lunes, 25 de enero de 2016

2016/01/31 - Urteko 4. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 4. Igandea (C)


EBANJELIOA

Jesus, Elias eta Eliseo bezala; ez zuen judutarrei bakarrik bidali.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 4,21-30

Denbora haietan Jesus sinagogan honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».
Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, bada, hau Joseren semea?» Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura oroitaraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua”, eta esango: “Egitzazu hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”». Eta erantsi zuen: «Benetan diotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri zaionik . Egiaz esaten dizuet: Emakume alargun asko zegoen Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta erdian euririk egin ez zuelarik, lurralde osoan gosete handia izan zenean; hala ere, Jainkoak ez zuen haietako inorengana bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun batengana baizik. Eta legendun asko zegoen Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zuen haietako inor sendatu, Naaman siriarra baizik».
Hau entzutean, sinagogako denak amorruz bete ziren. Eta, jaikirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa zegoen mendiko amildegi batera eraman zuten, handik behera jaurtitzeko. Baina Jesus haien artetik igaro eta bere bidetik joan zen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko urtarrilaren 31a

EZ OTE DUGU PROFETA BEHARRIK?

«Profeta handi bat sortu da gure artean». Hori aldarrikatzen zuten Galileako herrixketan, Jesusen hitzek eta keinuek harriturik. Halere, besterik da gertatu Nazareten auzotarren artean gantzutu bezala, pobreen Profeta bezala agertu denean.
Jesusek haiek harritu izanari erreparatu dio lehenengo, eta uko egin izanari gero. Ez da gehiegi harritu. Esaera sonatua gogorarazi die: «Hona nik esan: ez da profetarik bereen artean ondo hartua izan denik». Gero, herritik kanpora aterarazi eta hil nahi izan dutenean, bertan behera utzi ditu Jesusek. Kontalariak dio: «haien artetik irten eta urrundu zen». Jesus Profetarik gabe gelditu zen Nazaret.
Profeta da Jesus eta halakotzat dihardu. Ez da tenpluko apaiza, ezta lege-maisua ere. Israelgo profeten tradizioa du bere bizi-eremua. Erregeak eta apaizak ez bezala, profeta ez du inork izendatzen, ez gantzutzen. Jainkoagandik du bere agintea, haren Espirituaz arnastu eta gidatu nahi du bere herri maitea, buruzagi politikoak eta erlijiosoak hartarako gai ez direnean. Ez da halabeharrezkoa kristauek profeta baten baitan haragitua den Jainkoa aitortu izana.
Nahastezinak dira profetaren ezaugarriak. Gizarte zuzengabe baten baitan, zeinetan boteretsuek negar dagitenen sufrimena isilaraziz beren ongizatea bilatzen baitute, ausart ageri da profeta: Jainkoak gizarteko azkenei dien errukitik ekin dio errealitatea irakurtzeari eta bizitzeari. Profetaren bizitza osoa bilakatu da «presentzia alternatibo», zuzengabekeria kritikatuz eta konbertsiorako eta kanbiorako deia eginez.
Bestetik, erlijioa bera egoera zuzengabe bati egokitu eta Jainkoarenak ez diren interesak bere egin dituenean, profeta astindua emanez ageri da, axolagabekeria eta autoengainua dilindan jarriz, erlijio orok duen betikotasunaren eta absolututasunaren ilusioa kritikatuz, guztiei salbatzailea Jainkoa bakarrik dela gogoraraziz. Profetaren presentziak esperantza berria harrotzen du; izan ere, geroa Jainkoaren askatasunetik eta maitasunetik pentsatzera eragiten du.
Jesusen eta haren jarraitzaileen profeta-alderdiari ezikusiarena egiten dion Elizak profetarik gabe gelditzeko arriskua izanen du. 

  • Gaur egun, oso kezkaturik gabiltza apaiz gutxi izateaz, eta apaiz-zerbitzurako bokazio eske ari gara. Zergatik ez eskatu Jainkoari profetak bidal ditzan? Ez ote dugu profeta-beharrik? Ez ote dugu sentitzen geure kristau-elkarteetan profeta-espiritua sustatu beharrik?
  • Profetarik gabe, Elizak ez ote du bizi Jainkoak egiten dituen konbertsiorako eta kanbiorako deien aurrean sorgor izateko arriskua? 
  • Profeta-espiriturik gabeko kristautasunak, ez ote bizi ordenuak, tradizioak edo Jainkoagandiko berritasunarekiko beldurrak kontrolatuak izateko arriskua?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko otsailaren 3a

PROFETA ESPIRITURIK GABE

Badakigu Jesusen kontrako aurkaritza, historikoki, pixkana joan zela gauzatzen: eskribauen errezeloa, lege-maisuen haserrea eta tenpluko buruzagien ukoa handituz joan ziren, Jesus gurutzera eramateraino.
Badu horren berri Lukasek ere. Baina, nahita, bere kontakizuna behartuz bada ere, esaten du jendaurrean izan duen lehen jardueran berean jarri zaiola jendea Jesusi aurrez aurre. Hasieratik izan behar dute kontuan irakurleek ukoa izan dela Jesusek bereen aldetik, Profeta bezala agertu denean, jasan duen erreakzioa.
Nazareten gertatua ez da gertaera bakana. Ez da iraganean gertatu zen zerbait. Jesusi hasieran berean, pobreen Profeta bezala, zapalduen askatzaile eta bekatuen barkatzaile bezala agertu denean, egin dioten ukoa errepikatuz joan daiteke mendetan barna.
Jesusen jarraitzaileoi zail gertatzen zaigu haren alderdi profetikoa onartzea. Kasik erabat ahazten dugu bere garrantzia duen gauza bat. Jainkoa ez da haragitu apaiz batengan, Tenpluko erlijioa zaintzeko sagaratua den horrengan. Ez da lege-maisu batengan ere, legeak ezarritako ordenua gordetzeari emana den horrengan. Baizik eta profeta batengan haragitu eta agertu da, pobreei Berri Ona eta zapalduei askapena hots egitera Espirituak bidali duen horrengan.
Ahaztu egiten gara kristau-erlijioa ez dela beste erlijio bat gehiago, Jainkoarekiko beren harremanak bizitzeko Jesusen jarraitzaileei sinesgai, erritu eta agindu egokiak emango lizkiekeen bat. Ez, baizik eta erlijio profetikoa da, Jesus profetak eragindakoa, mundu gizatarrago bat, bere behin betiko salbazioa Jainkoagan gauzatzeko norabidetu den bat, sustatzeko.
Kristauek arriskua dugu alderdi profetikoa, Jesusen jarraitzaileok arnastu beharko gintuzkeen hori, behin eta berriz alde batera uzteko. Kristau-historian barna gertatu diren agerpen profetikoak eta guzti, egia izaten jarraitzen du Urs von Balthasar teologo sonatuak esandako honek: Bigarren mendearen azken aldera «oraino erabat desagertu ez den intzigarra jaitsi zen Elizaren espiritu (profetikoaren) gainera».
Gaur, sekularizazio modernoaren aurrean, «erlijiosotasuna» berriro berrezartzeaz arduraturik, kristauek arriskua dugu etorkizunera bidea espiritu profetikorik gabe egin nahi izateko. Horrela gertatzen bada, Nazareteko jendearena gerta dakiguke: Jesus gure artean ibiliz joan eta «urrunduko da» bere bideari jarraitzeko. Ezerk ez dio galaraziko bere eginkizun askatzaileari jarraitzea. Beste batzuek, kanpotik etorriek, antzemango diote haren indar profetikoari eta onartuko haren egintza salbatzailea.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko urtarrilaren 31a

EZ OTE DUGU PROFETA BEHARRIK?

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.