lunes, 22 de junio de 2015

2015/06/28 - Urteko 13. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 13. Igandea (B)


EBANJELIOA

Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 5, 21-43

Denbora haietan, Jesus aintziraren beste bazterrera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion ondora. Oraindik aintzira ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, otoi eta arren eskatzen zion: «Alaba hilzorian dut; zatoz hari eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi».
Harekin abiatu zen Jesus.
Jende asko zihoakion ondoren, estuka eta bultzaka. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion. Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Une berean odoljarioa gelditu egin zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. Berehala antzeman zion Jesusek bere baitatik halako indar bat atera zitzaiola eta, jendartean itzulirik, galdetu zuen:
– Nork ukitu dit jantzia?
Bere ikasleek erantzun zioten:
– Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?
Baina Jesus ingurura begira zegoen, nork egin ote zion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar – ondo baitzekien zer gertatu zitzaion –, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Jesus honela mintzatu zitzaion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».
Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esatera: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari? » Baina Jesusek, hitz hauei kasurik egin gabe, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi».
Ez zion inori ere berarekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan zien: «Zer dela eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago».
Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek guztiak kanpora bidali zituen eta, neskaren aita-amak eta berarekin etorriak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. Eskutik heldu eta esan zion: «Talitha kum » (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez»).
Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko ekainaren 28a

EZKUTUKO ZAURIAK

Ez dakigu haren izena. Emakume ezdeus bat da, Jesusen ondoren doan jendetza artean galdua. Ez da ausartu Jesusi hitz egitera; Jairok, sinagoga-buruak bestela egin du, eta Jesus bere etxera joatea lortu du. Emakumeak ez du izango sekula zori hori.
Inork ez daki zer den emakume bat, ezkutuko gaixotasunak joa. Lege-maisuek irakatsi diote, ezen har dezala bere burua emakume «kutsatutzat», odol-jarioa duen bitartean. Urte asko egin du sendagile baten bila, baina ezin sendatu izan du inork. Non aurki lezake duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa duen osasuna?
Jende askok bizi du gure artean antzeko esperientziarik. Inork ezagutzen ez duen ezkutuko zaurik apaldurik, bere «gaixotasuna» agertzeko kemenik gabe, laguntza, bake eta kontsolamendu bila dabil, non aurkitu ez dakiela. Errudun sentitzen du bere burua, askotan biktima huts delarik.
Jende ona: aldarean Kristo hartzera hurbiltzeko ezgai sentitzen dena; kristau jainkozaleak: modu gaixotian sufrituz bizi izan direnak, sexuari dagokion guztia lohia, umiliagarria, bekatuzkoa dela irakatsi izan zaielako; fededunak: bizitzaren azkenean, ustez sakrilego izan diren aitortzeen eta jaunartzeen kate luzea nola hautsi ezin asmatu dutenak... Ez ote dute iritsiko inoiz bake hori?
Kontakizunaren arabera, gaixo den emakumeak «Jesusez hitz egiten entzun dio» jendeari, eta uste du, ezen bere gorputzetik eta bizitza osotik «kutsadura» atera dezakeen norbaiten aurrean dela. Jesus ez da mintzo ez duintasunaz, ez duintasun-ezaz. Maitasunaz mintzo da haren mezua. Indar sendatzailea dario hari.
Bere bidea bilatu du emakumeak Jesusekin topo egiteko. Ez du kemenik Jesusi begietara begira jartzeko: atzetik hurbildu zaio. Lotsa da bere gaixotasunaz hari hitz egiteko; ezkutuka joan da harengana. Ezin ukitu du fisikoki: gainjantzia ukituko dio soilik. Ez du axola. Ez du batere axola. Bere burua garbi sentitzeko, aski du Jesusekiko konfiantza handi hori.
Jesusek berak esan dio hori. Emakume honek ez du zertan lotsatu inoren aurrean. Egin duena ez da gauza txarra. Fede-ekintza da. Bere bideak ditu Jesusek ezkutuko zauriak sendatzeko, eta bere bila dabiltzanei hau esateko: «Ene alaba, zeure fedeak sendatu zaitu. Zoaz bakean eta osasunez».


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko uztailaren 1a

EMAKUMEAREN FEDEA

Harrigarria da pasadizoa. Markos ebanjelariak emakume ezezagun bat dakarkigu fede-eredutzat, kristau-elkarteentzat. Harengandik ikasi ahal dute nola ibili Jesusen bila fedez, nola iritsi harekin harreman sendagarria izatera eta nola topatu Jesusengan biziera berri bati ekiteko indarra, bakezko eta osasungarri bati.
Jairo, «sinagogako buruzagi» eta Kafarnaumeko gizon ezaguna omen den hori, ez bezala, emakume hau ez da inor. Ezkutuko gaixotasuna, tipikoki femeninoa, duela dakigu soilik, emakume, emazte eta ama bezala osasuntsu bizitzea eragozten dion gaixotasuna.
Sufrimendu fisiko eta moral handia du. Dena xahutu du medikutan, inork sendatu gabe. Halere, ez du amore eman emakume gaixo bezala bizitzera. Bakarrik dago. Inork ez dio lagundu Jesusengana hurbiltzen, baina aurkitu du harengana hurbiltzeko modua.
Ez dago planto eginik, Jesusek hurbildu eta eskuak noiz ezarriko. Berak jo du haren bila. Eragozpen guztiak gainditu ditu. Ahal duen eta dakien guztia egin du. Jesusek ulertu du bizitza sanoago baten bila dabilela. Konfiantza osoa jarri du Jesusen indar sendatzailean.
Ez da konformatu Jesus urrunetik ikustearekin. Harreman zuzenagokoa eta pertsonalagoa nahi du. Erabakitasunez jokatu du, baina ez eroa bezala. Ez du inor gogaitu nahi. Atzetik hurbildu, jende artean, eta soingainekoa ukitu du. Keinu samur horrekin zehaztu eta adierazi du Jesusengan duen konfiantza osoa.
Ezkutuan gertatu da dena, baina emakume horren fedearen berri guztiek izan dezaten nahi du Jesusek. Emakumeak, beldurti eta dar-dar, egin duena aitortzean, Jesusek diotso: «Ene alaba, zeure fedeak sendatu zaitu. Zoaz bakean eta osasuntsu». Emakume hau, Jesusengan Jainkoak eskaini digun salbazio bila ibiltzeko eta onartzeko azaldu duen ahalbidearekin, fede-eredu bihurtu da gu guztiontzat.
Zeinek laguntzen die gaur egungo emakumeei Jesusekin topo egiten? Zein ahalegintzen da, gaur egungo Elizan aurkitzen dituzten oztopoak ulertzen, Kristorekiko beren fedea «bakean eta osasuntsu» bizi ahal dezaten? Zeinek hartzen ditu aintzat emakume teologoen fedea eta ahaleginak?, kasik inolako sostengurik gabe eta era guztietako trabak eta ukoak gaindituz, emakumeari bideak irekitzen atsedenik gabe saiatzen direnean, Jesusen Elizan duintasun handiagoz bizi ahal izateko?
Emakumeek ez dute izaten gure artean Jesusek eskaintzen zien onarpenik, balio-aitorpenik eta ulermenik. Ez dakigu Jesusek begiratzen zien bezala begiratzen. Halaz guztiz, emakumeak dira, sarritan, gaur ere gure kristau-elkarteen sostengu Jesusekiko beren fedeaz eta beren ebanjeliozko arnasaz.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009eko ekainaren 28a

EZKUTUKO ZAURIAK


(2015eko ekainaren 28a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.