lunes, 19 de septiembre de 2011

2011/09/25 - Urteko 26. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

2011ko irailaren 25a

Urteko 26. igandea (A)

EBANJELIOA

Damutu eta joan egin zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 21, 28-32

Aldi haietan, Jesusek esan zien abadeburu eta herriko zaharrei:
«Ea zer iruditzen zaizuen. Gizon batek bi seme zituen. Batarengana joan eta esan zion: “Seme, hoa gaur mahastira lanera”. Hark erantzun zion: “Ez dut nahi”; baina handik berehala damutu eta joan egin zen. Bestearengana ere joan zen aita eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan. Zuen ustez, bietatik zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten.
Jesusek esan zien: «Benetan diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, ordea, sinetsi zioten. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zarete aldatu: oraindik ez diozue sinetsi.

Jaunak esana

HOMILIA

2011ko irailaren 25a

ERLIJIOAREN ARRISKUA

Jesusek egun batzuk daramatza Jerusalemen, tenpluaren inguruan ibilki. Kalean ez du aurkitu Galileako herrixketako harrera adiskidetsurik. Bidean gurutzatzen dituen buruzagi erlijiosoek itzala kendu nahi diote hiriburuko jende xumearen aurrean. Eta ez dute atsedenik izango gurutzera eraman arte.
Jesusek, halere, ez du galtzen bakerik. Nekaezineko pazientziaz jarraituko du jendeari konbertsiora deituz. Haiek ikustean burura etorri zaion pasadizo xume bat kontatu die: aita batek bi semeei familiaren mahastira lanera joateko egin dien eskariarena.
Lehenengoak garbi esan dio aitari ezetz: «Ez dut nahi». Ez dio eman inolako argibiderik. Halere, geroago hausnartu eta konturatu da aitari uko egiten ari dela, eta, damuturik, mahastira doa.
Bigarrenak begirunez erantzun dio aitari: «Banoa, Jauna». Haren gogoa betetzeko prest dela ematen du, baina handik laster ahaztu egin da esandakoaz. Ez du pentsatzen ere aitagan. Dena hitz huts da. Ez doa mahastira.
Mezua ulertu ez dutelakoan, «herriko apaiz nagusi eta zaharrengana» zuzenduz, Jesusek zuzenean eta zirikatzaile aplikatu die parabola: «Benetan diotsuet: zerga-biltzaileek eta prostitutek aurrea hartuko dizuete Jainkoaren Erreinuan». Aitaren egitasmoan ageri duten aurkaritza ikusarazi nahi die.
Halere, haiek dira erlijioaren «profesionalak»: tenpluko Jainkoari «bai» handi bat esan diotenak, kultuko espezialistak, legearen guardiak. Baina ez dute sentitzen konbertsio-beharrik. Horregatik, Jainkoari bidea prestatzera Joan profeta etorri denean, «ez» esan diote; Erreinuan sartzera konbidatuz, Jesus etorri denean, «ez» esanez jarraitu dute.
Aitzitik, «bakatuaren profesional» dira zerga-biltzaileak eta prostitutak ; haiek izan dira erlijioaren Jainkoari «ez» handia esan diotenak; legearen eta kultu santuaren eremutik kanpo jarri direnak. Halere, haien bihotza irekia da konbertsiorako. Joan etorri denean, sinetsi diote; Jesus etorri denean, onartu dute.
Erlijioak ez darama beti Aitaren nahia egitera. Gerta liteke nork bere burua seguru sentitzea betebehar erlijiosoak betetzeari dagokionez; baita ohitzea ere konbertitu eta kanbiatu beharrik ez duela pentsatzera. Erlijiotik urrun direnek egin behar izaten dute hori. Horregatik da hain arriskutsua Ebanjelioa entzutearen ordez otoitz-zaletasun erlijiosoa jartzea.Jesusek esana da: «Ez dira sartuko Jainkoaren Erreinuan “Jauna, Jauna” esango didaten guztiak, baizik zeruko nire Aitaren nahia egingo dutenak».

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko irailaren 28a

AURREA HARTU DIETE

Hain xumea da parabola, non ez baitu ematen Jesus bezalako profeta handi baten dina den. Halaz guztiz, ez da esana Jesusen inguru-minguru korrika dabiltzan haur batzuentzat, baizik tenplura hurbiltzen denean erasoka hartzen duten «herriko apaiz nagusi eta zaharrentzat».
Kontakizunaren arabera, bere mahastira lanera joateko eskatu die aitak bere bi semeei. Lehenak zakar erantzun dio: «Ez dut nahi», baina ez da ahaztu aitaren esanaz eta han doa lanera mahastira. Bigarrenak prestutasun miresgarriz erantzun dio: «Bai, banoa, aitta»; baina dena hitz huts gertatu da. Inork ez du ikusiko mahastian lanean.
Parabolaren mezua argi dago. Jesusi entzuten dioten zuzendari erlijiosoak ere ados dira. Baina, Jainkoaren aurrean, garrantzizkoa ez da «hitz egitea», baizik «betetzea». Zeruko Aitaren gogoa betetzeko, gauza erabakigarria ez dira hitzak, promesak eta otoitzak, baizik egintzak eta eguneroko bizitza.
Gauzarik harrigarriena Jesusek parabola zeini egokitu dion da. Ezin gogorrago dira haren hitzak. Mateo ebanjelariak bakarrik jaso ditu, baina dudarik gabe Jesusek esanak dira. Jesus bakarrik baliatu ahal zen halako askatasunaz zuzendari erlijiosoen aurrean: «Garbi diotsuet: zerga-biltzaileek eta prostituituek aurrea hartu dizuete Jainkoaren erreinurako bidean».
Bere esperientziatik mintzo da Jesus. Zuzendari erlijiosoek «bai» esan diote Jainkoari. Lehenak dira hartaz, haren legeaz eta haren tenpluaz hitz egiten. Baina, «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bila dezaten» Jesusek eskatu dienean, sorgor bihurtu dira haren mezuarekiko eta ez dute hartu harako bidea. Eta, Jesusi muzin eginez, «ez» esan diote Jainkoari.
Zerga-biltzaileek eta prostituituek «ez» esan diote Jainkoari. Jende hau legez kanpo bizi da, tenplutik baztertu egin dute. Halere, Jesusek Jainkoaren adiskidetasuna eskaini dienean, entzun egin dute haren deia eta bihotz-berritzera jo. Jesusentzat ez da zalantzarik: Zakeo zerga-biltzaileak, bere malkoz Jesusi oinak busti dizkion prostituituak eta beste hainbat jendek... aurrea hartu diete «Jainkoaren erreinurako bidean».
Bide horretan aurrea hartzen dutenak ez dira hotsandiko fede-aitorpenak egiten dituztenak, baizik Jesusi bihotza ireki eta, Jainkoaren egitasmoa betetzen saiatze aldera, bihotz-berritzeko urratsak sendo egiten dituztenak.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.