lunes, 11 de marzo de 2013

2013/03/17 - Garizumako 5. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko martxoaren 17a

Garizumako 5. Igandea (C)


EBANJELIOA

Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti diezaiola lehen harria.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 8,1-11

Denbora haietan, Jesus Oliamendira joan zen. Biharamunean, egunsentian, tenplura itzuli zen, eta herri guztia etorri zitzaion. Jesus, eseririk, irakasten hasi zen.
Orduan, lege-maisu eta fariseuek emakume bat, adulterioan harrapatua, ekarri zioten. Erdi-erdian ipiniz, esan zioten Jesusi:
– Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. Moisesek legean honelakoak harrika hiltzeko agindu zigun; zuk zer diozu?
Galdera azpikeriaz egin zioten, hura salatzeko aitzakiaren baten bila baitzebiltzan. Jesus, alabaina, makurturik, atzamarrez lurrean idazten hasi zen. Haiek, ordea, galde eta galde ari baitzitzaizkion, zutitu zen Jesus eta esan zien:
– Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti diezaiola lehen harria.
Eta berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen. Haiek, ordea, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. Jesusek zutitu eta esan zion:
– Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork ere gaitzetsi?
Hark erantzun:
– Inork ere ez, Jauna.
Orduan, Jesusek:
– Nik ere ez zaitut gaitzesten; zoaz, eta ez egin berriro bekaturik.)

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko martxoaren 17a


GUZTIOK DUGU BARKAZIO BEHARRA

Ohitura duenez, Oliamendin eman du Jesusek gaua, bakarrik, bere Aita kutunarekin. Jainkoaren Espirituaz beterik hasi nahi du egun berria; hark bidali du «gatibuei liberazioa hots egitera… eta zapalduak askatzera». Laster inguratuko zaio jendetza handi bat, tenpluaren zelaigunera hari entzutera etorria.
Bat-batean, idazkari- eta fariseu-talde bat etorri da, «adulterioan harrapatu duten emakume bat» dakartela. Ez zaie axola emakumearen zori izugarria. Emakumeari inork ez dio galderarik egin. Jada heriotzara galdua da. Salatzaileek argi utzi dute: «Moisesen legeak emakume adulteriogileak harrika hiltzeko agindua eman digu. Zuk, zer diozu?»
Dramatikoa da egoera: fariseuak urduri daude, emakumea estu, jendea zer gertatuko. Jesus isilik harrigarriro. Bere aurrean du emakume umiliatu hura, guztiek gaitzetsia. Laster hilko dute. Hau ote da Jainkoaren azken hitza bere alaba honetaz?
Jesus eseria dago, eta lurrerantz makurtu da, eta lurrean zirriborroak idazten hasi. Segur aski, argi bila dabil. Akusatzaileek erantzun bat eskatzen diote Legearen izenean. Jainkoaren errukiaz duen esperientziatik erantzungo die: emakumea eta akusatzaileak, guztiak dira Jainkoaren barkazioaren beharrean.
Alabaina, akusatzaileak, soilik, emakumearen bekatua dute buruan eta Legearen kondena. Jesusek aldatu egingo du ikusmira. Beren bekatua jarriko die begi aurrean akusatzaileei. Jainkoaren aurrean, guztiek aitortu behar dute bekatari direla. Guztiak dira haren barkazio-beharrean.
Gero eta gehiago eskatzen diotelako, zutik jarri eta esaten die Jesusek: «Zuetan bekaturik ez duenak, bola diezaiola lehen harria». Zein zarete zuek emakume hau heriotzara galtzeko, zeuen bekatuaz eta Jainkoaren barkazio- eta erruki-beharraz ahaztuz?
Akusatzaileek, orduan, «alde egin dute batak bestearen ondoren». Jesusek elkar bizitza iradokitzen du; hartan, pertsona bati dagokionez, azken hitza ez du izango heriotza-zigorrak. Geroago, goraki esango du: «Ni ez naiz etorri mundua juzgatzera, salbatzera baizik».
Jesusek emakumearekin izan duen solasak beste argi bat eskaini digu haren jardueraz. Akusatzaileak joan dira, baina emakumea ez da mugitu. Ematen du, Jesusen azken hitza entzun beharra duela. Artean ez da sentitu guztiz liberatua. Jesusek diotso: «Nik ere ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta, aurrerantzean, ez gehiago bekaturik egin».
Bere barkazioa eskaini dio; aldi berean, gehiago bekaturik ez egitera gonbidatu du. Jainkoaren barkazioak ez du desegiten erantzukizuna, bihotz-berritzea eskatzen du. Jesusek badaki «Jainkoak ez duela nahi bekataria hiltzea, baizik eta bihotz-berritu eta bizi dadin nahi du».

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko martxoaren 21a

EZ IKUSIA EGIN DIOTEN IRAULTZA

Adulterioan harrapatu duten emakume bat dakarkiote Jesusi. Guztiek ezagutzen dute halakoaren zoria: legeak arautua duenez, harrikatua izanen da, hiltzeraino. Inork ez du kontuan hartu gizon adulteriogilea. Beti bezala, gizarte matxista da, emakumea galdu eta gizonezkoa desenkusatu. Aurrez aurre egin diote Jesusi desafioa: «Moisesen legeak emakume adulteriogilea harrikatzeko agindu digu. Eta zuk zer diozu?»
Jesusek ezin jasan du gizarte-hipokresia hori, gizonezkoen agintekeriak elikatua. Hiltzeko agindu hori ez dator Jainkoagandik. Xume eta miresgarriki ausart, aldi berean eta batean bildu ditu Jesusek adulteriogilearen kontrako auzi horretan egia, zuzentasuna eta errukia: «zuetan bekaturik ez duenak bota diezaiola lehen harria».
Eta salatzaileak han doaz lotsaturik. Badakite ezen berak direla gizarte hartan egiten diren adulterioen erantzule handienak. Orduan hila izatetik libratu den emakumeari mintzatu zaio Jesus, eta samurkiro eta errespetu handiz diotso: «Nik ere ez zaitut gaitzesten». Ondoren, barkazio hori biziera berri baten abiapuntu bihur dezan erregutu dio: «Zoaz, eta ez gehiago bekaturik egin».
Horra zer den Jesus. Azkenean izan da lurrean ez inongo legek, ez botere zapaltzailek makurrarazi ez duen norbait. Norbait askea eta bihotz-handia, sekula inor gorrotatu eta gaitzetsi ez duena, gaitzik gaitzaren truke itzuli ez duena. Adulteriogile honi eskaini dion defentsan eta barkazioan gure eskabide zorrotzetan eta sumindurazko gaitzespenetan baino egia eta zuzenbide handiagoak nabari dira.
Kristauak ez gara oraino gai izan emakumearen zapalkuntzaren aurrean Jesusek izan duen jarduera askatzailearen ondorioak ateratzeko. Gehiengo nagusian gizonezkoek gidatu eta arnasturiko Elizan, ez gara iritsi jabetzera emakumea bizitzako eremu guztietan jasaten ari den zuzengabekeriaz.. Teologo bat, duela urte batzuk, kristauek «ez ikusia egin dioten iraultzaz» mintzo zen.
Nolanahi, hau da egia: hogei mende ondoren, ustez kristau-erroak dituzten lurraldeetan, gizarte baten bizi garela, zeinetan emakumea sarritan ezin baita mugitu libreki gizonezkoari beldur izan gabe. Bortxakeria,  tratu txarra eta umilazioa ez dira irudipen huts. Aitzitik, indarkeriarik errotuenetarik dira eta sufrimendurik gehien eragiten dutenetarik.
Ez ote luke emakumearen sufrimenduak oihartzun biziagoa eta zehatzagoa izan behar gure ospakizunetan?, ez ote luke izan behar leku inportanteago bat gizartea kontzientziatzeko gure lanean? Baina, batez ere, ez ote genuke bizi behar emakume zapaldu ororengandik hurbilago, abusuak salatzeko, defentsa burutsua eta babes eginkorra eskaintzeko?

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.