lunes, 25 de julio de 2011

2011/07/31 - Urteko 18. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

2011eko uztailaren 31a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 18. igandea (A)

EBANJELIOA

Asetzeraino jan zuten denek.

+ Mateo 14, 13-21

Dembora horretan, Jesusek Joan hil dela jakitean, Jesus bazter batera joan zen bakarrik txalupaz. Baina jendea ohartu egin zen eta, herrietatik irtenik, oinez jarraitu zioten. Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek eta, errukiturik, gaixoak sendatu zizkien.
Ilunabarrean, ikasleek hurbildu eta esan zioten:
–Toki hau oso urruti dago eta orduak aurrera doaz. Bidal ezazu, bada, jendea, auzoetara joan eta jatekoa eros dezan.
Baina Jesusek erantzun zien:
–Ez dute zertan joanik; eman zeuek jaten.
Haiek, orduan:
–Ez daukagu hemen bost ogi eta bi arrain besterik.
Eta Jesusek:
–Ekarri hona.
Jendeari zelaian esertzeko agindu ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari.
Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.
Bost mila gizon inguru izan ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko uztailaren 10a

JENDEAREN PREMIAK

Mateok kontakizun hau ematean, hau dio: Jesus, herrietatik bakardade hartara jarraitu dion jendea ikustean, «hunkitu egin zen barneraino». Ez da narratzailearen xehetasun ikusgarri bat. Jende horrekiko errukiak, non emakume eta haur asko baita, eragin dio Jesusi jardutera.
Izatez, Jesus ez zaio hasi bere mezua predikatzen. Kontakizunean ez dator ezer ere Jesusen irakaspenaz. Jendearen premiaz arduratu da Jesus. Honen ontasun- eta hurbiltasun-keinuez bakarrik mintzo da ebanjelaria. Paraje bakarti hartan egin duen gauza bakarra gaixoak «sendatzea» izan da eta jendeari «jaten ematea».
Zaila da unea. Populatu gabeko parajean dira, ez da jatekorik, ez ostaturik. Berandu da eta gaua gainean. Ikasleen eta Jesusen arteko solasak agertuko digu errukiaren Profetaren jarrera: haren jarraitzaileak ezin egin diete iskin jendearen arazo materialei.
Errealismoz betea den iradokizuna egin diote ikasleek: «Bidal ezazu jendea», doala herrixketara eta eros dezala jatekoa. Uste ez zuten eran erantzun die Jesusek. Ez du nahi jendea modu horretan joatea, baizik berarekin geldi dadin nahi du. Jende pobre horixe da premiarik handiena duena. Ezinezkoa agintzen die orduan: «Emaiozue zeuk jaten».
Berriro, errealismorako deia egin die ikasleek: «Ez dugu bost ogi eta bi arrain besterik». Ezin da ase hainbaten gosea hain gauza gutxirekin. Baina Jesusek ezin utzi du jendea bere kontura. Jendearen sufrimenaren aurrean sentiberago izaten ikasi behar dute ikasleek. Horregatik, duten apurra ekartzeko agindu die.
Azkenean, Jesusek janaritu ditu guztiak eta ikasleak arduratu dira jendeari jaten emateaz. Jesusen eskuetan gutxi dena asko bihurtzen da. Hain txikia eta eskasa izan den ikasleen ekarpen hura emankortasun harrigarri bihurtu da Jesusekin.
Kristauek ezin ahaztu dugu Jesusen errukiak egon behar duela beti Elizaren erdigunean, egiten dugun ororen inspiratzaile. Jesusengandik urrundu egiten gara fedea sasi-espiritualismo izatera murrizten dugunean, jendearen arazo materialez ahaztera garamatzanean.
Gure kristau-elkarteetan hitz dotoreak baino premiazkoago dira solidaritate-keinuak. Aurkitu beharra dugu ezen gutxirekin gauza handiak egin daitezkeela. Jesusek biderka ditzake gure keinu solidario txikiak, oso eginkor bihurtuz. Onarpen eta laguntza beharrean den inortaz ez arduragabetzea da garrantzizko gauza.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.