lunes, 23 de junio de 2014

2014/06/29 - San Pedro eta San Pablo, apostoluak (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko ekainaren 29

San Pedro eta San Pablo, apostoluak (A)


EBANJELIOA

Pedro zara zu, Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

Mateo 16,13-19

Garai hartan, Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:
–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?
Haiek erantzun:
–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Simon Pedrok erantzun:
–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko.
Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko ekainaren 29a

JESUSEK BAKARRIK ERAIKITZEN DU ELIZA

Pasadizoa Filiporen Zesareako lurralde paganoan gertatu da. Jesusek jakin nahi du berari buruz jendeak zer esaten duen. Herrian diren iritzi desberdinen berri jakin ondoren, bere ikasleei galdetu die zuzenean: «Eta zuek, nor naizela diozue?»
Jesusek ez die galdetu zer iritzi duten mendiko hitzaldiaz edota Galileako herrietan ari duen jarduera sendatzaileaz. Jesusen ikasle izateko, Jesusi berari atxikitzea da gauza erabakitzailea. Horregatik, beragan zer atzeman edo ikusi duten jakin nahi du.
Simon Pedrok hartu du hitza eta guztien izenean erantzun dio, era solemnean: «Mesias zara zu, Jainko biziaren Semea». Jesus ez da profeten artean beste bat gehiago. Jainkoak bere herri hautatura igorri duen azken Bidalia da. Are gehiago, Jainko biziaren Semea. Orduan, Jesusek, Aitagandik bakarrik etor dakiokeen aitorpen hartaz zorionak eman ondoren, esaten dio: «Eta, orain, nik diotsut: Pedro zara zu eta harri honen gainean eraikiko dut neure Eliza».
Oso zehatzak dira hitzak. Eliza ez da Pedrorena, baizik Jesusena. Eliza eraiki, ez du Pedrok eraikitzen, baizik Jesusek. Pedro, soil-soilik, «harria» da, zeinen gainean kokatzen baita Jesus eraikitzen ari den «etxea». Irudiak hau iradokitzen du: Pedroren zeregina Elizari egonkortasuna eta sendotasuna ematea dela: arduratzea, alegia, Jesusi eraikitzeko aukera emateko, jarraitzaileek desbideratzerik edota murrizketarik ezar ez dezaten.
Frantzisko aita santuak ondo daki, bere egitekoa ez duela «Kristoren lekua hartzea», baizik arduratzea, gaur egungo kristauek Kristorekin topo egin dezaten. Horixe du bere kezka handia. Pedroren ondorengoaren zerbitzua hartzean berean esan zuen: «Elizak Jesusengana eraman behar du jendea. Jesus da Elizaren erdigunea. Noizbait gertatu balitz Elizak ez duela Jesusengana eramaten, Eliza hila izango litzateke».
Horregatik, etapa ebanjelizatzaile berri baten egitaraua publiko egitean, bi xede proposatu ditu. Lehenik eta behin, Jesusekin topo egitea; izan ere, hark eraberritu ditzake, bere berritasunarekin, gure bizitza eta gure elkarteak … Jesu Kristok eten ditzake, orobat, bera hesitzeko erabili nahi izango genituzkeen eskema aspergarriak».
Bigarren, erabakitzailetzat jotzen du Frantziskok «iturburura jo eta Ebanjelioaren jatorrizko freskotasuna berreskuratzea»; izan ere, saiatzen garen bakoitzean, bide berriak sortzen dira, metodo berriak, seinale esanguratsuagoak, esanahi berriz hornitutako hitzak, gaur egungo munduarentzat». Tamalgarria izango litzateke, Eliza eraberritzeko Aita Santuak egin digu gonbita gure kristau-elkarteetara ez iristea.


José Antonio Pagola

HOMILIA

PEDROREN ZERBITZUA

Jesus hizketan ari da ikasleekin Filipoko Zesarean, Jordan ibaiaren sorburutik hurbil. Pasadizo hau inportantea da Mateoren ebanjelioan. Segur aski, ikasleek bi gauza hauek nahas ez ditzaten nahi du: Jesusengandik jaiotzen ari diren «elizak» eta berari buruz iritzi-mota guztiak bizi dituzten judu-elkarteak nahas ez ditzaten.
Lehenik eta behin, Elizaren erdigunean zein dagoen argitu behar da. Zuzenean galdetu die Jesusen ikasleei: «Zuek, zein naizela diozue?» Pedrok erantzun dio guztien izenean: «Mesias zara zu, Jainko biziaren Semea». Sumatu du, alegia, Jesus ez dela itxaro duten Mesias bakarrik. «Jainko biziaren Semea» da. Bizia den Jainkoa da, bizi den ororen iturria eta jatorria. Jesusen misterioa atzeman du Pedrok haren hitz eta keinuetan, jendeari osasuna, barkazioa eta bizi berria ematen dioten haietan.
Zorionak eman dizkio Jesusek: «Zorionekoa zu… hori zeruko nire Aitak bakarrik azaldu ahal izan baitizu». Ez da Jesusenganako fede hori iratzar dezakeen «haragizko eta hezurrezko» gizakirik. Gauza horiek Aitak xumeei agertzen dizkie, eta ez jakintsuei eta adituei. Jesusen jarraitzaile xume horietakoa da Pedro, Aitarekiko bihotza irekirik bizi diren horietakoa. Hori da Pedroren handitasuna, baita benetako fededun ororena ere.
Ondoren, promes nabarmen hau egin du Jesusek: «Pedro zara zu eta harri honen gainean eraikiko dut nik neure Eliza». Eliza ez du eraiki edozein batek. Jesusen berak eraiki du. Jesusek berak dei egin die bere ikasleei, Jesusek berak bildu ditu bere inguruan. Berea du Jesusek Eliza. Harengandik jaio da.
Baina Jesus ez da zoroa, ez du eraiki hondar gainean. Pedro izango da Eliza honen «arroka». Ez, noski, Pedroren izaeraren sendotasuna eta irmotasuna direla medio, zeren, zintzoa eta grinatsua den arren, iraupenik gabea eta kontraesanekoa baita. Bere indarra Jesusenganako bere fede xumetik datorkio. Fededunen eredu da Pedro, eta Jesusekiko egiazko fedearen eragile da.
Hau da Pedrok eta haren ondokoek Jesusen Elizari egiten dioten zerbitzu handia. Pedro ez da «Jainko biziaren Semea», baizik «Jonasen semea». Eliza ez da Pedrorena, baizik Jesusena. Jesus dago erdigunean. Jesus bakarrik ari da Eliza eraikitzen bere Espirituaren bidez. Baina Pedro gonbit hau egiten ari zaigu: bizi gaitezela Aitaren errebelazioari irekirik, bizi gaitezela Jesus ahaztu gabe eta har dezagula haren Eliza zinezko fedez.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.