkoagorik eta atzeraezinekorik.
Irudi gogorrak eta eskandalagarriak darabiltza Jesusek. Bistan da ezen jendearen kontzientzia astindu nahi duela. Ez dabil jarraitzaile gehiagoren bila, baizik jarraitzaile konprometituagoen bila: mugarik gabe jarraituko diotenak, sasi-segurtasunei uko eginez, beharrezko diren hausturak baitaratuz. Haren hitzek azken batean galdera bakar hau harrotzen dute: zein harreman ezarri nahi dugu geure burua haren jarraitzailetzat ematen dugunok?
Lehenengo pasadizoa. Bidelagun dituenetako batek halako erakarmena sentitzen du Jesusekiko, non, Jesusek deitu aurretik, bera aurreratzen baita esatera: «Jarraitu dizut noranahi zoazela». Zer esaten ari den konturatu dadin nahi du Jesusek: «Azeriek badituzte zuloak, eta hegaztiek habiak»; gizonaren semeak, berriz, «ez du burua non ezarri».
Abentura hutsa da Jesusi jarraitzea. Jesusek ez die eskaintzen bereei ez segurtasunik, ez ongizaterik. Ez die laguntzen dirua irabazten edo boterea eskuratzen. Jesusi jarraitzea «bidean bizitzea da», ongizateari lotu gabe eta erlijioan sasi-babesik bilatu gabe. Ez da zoritxarra Eliza hain boteretsua ez izatea eta zaurigarriago gertatzea. Gerta dakigukeen gauzarik hoberena da hori, geure fedea garbi egiteko eta Jesusengan konfiantza handiagoa ezartzeko.
Bigarren pasadizoa. Beste lagun bat prest da Jesusi jarraitzeko, baina lehenik eta behin betebehar erlijiosoetako bat, «bere aitari lur ematea», betetzen uzteko eskatu dio. Hori ezin gerta dakioke arrotz inongo juduri, zeren betebehar erlijioso handienetakoa baitute. Txundigarri da Jesusen erantzuna: «Utzi ezazu hildakoek beren hildakoei lur eman diezaieten: zu, zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera».
Jainkoaren erregetzari bidea irekitzea da beti zereginik premiazkoena, bizitza gizatarragoa egite aldera. Ezerk ez dezake atzerarazi gure erabakia. Inork ez digu eutsi behar, ez galgatu. «Hildakoek», biziaren erregetzaren zerbitzura bizi ez diren haiek, jardungo dute Jainkoaren erregetza eta haren zuzentasuna bezain premiatsuak ez diren beste betebehar erlijiosoak betetzen.
Hirugarren pasadizoa. Jesusen ondoren hasi aurretik, bere familiari agur egin nahi dion hirugarren bati, hau diotso Jesusek: «Goldeari heldu eta atzera begira jartzen dena ez da gai Jainkoaren erreinurako». Ezin jarrai dakioke Jesusi atzera begira jarririk. Ezin zaio biderik ireki Jainkoaren erregetzari iraganean geldituz. Aitaren egitasmoaren arabera lan egiteak hari guztiz emanik jardutea eskatzen du, konfiantza Jainkoaren geroan jartzea, Jesusen urratsen ondoren ausardiaz bide egitea.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.