lunes, 5 de mayo de 2014

2014/05/11 - 4. Pazko Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko maiatzaren 11

4. Pazko Igandea (A)


EBANJELIOA

Neu naiz ardientzako atea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10, 1-10

Egun hartan, Jesusek esan zien: «Bene-benetan diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harraparia. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. Hari irekitzen dio atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi bakoitzari bere izenez deitu eta artegitik ateratzen ditu. Bere ardi guztiak atera dituenean, aurretik joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako».
Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien.
Orduan, honela azaldu zien Jesusek: «Bene-benetan diotsuet: Neu naiz ardientzako atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin.
Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango larreak aurkitzeko.
Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baizik. Ni, berriz, bizia –eta bizia ugari gainera– izan dezaten etorri naiz.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko maiatzaren 11a

BESTE HARREMAN BAT JESUSEKIN

Kristau-elkarteetan beste harreman bat behar dugu bizi Jesusekin, harekiko harremana biziberrituz. Deliberatuki jarri behar dugu bera geure bizitzaren bihotzean. Ohikeriazko moduan aitortutako Jesus batetik, bizigiroan onartutako Jesusengana igaroz. Joanen ebanjelioak garrantzizko hainbat iradokizun egiten ditu ardiek beren Artzainarekin bizi behar duten harremanaz hitz egitean.
Lehenengoa da, «haren ahotsa entzutea», beraren freskotasun eta jatortasun betean hartuz. Nahastu gabe tradizioekiko errespetuarekin edota modaren berritasunarekin. Nahastu edo zoratu gaitzaten utzi gabe beste ahots arrotz batzuek, Elizaren barnean entzuten badira ere, Berri Ona komunikatzen ez dutenek.
Garrantzizkoa da, Jesusek «geure izenaz» dei egiten digula sentitzea. Hark berak erakar gaitzan utziz. Konturatzea pixkana, eta aldioro poz handiagoz, inork ez diela erantzuten Hark bezala gure galdera erabakitzaileenei, gure gurari sakonenei eta gure azken premiei.
Erabakitzailea da, Jesusi «jarraitzea». Kristau-fedea ez datza Jesusez gauzak sinestean, baizik hari berari sinestean: harengan konfiantza izanez bizitzean. Haren bizierak inspira gaitzan uztean, geure bizitza norabidetzeko argiro eta erantzukizunez.
Bizi-arazoa da ibiltzea, Jesus «geure aurrean» dugula. Ez egitea geure bizitzaren ibilbidea geuk bakarrik. Esperimentatzea halakoren batean, era traketsean bada ere, posible dela bizitza bizitzea bere hondo-hondoan arnastuz; Jesusengan eskaini zaigun Jainko horrengan arnastuz, geure teoria guztiak baino gizatarrago, adiskideago, hurbilago eta salbatzaileago eskaintzen zaigun horrengan, alegia.
Jesusekiko harreman bizi hau ez da jaiotzen gugan era automatikoan. Iratzarriz joan ohi da gure barnean era hauskor eta apalean. Hasiera batean, desio huts bezala kasik. Oro har, duda-mudaz, galdekizunez eta uzkurtasunez inguraturik hazi ohi da. Alabaina, ez dakit nola, iristen da une bat, zeinetan Jesusekiko ukipena deliberatuki hasten baita gure bizitza markatzen.
Konbentzimendua dut, kristau sentitzen garenon bihotzean momentu hauetan erabakiko dela, hein handian, gure fedearen etorkizuna. Gaur egun berean, biziberritzen edota itzaltzen ari da fedea gure parrokietan eta elkarteetan, haietako kide garen apaizen eta fededunen bihotzean.
Federik eza gure baitan sartzen hasten da, Jesusekiko gure harremana indarra galtzen hasten den momentutik, edota ohikeria, axolarik eta ardurarik eza direla-eta erdi lo gelditzen da. Horregatik, Frantzisko aita santuak aitortu du «gune motibagarri eta saneagarriak sortu beharrean garela… Jesusekiko fedea eraberritzeko lekuak, alegia». Jesusen deia entzun beharra dugu.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko maiatzaren 15a

ATEA

Jesusek kontakizun metaforiko bat proposatu dio fariseu-talde bati. Gogor kritikatzen ditu Israelgo buruzagi erlijiosoak. Artzaintzatik hartua da pasadizoa. Artaldea artegian bildua dago, hesi edo pareta txiki batez inguratua, artzaina atean zaindari dela. Jesusek, hain juxtu, ardietara iristeko den «ate» horretan du bere arreta.
Artegira sartzeko bi era dira. Artaldearekin zer egin nahi den da kontua. Norbait artegira hurbildu eta «atetik sartzen ez bada», baizik «beste alde batetik» salto egiten badu, bistan da halako hori ez dela artzaina. Ez doa bere artaldea zaintzera. «Arrotza» da; ostera, «akabatzera eta kalte egitera» doa.
Benetako artzainak guztiz desberdin jokatzen du. Artegira hurbiltzean, «atetik sartzen da», ardiei beren izenaz dei egiten die eta haiek kasu egiten diote. Kanpora atera eta denak bildu dituenean, aurrean jarri eta gidari doa non jana izango duten belardira. Ardiek jarraitu egiten diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Zer sekretu du, ordea, «ate» horrek, bertatik igarotzen diren egiazko artzainak legezkotzat emateko? Aldiz, «veste nonbaitetik» sartzen diren arrotzak, ez artaldea zaintzeko, baizik kalte egiteko, salatzeko? Fariseuek ez dute ulertu zer ari zaien Maisu hura.
Horregatik, kontakizunaren giltza eman die Jesusek: «Benetan diotsuet: neu naiz ardien atea». Jesusek ireki duen bidea hartu eta haren ebanjelioa biziz jarraitzen diotenak: haiek dira egiazko artzainak: jakingo dute nola janaritu kristau-elkartea. Artegian sartu, Jesus alde batera utzi eta haren gauzei ezjakinarena eginez sartzen direnak: haiek dira artzain arrotzak: kalte egingo diote kristau-herriari.
Hainbat Elizatan denok ari gara sufritzen, asko: bai artzainak, bai Jainkoaren herria. Hierarkiaren eta kristau-herriaren arteko harremanak sarritan bizi ohi dira errezeloz, hika-mika eta era tirabiratsuan: badira ukatuak sentitzen diren gotzainak; badira marjinatuak sentitzen diren kristau-sektoreak.
Errazegia izango litzateke guztia Hierarkiaren abusuzko agintekeriari leporatzea edo fededunen menderakaiztasun heldu gabeari. Sakonagoa da erroa eta konplexuagoa. Oso egoera zaila sortu dugu: bakea galdu. Hargatik, gero eta gehiago izango dugu Jesusen beharra.
Geure baitan hazarazi beharra dugu elkarrekiko errespetua eta elkartasuna, elkarrizketa eta egia ebanjelikoaren bila egiaz ibiltzea. Ahalik lasterren behar dugu arnastu Elizan maitasun-giro handiagoa. Ezin irtengo gara krisialdi honetatik, guztiok Jesusen espirituaren bila jotzen ez badugu. Hura da «Atea».

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.