lunes, 26 de mayo de 2014

2014/06/01 - 7. Pazko Igandea - Jaungoikoaren Igokundea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko ekainaren 1

7. Pazko Igandea - Jaungoikoaren Igokundea (A)


EBANJELIOA

Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoen liburutik 28, 16-20

Egun haietan, hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek esandako mendira.
Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden.
Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien:
«Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte».

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko ekainaren 1a

EZ ITXI HORIZONTEA

Ongizaterik handiena berehala lortzeari bakarrik emanik eta nahikunde eta esperantza txikiek erakarririk gabiltzala, arriskua dugu, geure biziaren horizontea pobretzeko, betikotasunaren desioa galdurik. Aurrerapena ote da hori? Errore bat ote?
Badira bi gertaera, duela urte batzuez gero bizi dugun milurteko honetan, egiaztatzeko zail ez direnak. Alde batetik, haziz doa gizartean mundu berriago baten nahia eta gogoa. Ez dugu aski edozein gauza: mundu duinago, gizakoiago eta zoriontsuago baterantz jo beharra sentitzen dugu.
Bestetik, haziz doa desilusioa, eszeptizismoa eta ziurtasunik eza etorkizunari dagokionez. Zentzurik gabeko hainbesteko sufrimendua ageri da pertsonen eta herrien bizitzan, hainbat eta hainbat gatazka pozoitsu, hartarainoko abusuak Planetaren aurka, non ez baita gauza erraza gizakiagan uste izanik bizitzea.
Halaz guztiz, zientziaren eta teknologiaren garapena gaitz eta sufrimendu asko ari da askatzen. Etorkizunean, dudarik gabe, are arrakasta distiratsuagoak lortuko dira. Oraino ez gara gai sumatzeko gizakiak duen gaitasuna, ongizate fisiko, psikiko eta soziala garatzeko.
Baina ez litzateke jatorra izango beste hau ahaztea: garapen miresgarri honek gaitz batzuetatik bakarrik eta era mugatuan gaitu «salbatzen». Hain juxtu, gero eta giza aurrerapen handiagoaz gozatzen ari garen honetan ari gara argiago sumatzen ezen gizakiak ezin diola eman bere buruari antsiatzen eta bilatzen duen guztia.
Nork liberatuko gaitu zahartzetik, ezinbestean hil behar izatetik edota gaitzaren ahalmen ulertezinetik? Ez gaitu harritu behar ikusteak, jende asko hasia dela behar bat sentitzen: teknika ez den, zientzia ez den, doktrina ideologikoa ez den beste zerbaiten behar bat, alegia. Gizakiak ez dio amore  eman nahi izaera galkor eta hilkor honetan betiko hesiturik bizitzeari.
Alabaina, kristau gutxi baino gehiago ari da bizitzen lurrari soilik begira. Itxuraz, ez gara ausartzen geure begiak altxatzen eguneroko ondo-ondokoa dugun hura baino harago. Jaunaren Igokundearen kristau-jai honetan, zientifiko eta mistiko handia izan zen Teilhard de Chardin-en hitz hauek aipatu nahi nituzke: «Kristauok, Igokundeak hogei mende soil dituen honetan, zer egin duzue kristau-fedeaz?»
Galderen eta ziurtasunik ezaren artean, Jesusen ikasleok ibili gabiltza biziaren bila, konfiantza batek eta konbentzimendu bat eraginik. Biziak ixtera eta itzaltzera doala ematen duenean ere, Jainkoak hor dirau. Ontasun- eta Maitasun-misterio da errealitatearen azken misterioa. Biziari irekia den Atea da Jainkoa, inork ezin itxia.

José Antonio Pagola


HOMILIA

2011ko ekainaren 5a

JESUSEN ESKOLA

Gure kristau-elkarteetan gaur egun bizi den egoera ez da batere erosoa. Jesusen ikasleen bihotzean hainbat galdera sortzen da: non indarberritu geure fedea krisialdi erlijioso honetan? zer da garrantzizkoa momentu honetan? zer egin beharko genuke Jesusen elkartean? norantz bideratu beharko genituzke geure ahaleginak?
Aparteko inportantzia duen pasadizo batekin bukatu du Mateok bere ebanjelioa. Jesusek azkenekoz elkartu ditu ikasleak bere misioa gomendatzeko. Jesusengandik entzungo dituzten azken hitzak dira: ikasleen egitekoa norabidetu eta mendetan barna haien fedea sostengatu behar dituztenak.
Emakumeen adierazpenei jarraituz, ikasleak Galilean elkartu dira. Han hasi zuten Jesusekiko beren adiskidetasuna. Han hartu zuten konpromisoa hari jarraitzeko, Jainkoaren erreinuaren Jesusen egitasmoan parte hartuz. Zer aurkituko duten ez dakitela etorri dira orain. Jesus ikusiko ote dute, hura hila izan ondoren?
Berpiztuarekin topo egitea ez da gauza erraza. Datorrela ikustean, ikasleak «ahuspeztu» egin dira haren aurrean; zerbait berria nabari diote Jesusi; sinetsi nahi dute, baina «batzuk dudatan dira». Konfiantzaren eta tristuraren artean kulunkatzen dira ikasleak. Gurtzen dute, baina ez dira dudatik eta segurtasun ezetik libre. Gaurko kristauek ondo ulertzen diegu. Gauza bera gertatzen zaigu guri ere.
Jesusek ezer ez aurpegiratzea da harrigarriena.  Berari jarraitzeko esan zienetik ezagutzen ditu. Haien fedea txikia da artean; halere, haien dudak, zalantzak eta guzti, konfiantza du Jesusek haiengan. Fede txiki eta hauskor horrekin hots egingo dute Jesusen mezua mundu osoan. Horrela jakingo dute onartzen eta ulertzen, mendeetan barna duda-mudazko fedea biziko duen jendea. Jesus izango da guztien sostengu.
Argi dago gomendatu dien oinarrizko eginkizun hau: «egin ikasleak» herri guztietan. Ez ditu bidaltzen, propioki, irakaspen bat ematera, baizik saiatzera munduan izan dadin Jesusen ikasle bezala biziko den gizon-emakumerik. Jesus bezala bizitzen ikasiko duen jarraitzailerik. Izango denik Jesus maisutzat hartuko duenik, eta libre, zintzo, solidario izaten eta mundua gizatarrago egiten ikasteari sekula utziko ez dionik.
«Jesusen eskolatzat» du Mateok kristau-elkartea. Gutxiago edo gehiago izango gara. Gure artean sinestedun konbentzitu eta sinestedun zalantzakor izango da. Gero eta zailago izango da guztiari kasu egitea, nahi genukeen bezala. Hau izango da garrantzizkoa: izan dadila gure artean Jesusen moldera bizi ahal izateko modurik. Hura da gure Maisu bakarra. Gainerakoak anai-arreba gara guztiok, haren ikasle izaten elkarri laguntzen eta eragiten diotenak.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.