lunes, 27 de septiembre de 2010
2010/10/03 - Urteko 27. igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko urriaren 3a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 27. igandea (C)
EBANJELIOA
Sinesmena bazenute!
Lukas 17,5-10
Egun haietan, Apostoluek eskatu zioten Jaunari:
–Gehi ezazu sinesmena guregan.
Jaunak erantzun zuen:
–Sinesmena bazenute, mostaza-hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi «Atera hortik eta landatu itsasoan» esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke.
«Emazue zuetako batek morroi bat duela soro-lan edo artzaintzarako. Morroia etxeratzean, “Hator berehala mahaira” esaten ote dio? Ez ote dio beste hau esaten: “Presta iezadak afaria, jantzi amantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko duk hik”? Morroiari esker ona zor ote dio agindua bete duelako?
Zuek ere berdin: agindu zaizuen guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizagaixo batzuk gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin”».
HOMILIA
2010eko urriaren 3a
HANDITU, JAUNA, GURE FEDEA
Era latzean, bizi ez biziko eskari hau egin diote ikasleek Jesusi: «Handitu, Jauna, gure fedea». Beste batean esan zioten: «Erakutsi guri otoitz egiten». Jainkoaren egitasmoa eta gomendatu nahi dien egitekoa Jesusek erakutsi ahala, ikasleak jabetu dira ez dutela nahikoa txikitatik bizi duten fede hura haren deiari erantzun ahal izateko. Fede adoretsuagoa eta indartsuagoa behar dute.
Hogei mende baino gehiago dira. Historian barna, Jesusen ikasleek Ebanjelioarekiko leialtasun-urteak bizi izan dituzte, baita desleialtasun-urte ilunak ere. Fede jatorreko aldiak eta baita krisialdikoak eta duda-mudazkoak. Ez ote gara gu ere Jaunari eskatu beharrean gure fedea handitu dezan?
Jauna, handitu gure fedea. Erakutsi guri fedea ez datzala zerbait sinestean, baizik zugan, Jainkoaren seme gizon egin horrengan, sinestean, gure barrua zure Espirituari irekitzeko, zure Hitzak atzeman gaitzan uzteko, zure biziera bizitzen ikasteko eta zure urratsei hurbiletik jarraitzeko. Zu bakarrik zara «gure fedearen hasiera eta betetzailea».
Jauna, handitu gure fedea. Emaguzu erdigunetzat funtsezkoa izango duen fedea, zure Ebanjelioaren muinetik urruntzen gaituzten eranskinetatik eta adabaki gehigarrietatik garbitua. Erakuts iezaguzu aldi honetan fedea bizitzen, ez kanpoko euskarrietan sostengatua, baizik zure presentzia bizia geure bihotzean eta geure elkarte fededunetan biziz.
Jauna, handitu gure fedea. Egizu izan ditzagula zurekin bizi-harremanak era sakonagoan, jakinik zu zaitugula, gure Maisu eta Jaun hori, Elizan dugun guztietan lehenengoa, hoberena, baliotsuena eta erakargarriena. Emaguzu fede kutsagarria, kristautasunaren aro berri batera bidera gaitzakeena, zure Espirituari eta zure ibilbideari leialagoa den kristautasunera.
Jauna, handitu gure fedea. Biziaraz gaitzazu Jainkoaren erreinuko zure egitasmoarekin bat eginez, zinez eta konbentzimenduz parte hartuz, bizitza gizatarrago egiteko, Aitak nahi bezala. Lagundu gaitzazu geure fedea apal bizi dezagun, Jainkoarekiko suaz eta gizakiarekiko errukiaz.
Jauna, handitu gure fedea. Erakuts iezaguzu bizitza era ebanjelikoagoan bizitzen, kristautasun urardotua bizitzera mugatu gabe, gatza gezatu gabe eta Elizak modu harrigarrian bere legamia-izaera galdu gabe. Iratzar ezazu gure artean lekukoen eta profeten fedea.
Jauna, handitu gure fedea. Ez gaitzazu erotzen utzi gurutzerik gabeko kristautasun batean. Erakuts iezaguzu aurkitzen fedea ez datzala komeni zaigun Jainkoagan sinesten, baizik gure erantzukizuna sendotzen eta maitatzeko gure ahalmena garatzen duen hartan. Erakuts iezaguzu zuri jarraitzen egunean eguneko gurutzea hartuz.
Jauna, handitu gure fedea. Suma zaitzagula gure artean pizturik, gure bizitza eraberrituz eta gure elkarteak arnastuz.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.