lunes, 20 de septiembre de 2010
2010/09/26 - Urteko 26. igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko irailaren 26ea
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 26. igandea (C)
EBANJELIOA
Zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak; orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.
Lukas 16,19-31
Egun haietan, Jesusek esan zien fariseoei:
«Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez janzten zena eta egunero festa ederrak egiten zituena. Bazen Lazaro izeneko eskale bat ere, haren ate ondoan egoten zena; zauriz josia zegoen. Pozik asko jango zukeen aberatsaren mahaitik lurrera botatzen zutena. Txakurrek ere etorri eta zauriak miazkatzen zizkioten.
«Hil zen eskalea, eta Abrahamen ondora eraman zuten aingeruek; hil zen aberatsa ere, eta lur eman zioten.
Hildakoen Egoitzan oinazez zegoela, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urruti, eta Lazaro haren ondoan. Orduan, deiadar egin zion: “Aita Abraham, erruki nitaz; bidal ezazu Lazaro atzamar-muturra uretan busti eta niri mihia freskatzera, kiskaltzen bainago sugar hauetan”. Baina, Abrahamek erantzun zion: “Seme, gogoratu zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak; orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.
Horrez gainera, leize handi bat dago zuen eta gure artean; nahita ere, ez dauka inork hemendik zuengana igarotzerik, ezta hortik guregana ere”.
«Aberatsak, berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia ditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, beraiek ere oinaze-toki honetara etor ez daitezen”. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak: entzun diezaietela”. Hark, oraindik: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joaten bazaie, orduan bai bihozberrituko direla”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, hildakoren bat piztuta ere, ez dute kasurik egingo”».
HOMILIA
2010eko irailaren 26an
EZ EGIN EZKUSIARENA SUFRITZEN ARI DENARI
Parabolako protagonista bien arteko kontrastea tragikoa da. Aberatsa purpuraz eta lihoz jantzia da. Haren bizitza guztia da luxu eta nabarmenkeria. «Egunero oparo jan-edatea» du bere amets guztia. Aberats honek ez du izenik, ez nortasun-agiririk. Ez da inor. Errukiz huts den haren bizitza porrota da. Ezin bizi daiteke bat jan-edateko soilik.
Haren etxe-atarian, han datza eskale bat goseak, zauriz beterik. Inork ez dio laguntzen. Soilik, txakur batzuk hurbiltzen zaizkio bere zauriak miazkatzera. Ez du ezer bererik, baina badu izen bat, esperantza-eroalea. «Lazaro» edo «Eliezer» du izena, «Ene Jainkoa laguntza da» esan nahi du.
Haien zoria errotik kanbiatu da heriotza-orduan. Aberatsari lur eman diote, segur aski handikiro, baina «Hadesera» edo «hildakoen erreinura» eramango dute. Lazaro ere hil da. Ez da aipatzen ere hileta-konturik, baina «aingeruek Abrahamen altzora eramango dute». Bere garaiko irudi herrikoiz, Jesusek gogoratzen digu ezen Jainkoak duela azken hitza aberatsen eta behartsuen gain.
Aberatsa ez dute juzgatzen esplotatzaile bezala. Ez da esaten Elkargotik urrun bizi izan den fedegabea dela. Soilki, pobreari ezikusia eginez, aberastasunez gozatu duena da. Han berean zegoen behartsua, baina aberatsak ez du ikusi nahi izan. Haren etxe-atarian zegoen, baina ez zaio hurbildu. Bere bizitzatik at utzi du behartsua. Axolagabe izatea: horra haren bekatua.
Behatzaileen arabera, handituz doa gure gizartean apatia, hau da, besteen sufrimenarekiko sentiberatasun-falta. Mila moldez saihesten dugu sufritzen ari den jendearekin zuzeneko harremanak izatea. Apurka, gero eta ezgaiago bihurtzen ari gara besteen nahigabea ikusteko.
Haur eskale bat geure aurrean ikustea gogaikarri izan ohi dugu. Adiskide batekin, gaixotasun terminalak joa den batekin, topo egiteak larritu egiten gaitu. Ez dugu asmatzen zer egin, ez zer esan. Hobe izaten dugu tarte bat luzatzea. Geure zereginetara ahalik lasterren itzultzea. Ez uztea erasan diezagun.
Hobe sufrimena urrunean gertatzen bada. Gizakia, miseria edo gaixotasuna datu, zenbaki eta estatistika bihurtzen ikasi dugu: errealitateaz informatzen gaitu, bai, baina gure bihotza doi-doi ukitzen duela. Badakigu, orobat, sufrimen izugarriak telebistan ikusten; baina pantaila hutseko sufrimena ez da hain erreala, ezta hain izugarria ere. Sufrimenak gure hurbilagoko bat jotzen duenean, mila eraz baliatzen gara geure bihotza anestesiatzeko.
Jesusi jarraitzen diona, aldiz, gero eta sentiberago bihurtzen da bidean sufritzen aurkitzen duenaren aurrean. Hurbildu egiten zaio premian dagoenari eta, bere esku badu, haren egoera arintzen ahalegintzen da.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.