lunes, 30 de mayo de 2011

2011/06/05 - Jaungoikoaren Igokundea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko ekainaren 5a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Jaungoikoaren Igokundea (A)

EBANJELIOA

Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan.

Mateo 28, 16-20

Egun haietan, hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek esandako mendira.
Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden.
Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien:
«Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte».

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko ekainaren 5a

JESUSEN ESKOLA

Gure kristau-elkarteetan gaur egun bizi den egoera ez da batere erosoa. Jesusen ikasleen bihotzean hainbat galdera sortzen da: non indarberritu geure fedea krisialdi erlijioso honetan? zer da garrantzizkoa momentu honetan? zer egin beharko genuke Jesusen elkartean? norantz bideratu beharko genituzke geure ahaleginak?
Aparteko inportantzia duen pasadizo batekin bukatu du Mateok bere ebanjelioa. Jesusek azkenekoz elkartu ditu ikasleak bere misioa gomendatzeko. Jesusengandik entzungo dituzten azken hitzak dira: ikasleen egitekoa norabidetu eta mendetan barna haien fedea sostengatu behar dituztenak.
Emakumeen adierazpenei jarraituz, ikasleak Galilean elkartu dira. Han hasi zuten Jesusekiko beren adiskidetasuna. Han hartu zuten konpromisoa hari jarraitzeko, Jainkoaren erreinuaren Jesusen egitasmoan parte hartuz. Zer aurkituko duten ez dakitela etorri dira orain. Jesus ikusiko ote dute, hura hila izan ondoren?
Berpiztuarekin topo egitea ez da gauza erraza. Datorrela ikustean, ikasleak «ahuspeztu» egin dira haren aurrean; zerbait berria nabari diote Jesusi; sinetsi nahi dute, baina «batzuk dudatan dira». Konfiantzaren eta tristuraren artean kulunkatzen dira ikasleak. Gurtzen dute, baina ez dira dudatik eta segurtasun ezetik libre. Gaurko kristauek ondo ulertzen diegu. Gauza bera gertatzen zaigu guri ere.
Jesusek ezer ez aurpegiratzea da harrigarriena. Berari jarraitzeko esan zienetik ezagutzen ditu. Haien fedea txikia da artean; halere, haien dudak, zalantzak eta guzti, konfiantza du Jesusek haiengan. Fede txiki eta hauskor horrekin hots egingo dute Jesusen mezua mundu osoan. Horrela jakingo dute onartzen eta ulertzen, mendeetan barna duda-mudazko fedea biziko duen jendea. Jesus izango da guztien sostengu.
Argi dago gomendatu dien oinarrizko eginkizun hau: «egin ikasleak» herri guztietan. Ez ditu bidaltzen, propioki, irakaspen bat ematera, baizik saiatzera munduan izan dadin Jesusen ikasle bezala biziko den gizon-emakumerik. Jesus bezala bizitzen ikasiko duen jarraitzailerik. Izango denik Jesus maisutzat hartuko duenik, eta libre, zintzo, solidario izaten eta mundua gizatarrago egiten ikasteari sekula utziko ez dionik.
«Jesusen eskolatzat» du Mateok kristau-elkartea. Gutxiago edo gehiago izango gara. Gure artean sinestedun konbentzitu eta sinestedun zalantzakor izango da. Gero eta zailago izango da guztiari kasu egitea, nahi genukeen bezala. Hau izango da garrantzizkoa: izan dadila gure artean Jesusen moldera bizi ahal izateko modurik. Hura da gure Maisu bakarra. Gainerakoak anai-arreba gara guztiok, haren ikasle izaten elkarri laguntzen eta eragiten diotenak.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.