domingo, 11 de septiembre de 2011

2011/09/14 - Gurutz Santuaren Gorespena (A)



2011eko irailaren 14a

Jose Antonio Pagolaren homiliak



EBANJELIOA

Halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 13-17

«Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
«Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko irailaren 14a

Izenburua

---

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko irailaren 14a

MAITASUNAREN GORAPENA

Gaur kristauok jai bat txundigarria eta harrigarria ospatzen dugu. Zer zentzu izan dezake «Gurutzearen Gorapenaz» hitz egiteak, itxuraz gozamena eta ongizatea goratzean baizik pentsatzen ez duen gizartean? Ez ote da Gurutzea Goratze hori oinazea laudatzea, sufrimena eta umilazioa aintzatzea, gizartean aszesi gaixotia eragitea, bizi-pozaren aurka joatea?
Halaz guztiz, fededun batek, Gurutziltzatuari begira jarri eta fedearen begiz Gurutzearen baitako misterioa sakontzen duenean, egundoko maitasuna hautematen du soilik, gure bizitzan eta heriotzan azkeneraino bat egin nahi izan duen Jainkoaren samurtasun ulertezina. Era harrigarrian dio hori San Joanen ebanjelioak: « Hartaraino maite izan du Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitu, honengan sinesten duen orok, galdu ez, baizik betiko bizia izan dezan» Jainkoaren maitasun sinetsezina agertu digu Gurutzeak. Jadanik ezin apartaraziko gaitu harengandik ez ezerk, ez inork.
Jainkoak gurutzean sufritu nahi izan badu, ez da sufrimena maite izan duelako, baizik gutako inori halakorik opa ez diolako. Gurutzean hil nahi izan badu, ez da izan zoriontasuna gutxietsi duelako, baizik guztiontzat zoriona nahi eta bilatzen duelako, batez ere gizartean ahaztuenak eta umiliatuenak direnentzat. Jainkoak gurutzeko hilzoria nahi izan badu, ez da izan bizia mespretxatu duelako, baizik eta hartaraino maite izan duelako bizia, non guztiok egun batean hartaz bete-betean gozatzea nahi baitu.
Horregatik, Kristoren Gurutzea beste inork baino hobeto ulertzen dute gizarteko gurutziltzatuek, hau da, beren ezintasunean umilazioa, mespretxua eta zuzengabekeria jasaten dutenek edota maitasun-, alaitasun- eta bizi-premian bizi direnek. Horiek gaur Gurutzearen Goratzea ospatuko dute, ez oinazearen eta heriotzaren jai bezala, baizik maitasunaren eta biziaren misterio bezala.
¿Zeri heltzen edo atxikitzen ahal gintzazkioke baldin eta Jainkoa izaki ahaltsu eta buru-ase huts bat izango balitz, lurreko boteretsuen oso antzeko bat, nahiz hauek baino indartsuago izan? ¿Nor izan genezake kontsolamendu, Jainkoa biktimekin eta biktimen baitan sufritzen ari dela jakingo ez bagenu? ¿Nolatan ez dugu, ba, goratuko Jesusen gurutzea, jakinik hartan Jainkoa gurekin eta guregatik sufritzen ari dela?

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.