lunes, 16 de mayo de 2011
2011/05/22 - 5. Pazko Igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko maiatxaren 22a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
5. Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Neu naiz bidea, egia eta bizia.
+ Joan 14, 1-12
Egun hartan, Jesusek bere ikaslei esan zien:
«Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere. Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten. Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan zion:
–Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
Jesusek erantzun:
–Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik. Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.
Orduan, Felipek esan zion:
–Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.
Jesusek erantzun:
–Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: «Erakuts iezaguzu Aita?» Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere salbamen-egintza burutzen ari dena. Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik. Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak nik egiten ditudan egintzak eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko maiatzaren 22a
EZ ZAITEZTE GELDITU JESUS GABE
Azken Afaria bukatzean, bereei agur esaten hasi da Jesus: jada ez da izango luzaro haiekin. Ikasleak nahasirik, zur eta lur gelditu dira. Argiro hitz egin ez dien arren, guztiek izan dute susmoa herioak laster eramango duela beren artetik. Eta, hura gabe, zer egin behar dute?
Lur jota ikusi ditu Jesusek. Haiek fedean indartzeko garaia da, Jainkoagan beste era batean sinesten erakutsiz: «Ez dadila koloka jarri zuen bihotza. Sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere». Jainkoagan konfiantza izaten jarraitu behar dute, baina aurrerantzean Jesusengan ere sinetsi behar dute, hura baita biderik hobena Jainkoagan sinesteko.
Jesusek, gero, beste horizonte bat agertu die. Haren heriotzak ez du hondoratu behar fedea. Izatez, berak Aitaren misteriorako bidea hartzeko utziko ditu. Baina ez da ahaztuko haietaz. Gogoan izango ditu. Tokia prestatuko die Aitaren etxean eta egun batean itzuliko da haiek berekin eramateko. Azkenean berriro elkarrekin egongo dira betiko!
Ikasleei oso zail gertatu zaie halako gauza handios batean sinestea. Beren bihotzean era guztietako duda-mudak eta galderak sortu zaizkie. Antzeko zerbait gertatzen zaigu guri ere: Ez ote da hau guztia amets eder bat? Ez ote da ilusio engainagarri bat? Nork garantiza diezaguke halako zoria? Tomasek, betiko bere zentzu errealistaz, galdera bat egin dio: Nolatan jakin dezakegu Jainkoaren misteriorako bide hori?
Ustekabeko erronka da Jesusen erantzun hau: «Neu naiz bidea, egia eta bizia». Erlijioen historian ez da ageri honelako baieztapen ausarditsurik. Bere burua eskaini digu Jesusek, Jainko Aitaren misteriorantz egin behar dugun bidetzat. Jesusek agertzen ahal digu bizitzaren azken sekretua. Jesusek komunikatzen ahal digu giza bihotzak antsiatzen duen bizi betea.
Asko dira gaur egun, Jainkoagana jotzeko, biderik gabe gelditu diren gizon-emakumeak. Ez dira ateo. Inoiz ez dute ukatu Jainkoa beren bizitzan era kontzientean. Berek ere ez dakite sinesten duten ala ez. Soilki, Eliza alde batera utzi badute, hartan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako izan da; alegia, fededunek «Jainkoa» deitzen dugun bizitzaren azken misterio hori gustura bilatzeko, Elizan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako.
Eliza uztean, batzuek aldi berean Jesus ere utzi dute. Lerro apal hauen bidez, jada aski jendek susmatzen duen zerbait esan nahi dizuet. Eliza baino handiagoa da Jesus, askoz gehiago. Ez ezazue nahasi Kristo kristauekin. Ez ezazue nahasi Jesusen ebanjelioa gure hitzaldiekin. Dena uzten baduzue ere, ez zaitezte gelditu Jesus gabe. Harengan aurkituko duzue bidea, egia eta bizia, guk zuei agertzen jakin ez duguna. Harritzeko modukoa gerta dakizueke Jesus.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.