lunes, 4 de marzo de 2013

2013/03/10 - Garizumako 4. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko martxoaren 10a

Garizumako 4. Igandea (C)



EBANJELIOA

Zure anaia hau hilda baikenuen eta piztu egin zaigu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 15,1-3. 11-32

Zergalari eta bekatari guztiak Jesusengana bildu ohi ziren hari entzutera, eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez: «Horrek harrera ona egiten die bekatariei, baita beraiekin jan ere!»
Jesusek parabola hau esan zien: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien.
«Handik egun gutxira, seme gazteenak, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera alde egin zuen eta han, galdukerian biziz, ondasun guztiak jan. Dena xahutu zuenean, gosete ikaragarria gertatu zen inguru hartan eta estu aurkitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako gizon batengana joan zen morroi, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain . Txerriek jaten zuten ezkurrez asetzeko gogoa ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, pentsatzen jarririk, bere baitan esan zuen: “Zenbat langile gure aitarenean nahi adina ogi eta gehiago dutela, eta ni hemen goseak hiltzen! Jaiki, aitarengana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago seme-izenik merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala”.
«Jaiki eta aitaren etxera abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta errukitu egin zen; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago zure seme-izenik merezi… ”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Ekarri bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua; zeren seme hau hilda bainuen eta piztu egin zait, galdua nuen eta aurkitu egin dut”. Eta festa hasi zuten.
«Seme zaharrena soroan zen. Etxerakoan, hurbildu ahala, soinua eta dantzak sumatu zituen. Eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Hark erantzun: “Zure anaia etorri da eta zekor gizendua hiltzeko agindu du zuen aitak, semea onik bereganatu duelako”. Biziki haserretu zen anaia eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari: “Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula huts egin gabe zerbitzatzen zaitudala, eta ez didazu egundaino antxume bat ere eman, lagunekin festa egiteko; eta, horko zure seme hori, zure ondasunak emagalduekin jan dituen hori, etorri dela eta, zekor gizendua hil duzu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nire guztia zeurea duzu! Baina egoki zen poztu eta festa egitea, zure anaia hau hilda baikenuen eta piztu egin zaigu, galdua genuen eta aurkitu egin dugu!”»

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko martxoaren 10a


BETI BESOAK ZABALIK

Hainbat jenderentzat, ez gutxirentzat, Jainko beste edozer gauza da, bizitzan poza ezartzeko gai izatea izan ezik. Hura gogora ekartzeak oroitzapen txarrak ekarri ohi dizkio: izaki mehatxari eta zorrotz baten ideia sortzen dio, bizitza are gogaikarriago, deserosoago eta arriskutsuago bihurtzen dion ideia.
Pixkana, hura alde batera utziz joan izan dira. Fedea halakoen baitan «hertsaturik» gelditu da. Gaur egun, ez dakite sinesten duten ala ez. Jainkoagana nola jo ezinik gelditu dira. Batzuek gogoan dute oraino «seme hondatzailearen parabola», baina ez dute entzun sekula beren bihotzean.
Aita da parabola horretako benetako protagonista. Bi bider errepikatzen du poz-oihu hau: «Ene seme hau hila nuen eta piztu zait; galdua nuen eta aurkitu dugu». Oihu honek agertzen du zer duen bihotzean aita honek.
Aita honi ez dio axola bere ohorea, ez bere probetxua, ezta bere semeari ematen dioten tratua ere. Ez darabil inoiz ere hizkuntza morala. Soilik, bere semearen bizia du gogoan: ez dadila suntsitu, ez dezala jarraitu hilik, ez dadila bizi galdurik bizi-poza ezagutu gabe.
Xeheki deskribatu du kontakizunak aitaren eta sutondoa utzi zuen semearen topo egitea. Artean urrun zela, goseak eta lur joa «ikusi zuen» aitak etortzen, eta hondo-hondoraino «hunkitu zen». Begiratu on hau, onbera eta errukitsu hau, da salbatzen gaituena. Jainkoak bakarrik begiratzen digu horrela.
Bat-batean, «korrika hasi zen». Ez da izan semea etxera itzuli dena. Aita da korrika irten eta haren besarkada bila joan dena, semeak berak baino su handiagoz. «Besarkatu eta musuka hasi zitzaion». Horrela ari da Jainkoa beti. Besoak zabalik doa beragana itzultzen direnengana.
Semeak bere aitorpena hasi du: luzaroan prestatu du bere bihotzean. Aitak, ordea, eten egin dio, umilazioa ez luzatzeko. Ez dio ezarri inolako zigorrik, ez dio eskatu inolako ordain-erriturik, ez dio ipini inolako baldintzarik etxean sartzeko. Jainkoak bakarrik onartzen eta babesten ditu horrela bekatariak.
Soilik, semearen duintasuna du aitak gogoan. Presaka jokatu beharra du. Jantzirik hobena ekartzeko agindu du, seme-eraztuna eta etxean sartzeko oinetakoak ekartzeko. Harrera hori egin diote beraren omenez ospatuko duten jai-otorduan. Aitagandik urruti ezin gozatu izan duen bizitza duin eta zoriontsua ezagutu behar du semeak aitaren ondoan.
Parabola hau kanpotik entzungo duenak, ez du ezer ulertuko. Bizitzan bide egiten jarraituko du Jainkoa gabe. Aldiz, bere bihotzean entzungo duenak, agian, negar egingo du pozez eta esker onez. Lehenengo aldiz sentituko du bizitzaren azken misterioan badela Norbait, onartzen gaituena eta barkatzen, soil-soilik poza opa digulako.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko martxoaren 14a

BESTE SEMEA

Jesusen parabolarik hunkigarriena, inondik ere, «aita onaren» hura da, era okerrean «seme hondatzailearen parabola» deitu izan dena. Hain juxtu, «seme gazte» honek deitu izan die atentzioa komentariogileei eta predikariei. Hura etxera itzuli eta aitak sinetsezineko moduan hartu izanak kristau-belaun guztiak hunkitu izan ditu.
Halaz guztiz, «seme nagusiaz» ere mintzo da parabola; aitarekin gelditu da hau, anaiaren bizitza nahasia imitatu gabe, etxetik urrun. Galdua zen semeari ongietorri egiteko aitak antolatu duen jaiaren berri eman diotenean, asaldatu egin da. Anaia itzuli izanak ez dio pozik eman, aitari bezala, baizik errabia: «haserretu zen eta ez zuen joan nahi» jaira. Ez zuen etxetik alde egin sekula; orain, ordea, arrotz sentitu da bereen artean.
Sartzeko dei egitera irten zaio aita, anaia onartu duen txera berarekin. Baina ez zaio joan oihuka, ezta agindua emanez ere. Maitasun apalez, «konbentzitu egin nahi du» harrerako festan parte har dezan. Orduantxe lehertu da gure mutila, bere erresumina agerian jarriz. Bizitza osoa eman du aitaren esana eginez, baina ez du ikasi aitak bezala maitatzen. Orain, bere eskubideak bakarrik ditu gogoan eta anaia gutxiestea.
Horra seme nagusiaren tragedia. Ez du sekula etxetik alde egin, ez, baina bihotza urrun izan du beti. Aginduak betetzen badaki, baina maitatzen ez. Ez du ulertu aitak galdua zen seme hari zion maitasuna. Ez daki zer den onartzea eta barkatzea, ez du deus jakin nahi bere anaiaz. Gure ikusmina ase gabe bukatu du Jesusek parabola: sartu ote zen ala kanpoan gelditu?
Gizarte modernoko krisi erlijiosoan murgildurik, ohituak gara fededunez eta fedegabeez mintzatzen, betetzaileez eta urrunduez, Elizak bedeinkaturiko ezkontza-bikoteez eta arauz kanpoko egoerako bikoteez... Guk haren seme-alabak sailkatzen jarraitzen dugun bitartean, guztion zain jarraitzen du Jainkoak, ez baita hura jende onaren ondare, ezta betetzaileena ere. Guztien Aita da.
«Seme nagusia» interpelatzen ari zaigu haren ondoan bizi garela uste dugunoi. Zer ari gara egiten Eliza bertan behera utzi ez dugunok? Geure superbizipena segurtatzen agindutakoa ahalik hobekien betez, ala bere seme-alaba guztiez Jainkoak duen maitasunaren testigu izaten? Elkarte irekiak ari al gara eraikitzen, duda-muda eta galdera artean Jainkoaren bila dabiltzanei ulertu, onartu eta lagun egiten dakitenak eraikitzen? Hesiak jartzen eta zubiak egiten ari ote gara? Adiskidetasuna eskaintzen ala errezeloa agertzen?

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.