lunes, 21 de marzo de 2011
2011/03/27 - Garizumako 3. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko martxoaren 27a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Garizumako 3. igandea (A)
EBANJELIOA
Ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.
+ Joan 4, 5-42
Egun haietan, iritsi zen, bada, Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emaniko lursailetik hurbil.
Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen.
Ikasleak hirira joanak ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion:
–Emadazu edaten.
Orduan, emakume samariarrak esan zion:
–Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik).
Jesusek erantzun zion:
–Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke.
Emakumeak esan zion:
–Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori? Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik edan zuten berak, beraren seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara zu?
Jesusek ihardetsi zion:
–Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da; nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.
Orduan, emakumeak:
–Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez dezadan.
Jesusek esan zion:
–Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.
Emakumeak erantzun:
–Ez dut senarrik.
Eta Jesusek:
–Ongi diozu ez duzula senarrik; bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu.
Emakumeak esan zion:
–Jauna, profeta zarela ikusten dut.
Gure gurasoek mendi honetan eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.
Jesusek esan zion:
–Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator.
Baina badator ordua –hobeto esan, heldu da–, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak. Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.
Emakumeak esan zion:
–Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula.
Jesusek esan zion:
–Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.
Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.
Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari: «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias izango?»
Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.
Bien bitartean, erreguka ari zitzaizkion ikasleak, esanez:
–Maisu, jan zerbait.
Baina berak esan zien:
–Badut nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.
Ikasleek galdetu zioten elkarri:
–Norbaitek ekarri ote dio jatekoa?
Jesusek esan zien:
–Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte.
Ez al duzue esaten zuek: «Lau hilabete barru uztaroa dugu?» Horra, bada, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak.
Dagoeneko igitaria bere saria hartzen ari da, eta betiko bizirako fruitua jasotzen, nola ereilea, hala igitaria, biak poz daitezen. Honetan bai betetzen dela esaera: «Batek erein, bestek uzta bildu».
Zeuek landu ez duzuena biltzera bidali zaituztet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zuek jasotzen duzue haien nekearen fruitua.
Hiri hartako samariar askok sinetsi zuen Jesusengan emakumeak emandako testigantzagatik: «Egin dudan guztia esan dit».
Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, beraiekin gelditzeko eskatu zioten Jesusi, eta bi egunez egon zen han. Jesusen mezua entzutean, askoz gehiagok sinetsi zuten, eta emakumeari esaten zioten: «Orain ez dugu zure esanarengatik bakarrik sinesten; geuk entzun dugu, eta badakigu, egiaz hauxe dela munduaren Salbatzailea»
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko martxoaren 27a
JESUSEN ERLIJIOA
Ibiltzeaz nekaturik, Jakoben iturri ondoan eseri zen Jesus, Sikar herrixka inguruan. Laster iritsi zen emakume samariar bat egarria kentzera. Berez bezala, hizketan hasi zitzaion Jesus, bihotzean zeramanaz.
Hizketaldiko une batean, juduen eta samariarren arteko gatazka planteatu dio emakumeak. Juduak Jerusalemera joan ohi dira erromes Jainkoa gurtzera. Non gurtu behar da Jainkoa? Zein da benetako erlijioa? Zer irizten dio Galileako profetak?
Jesus argituz hasi da ezen benetako kultua ez dagoela leku jakin baten baitan, den beneragarriena delarik ere. Zeruko Aita ez datxekio inongo lekuri, ez da inongo erlijioren jabetza. Ez datxekio inongo herri jakin bati.
Ez genuke ahaztu behar hori. Jainkoarekin topo egin ahal izateko, ez da beharrezko Erromara edo Jerusalemera erromes joatea. Ez da beharrezko kapera batean sartzea edo katedral bat bisitatzea. Kartzelarik ezkutukoenetik, ospitale bateko zainketa intentsiboko unitate batetik, edozein sukalde edo lantegitatik jasotzen ahal dugu geure bihotza Jainkoaganantz.
Jesus ez zaio mintzo emakume samariarrari «Jainkoa gurtzez». Berria da haren hizketa. Hirutaraino mintzo zaio «Aita gurtzeaz». Horregatik, ez da zertan igo mendi batera urruneko Jainko batengana apur bat hurbiltzeko, gure arazoez ardurarik ez lukeen, gure sufrimenaz axolagabe litzatekeen Jainko batengana hurbiltzeko. Egiazko kultua Jainkoa Aita maitetzat hartzean hasten da, geure bizitzan hurbileko bidelagun dugun Aitatzat hartzean.
Jesusek beste zerbait ere esan dio. «Benetako gurtzaile» bila dabil Aita. Ez dago seme-alabek zeremonia ikusgarriak, ospakizun handiak, intsentsua eta prozesioak noiz eskainiko dizkioten zain. Bihotz xumeak nahi ditu, «bihotzez eta egiaz» gurtuko dutenak.
«Aita bihotzez gurtze» hori honetan datza: Jesusen urratsei jarraitzean, Jesus bezala Aitaren Espirituak gida gaitzan uztean, zeinek azkena den jendeagana bidaltzen baitu beti. Aita bezala, errukitsu izaten ikastean datza. Argi esan du Jesusek: «Jainkoa espiritu da, eta gurtzen dutenek espirituz, bihotzez gurtu behar dute». Jainkoa maitasun da, txera, arnasa bizigarri… eta gurtzen dutenek haren antzeko behar dute izan.
«Aita benetan gurtze» hori egian bizitzea da. Behin eta berriz Ebanjelioaren egiara itzultzea. Jesusen egiari leial izatea da, geure gezurren baitan hesitu gabe. Hogei mendetako kristautasunaren ondoren, ikasi ote dugu Jainkoari benetako kultua ematen? Aitak nahi dituen benetako gurtzaileak ote gara?
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.