lunes, 28 de abril de 2014

2014/05/04 - 3. Pazko Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko maiatzaren 4

3. Pazko Igandea (A)


EBANJELIOA

Ogia zatitzean begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 13-35

Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien:
–Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?
Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:
–Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!
–Zer gertatu da, bada? –esan zien hark.
Haiek erantzun zioten:
–Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.
Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.
Orduan, Jesusek esan zien:
–Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!
Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?
Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.
Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.
Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.
Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.
Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»
Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».
Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko maiatzaren 4a

HARRERA EGIN EBANJELIOAREN INDARRARI

Jesusen ikasleetarik bi Jerusalemdik kanpora doaz. Triste eta lur jota. Bihotzean itzali egin zaie Jesusengan jarria zuten esperantza, gurutzean hiltzen ikusi baitute. Halaz guztiz, hartaz gogoeta egiten jarraitzen dute. Ezin ahaztu hartaz. Amets hutsa izan ote da guztia?
Bizi izan duten guztiaz hizketan eta eztabaidan ari direla, Jesus hurbildu zaie eta bidelagun dute. Alabaina, ikasleek ez diote antzeman. Halako konfiantza eskaini zioten eta hain sutsuki maite zuten Jesus hura, bidaiari arrotz bat dela uste dute.
Jesusek bat egin du haiekin solasean. Hasieran, harriturik entzun diote ikasleek; pixkana, ordea, zerbait ari zaie sortzen bihotzean. Ez dakite zehatz zer den. Geroago esango dute: «Ez ote genuen bihotza sutan, bidean mintzo zitzaigunean?»
Eta Jesusen hitzen erakarmena sentitu dute bidaiariek. Halako batean, haren lagunartea beharrezko sentitu dute. Ez diote utzi nahi alde egiten: «Geldi zaitez gurekin». Afarikoan, begiak irekiko zaizkie eta antzemango diote. Segidako hau da kontakizun honen lehen mezua: Jesus bidelagun onartzen dugunean, haren hitzek iratzar dezakete gugan galdua genuen esperantza.
Urte hauetan, jende askok du galdu Jesusekiko konfiantza. Apurka-apurka, pertsonaia arrotz eta antzeman ezineko bihurtu zaio Jesus. Hartaz dakiten guztia, predikariei eta katekistei entzun izan dieten hartatik, erdizka eta puskaka, berreraiki dezaketen apurra da.
Dudarik gabe, iganderoko homiliak zeregin ordezkaezina betetzen du; baina ez da aski, bistan da, gaur egungo jendea Ebanjelioarekin zuzeneko harreman biziak izatera iristeko. Homilia mutu egon behar izaten duen herriaren aurrean egiten da, bere kezkak, galderak eta problemak adierazko modurik ez duela; horrela, nekez iritsiko du koloka den fedea biziberritzea, batzuetan ezjakinean, Jesusen bila dabilen hainbat eta hainbat jenderengan.
Ez ote da iritsia momentua, Jesusen Ebanjelioa elkarrekin entzuteko, eremu berri eta desberdin bat sortzeko, igandeko liturgiaren testuingurutik aparte? Zergatik ez elkartu laiko eta apaiz, emakume eta gizonezko, kristau konbentzitu eta fedeaz kezka duen jende, Jesusen Ebanjelioa entzutera, partekatzera, hartaz elkarrekin hitz egin eta hari harrera egitera?
Ebanjelioari aukera eman beharrean gara, bere indar eraldatzaile guztiaz zuzeneko eta ondoz ondo harremanak izan ahal ditzan gaur egungo jendearen problema, krisi, beldur eta esperantzekin. Laster beranduegi izango da Ebanjelioaren jatorrizko freskotasuna berreskuratzeko.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko maiatzaren 8a

HARTU GOGOAN JESUS

Emausko ikasleen pasadizo honek Jesusen bi ikaslek bizi izandako esperientzia kontatzen digu; Jerusalemdik Emaus herrixkara doazela gertatu da; hiriburutik Emausera 8 km dira. Halako maisutasunez kontatzen du kontalariak guztia, non Kristo piztuarekiko geure fedea gaur berean ere biziberritzera eragiten baitigu.
Jesusen bi ikasle horiek Jerusalemdik kanpora doaz, haren inguruan bilduz joan den taldea utziz. Jesus hila delarik, taldea desegiten hasi da. Hura gabe, zertan jarraitu taldean bildurik? Ametsa desegin da. Jesus hiltzean, ikasleen bihotzean esnatua zen esperantza ere hil egin da. Ez ote ari horrelako zerbait gertatzen gure elkarteetan? Ez ote gara ari Jesusekiko fedea hiltzen uzten?
Halaz guztiz, Jesusez hitz egiten jarraitzen dute aipatu bi ikasleek. Ezin ahaztu dute Jesus. Gertatuaz mintzo dira. Haren ondoan bizi izan dutenak esanahiren bat baduela uste du. «Hizketan doazela, Jesus hurbildu zaie eta haiekin batera doa». Berpiztuaren lehenengo keinua da hori. Ikasleak ez dira gai nor den antzemateko, baina Jesus presente dute beren ondoan. Ez ote dabil Jesus gaur ere, Eliza utzi duten baina Jesus gogoan darabilten hainbat eta hainbat fededunen ondoan, era ezkutuan?
Kontatzailearen asmoa argi dago: ikasleek bera gogoan darabiltenean  eta beraz mintzo direnean hurbiltzen zaie Jesus. Haren ebanjelioa komentatzen den puntuan egiten da presente Jesus, haren bizieraz eta haren egitasmoaz hitz egiten den puntuan. Ez ote dago Jesus gugandik hain absente, hain zuzen hartaz gutxi hitz egiten dugulako?
Burruntzalia sartzeko gogoa du Jesusek, haiekin hitz egiteko gogoa: «Zertaz mintzo zarete bidean?» Ez die ezer derrigorrez ezarri nahi, nor den esanez. Beren esperientzia kontatzen jarraitzeko eskatu die soilik. Jesusekin hitz egiten jarraituz, beren itsutasunaz konturatuko dira. Begiak irekiko zaizkie, Jesusen hitzak gidatuko ditu, barne ibilaldi bat egingo dutenean. Halaxe da. Elizan Jesusez gehiago hitz egingo bagenu eta harekin solas gehiago, gure fedea biziberrituko litzateke.
Izan duten uste handiaz eta jasan duten porrotaz mintzo zaizkio ikasleak. Jesusek, berriz, gurutzean josi duten Mesias hori nor den sakontzen lagundu die. Sutan jartzen hasi zaie ikasleei bihotza; «ezezagun» hura berekin geldi dadin nahi dute. Eukaristi afaria ospatzean, begiak ireki zaizkie eta antzemango diote: Jesus, berekin dute Jesus!
Kristauok gehiago izan beharko Jesus gogoan: haren hitzak aipatu, haren biziera komentatu, haren egitasmoan sakondu. Geure fedearen begiak gehiago ireki beharra dugu eta geure Eukaristian Jesus bizi-bizi sumatu beharra. Beste inor ez, hura baino presenteago. Bidelagun dugu Jesus.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.