lunes, 22 de febrero de 2016

2016/02/28 - Garizumako 3. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 3. Igandea (C)


EBANJELIOA

Bihozberritzen ez bazarete, berdin hilko zarete denok.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 13,1-9

Une hartan, batzuek Jesusengana joan eta zenbait galilearri gertatua kontatu zioten: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren abereen odolarekin beraien odola nahastuz. Jesusek erantzun zien: «Galilear horiek gainerakoak baino bekatariago zirela uste al duzue, heriotza hori izan zutelako? Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, berdin hilko zarete denok.
«Eta Siloeko dorreak azpian harrapaturik hil ziren hemezortzi haiek, gainerako jerusalemdarrak baino bekatariago zirela uste al duzue? Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, denok hilko zarete».
Gero, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek pikondo bat zuen bere mahastian aldatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu. Orduan, mahastizainari esan zion: “Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten?” Baina mahastizainak erantzun zion: “Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko otsailaren 28a

ZERTAN GARA GU?

Ezezagun batzuek jakitera eman diote Jesusi ezen sekulako sarraskia egin dietela galilear batzuei tenpluaren barne sakratuan. Eragilea, beste behin, Pilato izan da. Hau iruditu zaie izugarriena: jende haren odola Jainkoari eskaintzen ari ziren animalien odolarekin nahastu izana.
Ez dakigu zergatik jo duten Jesusengana. Biktimekin bat egin dezan nahi ote dute? Halako heriotza iraingarria merezi izateko, zein bekatu beldurgarri egin duten argitu diezaien nahi ote dute? Eta bekatu egin ez badute, zergatik bide eman dio Jainkoak heriotza sakrilego honi bere tenpluan berean?
Jerusalemen izana den beste gertaera dramatiko bat gogora ekarriz erantzun die Jesusek: Siloeko urtegi ondoko harresiko dorrea erortzean zapaldurik hil diren hemezortzi pertsonen heriotza. Eta gertaera bi hauez baieztapen bera egin du Jesusek: biktima horiek ez ziren − esan die − gainerako jendea baino bekatariago. Eta ohar bera dagi bukatzeko: «bihozberritzen ez bazarete, guztiak galduko zarete».
Zer pentsatua ematen du Jesusen erantzun honek. Beste ezer baino lehen, uko egin dio zoritxarra Jainkoak eragindako zigorra delako sineskeria tradizionalari. Jainkoa ez da Jesusentzat jujari zorrotz bat, bere seme-alabak nola zigortuko dabilena, han eta hemen, bekatuen erantzuntzat, gaixotasunak, istripuak edo zoritxarrak bidaliz dabilena.
Ondoren, aldatu egin du haien ikuspegia. Ez da gelditu zoritxarren azken jatorriaren zoko-moko teorikoetan, biktimen erruaz edo Jainkoaren gogoaz hitz eginez. Aurrean dituen haiengana itzuli da, beren buruari begira jarrarazteko: gertaera hauetan Jainkoaren deia entzun behar dute, bihozberri daitezen eta bizieraz alda.
Gu geu, Haitiko lurrikara tragikoaz larriturik gara oraino. Nola irakurri tragedia hau Jesusen jarreratik? Dudarik gabe, lehen gauza ez da Jainkoa non den galdezka hastea, baizik non garan gu galdetzea. Konbertsiora bidera gaitzakeen galdera ez da hau: «zergatik bide eman dio Jainkoak zoritxar beldurgarri honi?», baizik «zergatik uzten dugu guk geuk hainbat jende miserian bizitzea, hain babesgabe bizitzea naturaren indarraren aurrean?»
Jainko gurutziltzatua ez dugu aurkituko urruneko jainko bati kontuak eskatuz, baizik biktimekin bat eginez. Ez dugu aurkituko haren axola-ezaz protesta eginez edo haren existentzia ukatuz, baizik mila eratan lan eginez Haitikoen eta mundu osokoen mina arintzeko. Orduan, agian, sumatuko dugu argi eta ilun artean Jainkoa biktimekin dela, haien betiko duintasuna defendatuz, eta gaitzaren kontra ari direnekin dela, haiei borrokan adore emanez.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko martxoaren 3a

BERANDUEGI IZAN AURRETIK

Aski denbora joana zen Jesus Nazaret bere herrian agertu zenetik profeta bezala, pobreei Berri Ona hots egiteko Jainkoaren Espirituak bidalitakoa bezala. Aspertu gabe jarraitzen du bere mezua errepikatzen: Jainkoa hurbil da jada, bidea urratuz, mundua gizon-emakume guztientzat gizatasun handiagoko bihurtu nahiz.
Baina errealista da. Jesusek badaki Jainkoak ezin duela mundua aldatu guk nahi izan gabe. Horregatik ari da jendeagan bihotz-berritu nahia esnatzen: «Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri On hau». Mundua gizatasun handiagoko bihurtzeko, Jainkoak ari duen ahalegin hori posible izango da, haren egitasmoa onartuz erantzuten badugu.
Denbora aurrera doa, eta Jesus ikusten ari da jendeak ez diola erantzuten bere deiari berak nahi izango lukeen bezala. Asko datoz berari entzutera, baina ez diote irekitzen bihotza «Jainkoaren Erreinuari». Dei eta dei jarraituko du Jesusek. Premia gorrikoa da aldatzea, beranduegi izan aurretik.
Halako batean, parabola labur bat kontatu die. Lur-jabe batek pikondo bat du bere mahastiaren erdian. Urtea joan urtea etorri, fruitu bila joaten da jabea, baina ez du aurkitzen. Arrazoizkoena ematen du haren erabakiak: pikondoak ez dakar fruiturik eta alferrik ari da lurra betetzen; hura botatzea da arrazoizkoena.
Baina mahastiko arduradunak espero ez zen moduan erreakzionatu du. Zergatik ez utzi oraino? Ezagutzen du berak pikondoa, hazten ikusi du, zaindu ere zaindu du, ez du ikusi nahi orain hiltzen. Berak eskainiko dio denbora eta ardura gehixeago, ea fruiturik ematen duen.
Bat-batean eten da kontakizuna. Parabolak irekirik jarraitzen du. Mahasti-jabea eta arduraduna ezkutatu egin dira eszenatik. Pikondoak erabakiko du bere azkena. Bitartean, inoiz baino arreta handiagoa eskainiko dio mahastiko arduradunak, gogora Jesus bera dakarkigun horrek: «galdua zegoenaren bila etorri baita eta salbatzera».
Gaur egun Elizan behar duguna, ez da erreforma koxkor batzuk txertatzea, «aggiornamentua» eragitea edota gure aldi honetara egokitzea. Behar duguna, bihotz-berritzea da maila sakonago batean, «bihotz berria», ihardeste erantzulea eta deliberatua Jainkoaren Erreinuaren dinamikan sartzeko Jesusek egiten digun deiari.
Beranduegi izan aurretik behar dugu erreakzionatu. Jesus bizirik da gure artean. Mahastiko arduraduna bezala, gero eta hauskorrago eta zaurigarriago diren gure kristau-elkarteez axolatzen da. Bere Ebanjelioaz janaritzen gaitu, bere Espirituaz sostengatzen.
Esperantzaz begiratu behar diogu geroari, aldi berean, hartaraino behar ditugun eta Vatikano II.a kontzilioaren dekretuek Elizan ezin sendotu izan dituzten bihotz-berritzearen eta berrikuntzaren giro berria sortzen goazelarik.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko martxoaren 7a

ZERTAN GARA GU?

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.