lunes, 24 de noviembre de 2014

2014/11/30 - Abendualdiko 1. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 1. Igandea (B)


EBANJELIOA

Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 13,33-37

Egun haietan, Jesusek bere ikasleei esan zioten: «Kontuz, bada! Egon erne! Ez baitakizue ordua noiz den.
Gizon bat urrutira doanean bezala da: morroien gain uzten du bere etxea, bakoitzari bere lana emanez, eta zain egoteko agintzen dio atezainari.
«Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den: arratsean, gauerdian, oilarrak jotzean ala goizean. Ez zaitzatela ustekabean etorri eta lotan aurki. Zuei esaten dizuedan hau, denentzat esaten dut: Egon zain!»

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko azaroaren 30a

ELIZA ESNARAZI


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko azaroaren 27an

JESUSEN ETXEA

Jesus Jerusalemen dago, Oliamendin eseria, Tenplura begira eta lau adiskiderekin, bakarrik, solasean: Pedro, Santiago, Joan eta Andres. Kezkaturik nabari ditu, aldien azkena noiz izango den. Berari, berriz, besterik zaio axola: nola biziko diren bere jarraitzaileak bera beren artean ez dutenean izango.
Horregatik, beste behin agertu die bere kezka: «Kontu egizue, bizi esna». Ondoren, ikusle apokaliptikoen hizkuntza ikaratzailea alde batera utzirik, parabola labur bat kontatu die, kristauentzat ia oharkabeko gertatu izan dena.
«Jaun bat bidaiari joan zen, etxea utzirik». Baina alde egin aurretik, «bere morroietako bakoitzari bere egitekoa gomendatu zion». Agur egitean, gauza bat azpimarratu zien: «Egon erne, ez baitakizue etxejabea noiz etorriko den». Etortzean, ez zaitzatela lo aurkitu.
Kontakizunak iradokitzen du ezen Jesusen jarraitzaileek familia bat osatzen dutela. «Jesusen etxe» izango Eliza, eta «Israelen etxea» ordezkatuko du. Elizan denak dira zerbitzari. Ez da jaunik. Denak biziko dira etxeko Jaun bakarraren zain: Jesus Kristoren zain. Ez dira ahaztuko sekula hartaz.
Jesusen etxean ezin da inor alfer egon. Inork ez du sentitu behar bere burua zokoratua, inolako erantzukizunik gabe. Guztiak dira premiazko. Guztiek dute egitekoren bat, Jesusek emana. Guztiak dira deituak zeregin handira Jesus bezala bizitzeko, zeina Jainkoaren erreinuari emanik ikusi baitute.
Urteak igaroko dira. Bizirik eutsiko ote diote Jesusen espirituari haren jarraitzaileek? Premiarik handiena dutenentzat eta ezgaituenak direnentzat hark bizi izan duen zerbitzu-espirituari gogoan eutsiko ote diote? Hark urratu duen bideari jarraituko ote diote? Haren kezka nagusia Eliza lokartuko ote den izan da. Horregatik, hiruraino errepikatu die: «bizi zaitezte esna». Ez da momentuan entzuten ari diren lau ikasleei egindako gomendioa, baizik eta aldi guztietako fededunei emandako agindua: «Zuei esaten dizuedana, jende guztiari diot esaten: egon esna».
Eliza bertan behera utzi ez duten kristauen ezaugarririk orokorrena pasibotasuna da segur aski. Mendetan hezi ditugu fededunak menpeko eta esaneko izatera. Jesusen etxean gutxi batzuek soilik sentitzen dute gaur egun eliz erantzukizunen bat dutela.
Iritsia da erreakzionatzeko unea. Ezin jarraitu dugu «agintzen dutenen» eta «obeditzen dutenen» arteko aldea oraino handiago egiten. Hoztasuna, elkar zokoratzea edo pasibotasuna sustatzea bekatua da. Guztiok esna ikusi nahi gintuen Jesusek, guziok eginkor, argi eta erantzukizunez auzolanean.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko azaroaren 30a


Lehen kristau-belaunaldiek ezin kendu zuten burutik Jesus laster batean etorriko zela. Piztua zen hura ezin atzeratu zitekeen. Hartarainokoa zuten harekiko irrika, ahalik arinen egin nahi baitzuten harekin topo. Denbora bazihoala eta Jauna ez zetorrela ikustean sortu ziren arazoak.
Laster konturatu ziren, ezen atzeratze hark herio-arriskua zuela berekin. Hasiera hartako sua itzaliko zen arriskua. Denbora joan ahala, elkarte txiki haiek pixkana axolagabe bihur zitezkeen, eta guztiaz ahaztu. Gauza bat zuten buruan: «Kristok, iristean, ez gaitzala lo aurkitu».
Zain egotea zuten hitz giltzarri. Etengabe errepikatzen dute ebanjelioek: «zain egon», «erne egon», «adi egon», «esna egon». Markosen arabera, Jesusen agindua ez doakie entzuten dioten ikasleei bakarrik. «Zuei diotsuedana guztiei diotset: egon erne» (Zuei esana guztiei esana da: egon erne). Ez da dei huts bat gehiago. Aldi guztietako Jesusen jarraitzaile guztiei doakien agindua da.
Joanak dira kristautasunaren hogei mende. Zertan da Jesusen agindu hori? Nola bizi gara gaur egungo kristauok? Esna jarraitzen ote? Bizirik jarraitzen ote gure fedeak ala itzaliz joan da, axola-gabeziara eta geldotasunera joz?
Ez ote da ageri bihotz berri baten beharrean dela Eliza? Ez ote dugu sumatzen geure geldotasunari eta auto-engainuari astindu bat eman beharrean garela? Ez ote dugu hasi behar Elizan den gauzarik onen hori iratzartzen? Ez ote genuke biziberritu behar fededun xume guztien sinesmen umil eta garbi hori?
Ez ote genuke berreskuratu behar erakartzen, dei egiten, interpelatzen eta esnarazten duen Jesusen aurpegi bizi hura? Nolatan segi genezake Kristoz hainbeste hitz egiten, idazten eta eztabaidatzen, hark liluratu eta pixka bat eralda gaitzan utzi gabe? Ez al gara konturatzen Jesu Kristok liluratzen ez duen eta bihotza ukitzen ez dion eta “lo dagoen” Eliza batek ez duela etorkizunik, itzaliz eta zaharkituz joanen dela bizi-arnasaren faltaz?
Ez al dugu sentitzen esnatu eta Jesusekiko geure harremanak biziarazi beharra? Beste zeinek iratzar lezake gure kristautasuna mugimendu-falta horretatik, zurruntasunetik, iraganaren zamatik, sormen-faltatik? Zeinek kutsa diezaguke bere alaitasuna? Zeinek eman diezaguke bere indar kreatzailea, bere bizitasuna?.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.